Juan Carlos Longas ekonomia irakasleak ‘Globalizazioa eta Baskonia’ tailerra emanen du Iruñean, maiatzaren 23an

Juan Carlos Longas ekonomia irakasleak Globalizazioa eta Baskonia tailerra eskainiko du Iruñeko Civivox Pompelon, datorren maiatzaren 23an. Tailerra gazteleraz izanen da eta fenomeno honen alderdirik objektiboenen inguruan: finantza-fluxuak, ekonomia, energia-krisia, klima-aldaketa, eta abar. Izan ere, euskal herriko produkzio-sarea produkzio-sare globaletan txertatzearen panoramarekin aurkitzen gara. Honek eragina du alor teknologiko eta laboralean, eta lurralde baten ezaugarriekin lotura handia du: kapital soziala, azpiegitura teknologiko eta fisikoak, edo lan-merkatuaren ezaugarriak.

Autore batzuek Globalizazio prozesuen atzerapen jakin baterako joeraren berri ematen dute. Baina, itxuraz, tokiko produkzio-gaitasunera itzultzeko zantzu batzuk ematen diren arren, Globalizazioaren joera orokorrak sisteman dirau: fluxuak (motatakoak: finantzarioak, teknologikoak, pertsonenak, merkantzienak, energia-krisiak edo klimatikoa…), gerrak bezalako hondamendien eragina, eta abar. Trumpek bultzaturiko politikek sortzen duten ziurgabetasunak, hamarkadetan harreman ekonomiko internazionalak gobernatu izan dituzten akordio eta arauen sistema desegiten ari delarik, mundu globaleko agertoki berrien aurrean jartzen gaitu.

TAILER ZIKLOA Iaz Nabarraldek Oñatin jardunaldia antolatu zuen Globalizazioari eta gure herriaren gaineko eraginari buruz hausnartzeko. Gure inguruko mundua hain nahasi eta aldakorra, hain azkarra eta zurrunbilotsua den honetan, zein kokapen hartzen du gure nazioak? Zein presio edo kontraesan ezartzen dizkigu? Zein etorkizun zabaltzen zaigu? Parte hartu dezakegu?

Denborak eta distantziak lausotu eta desagertu egiten diren aro global honetan, lurralde baten potentziala markatzen duena bertan bizi den jendea bada, hark ematen dion energia eta identitatea, nola daukagu nazioa, kultura, gure hizkuntza, kolektibitate bereizi garenaren kontzientzia, gerren, krisien, sare sozialen, finantza-funtsen, biztanleria-fluxuen eta bestelako zalaparta globalaren zarataren erdian? Nola izan gaitezke nazio eta ez hil saioan?

Xabier Irujo, Isabel Elizalde, Joseba Sarrionaindia, Xabier Barandiaran, Santiago Alba Rico… bezalako adituek beren aholkularitza, ezagutza eta ideiak eskaini zizkiguten. 2026. urte honetan, gure gainera datorren mundu konplexu horren diagnostikoan sakontzea erabaki dugu, eta horretarako hainbat mintegi antolatu ditugu Globalizazioaren alderdi zehatzetan zentratuta.

Tokia eta ordua: Maiatzak 23, 10:00etatik 14:00etara. Civivox Pompelo (Salesianos enparantza, 7 Iruñea/Pamplona)

Izen-ematea: Tailer hauetan parte hartzeko, irekiak izan arren, Nabarraldetik izen-ematea gomendatzen dugu, antolakuntza publiko parte-hartzaileari arreta egokia eskaintzeko prest egon dadin.

IZEN-EMATEA, HEMEN

Beste tailerrak:

  • “Demografia, immigrazioa eta euskara”. Azpeitia, apirilak 16
  • “Sistema kulturala”, Karmelo Landa. Gasteiz, ekainak 6