Ezaugarri komun asko dituzte euskal hauteskundeek utzi duten panoramak eta Katalunian bigarren hirukoa osatu zenez geroztik dugun egoerak. Institut d’Estudi Catalans institutuak 2008an egindako soziologia ikerketa batean ondorioztatu zutenez, txundidura da Kataluniaren egungo gogoeta aldartearen bereizgarri. Txundidura, Estatu espainolean lidergoa galdu duelako eta herrialde horrekiko gero eta atxikimendu txikiagoa duelako, behin CIUk bultzaturiko egokitzapen ametsetik iratzarrita. Horri eransten badiogu hizkuntza gero eta gutxituagoa dagoela nabarmen, zerga ebaspenak azpiegituren gabezia ekarri duela, eta Espainiaren modernizazioari geure inboluzioa dela bitarteko lagundu diogula, onartu beharra dago hunkigarria bezain onbera dela txundidura hitza.
Baina Euskal Herrian ere, hauteskundeen ostean, bada txundidurarik. Egia da barrurako begirada ez dela Katalunian bezain hilzorikoa, kontzertu ekonomikoari esker; baina egia da, halaber, politikari eta hizkuntzari dagokienez etorkizun dramatikoa datorkiela gainera hurrengo lau urteetan. Espainiak iruzur egin du hainbat hauteskunde zerrenda ezabatuta; baina, horrez gain, ondorio larriak ekarriko ditu bi alderdi nazionalista espainol nagusien arteko itunak. Ondorio horiek, batetik, euskararen normalizazioari eragingo diote -frankismo garaian zeukan hutsaren hurrengo izaera eman nahi diote -, eta, bestetik, herrialdearen izanari. Eta kontu biok elkarrekin zerikusia dutenez gero, euskaldun izateak asko laguntzen baitu bizitzaren ikuspegi euskaldunzentrikoa izaten, alor biotan ere aldaketak gertatuko dira, behin nazionalak euskal gobernuan sartuta.
Ongi dago, oso, EAJk manifestu bat landu izana Aberri Eguna dela-eta, esateko bere helburua dela “autodeterminazio eskubidea aitortzea eta euskal herritarren erabakiak errespetaraziko dituzten prozedurak onartzea”; baina egiantzekotasun handiago izango luke, hauteskundeen aurretik egin izan balu ageriko. Orain, hauteskunde iruzurraren ostean oposiziora igorri dutelarik, uste sendoa bainoago erantzuteko modu bat dela pentsa dezake jende askok. Espainiak, badakigu, ez du onartzen eta ez du sekula onartuko euskal nazioaren izaera, nazio katalanaren izaera onartzen ez duen bezala. Badaki izan badirena, bai, baina ezin onartu ditu, horrek bere txikitasunaz eta porrot inperialaz jabetzera behartuko lukeelako. Horrexegatik da Patxi Lopezen diskurtsoa ere, sistematikoki, batasun guztiz santuaren ingurukoa: Batasuna. Herrialde batasuna. Lurralde batasuna. Herritarren batasuna. Lotsagatik ez dio, azkenik, Gora Espainia! Aupa Espainia!, baina Espainia da, nabarmen-nabarmen, bultzatzen duen batasun horren edukiontzia. Izan ere, Patxi Lopezen eta alderdi sozialistaren batasun egarri horrek jatorri txit ospetsua du iturburu. Francok beste horrenbeste esana zuen bere testamentu idatzian: “Gure Aberriari diodan maitasunarengatik, batasunean tinko iraun dezazuela eskatzen dizuet. […] Euts iezaiozue Espainiako lurren arteko batasunari, eta gorets ezazue eskualdeetako aniztasun oparoa, Aberriaren batasunaren sendotasun irmoaren euskarri”. Polita, gero! Hain polita, ezen alderdi sozialistak alderdi popularrarekin egin baitu ituna, zalantza izpirik gabe, Euskadiko boterea bereganatu ahal izateko. Eta hori guztia, jakina, batasun santuaren izenean. Indarrez lortutako batasuna; lehorreko, itsasoko eta aireko armadak jagondako batasuna; autodeterminazioaren kontrako batasuna; batasuna, tortura praktikatzeko; batasuna, hizkuntza komuna inposatzeko; batasuna, alderdiak legez kanpo uzteko; batasuna, independentzia kriminalizatzeko; batasuna, kontinentearteko hegaldietan gu Madrildik pasaraztera behartzeko; batasuna, Madril gure bizitzako erdigune bihurraraziko duen tren eta autobide sistema sortzeko…
Bere garain esan nuenez, EAJk inpugnatu egin beharko zituzkeen azkeneko euskal hauteskundeak, egin ere baino lehen. Horrek ez zukeen eragotziko nazionalek hartua izatea orain gobernua, baina erabaki horrek nazioartean izan zezakeen oihartzunak are gehiago zikinduko zukeen Zapaterok bertan duen sona txarra. Horren froga da, esaterako, Barack Obamari eskatu eta ordaindu berri dion argazkia, behin tropa espainolak Kosovotik barregarriro erretiratu eta gero. Horren adierazgarri da, halaber, Afganistanera 450 soldadu bidaliko dituela iragarri izana argazki horren aurretik. Onartu beharra dago EAJk arrazoi daukala honako hau esanda euskal gobernu berriari buruz: “Gezurrean, ahultasunean eta Madrilen eta alderdi popularraren mendekotasunean oinarrituko du agintaldia”; baina horrek ez du oposiziotik ateraraziko, hauteskundeak argi eta garbi irabaziagatik. Zoritxarrez, uko egin zion Estatu espainolak Euskadin egin nahi zuen hauteskunde iruzurra nazioartean ezagutarazteari, eta orain txundituta, lur jota eta nahastuta dago. Hutsegite baten emaitza da, honezkero jakin behar bailuke Espainia ezer gutxik gogaitarazten duela haren apetazko bidegabekeriak lau haizeetara zabaltzeak bezainbeste. Hori, zehatz-mehatz, jasangaitz ez ezik, beldurgarri begitantzen zaio. Eta logikoa da, helburu bi lortzen baititugu: haren izaera totalitarioaren berri jakinaraztea, eta mendean dituen nazioak ezkutuan gordetzeko ahaleginak indargabetzea.
Ezinago itxura itxaropentsua agertu du Aberri Eguna Irun eta Hondarribia artean ospatzeko egindako martxak, hara bildu baitira indar abertzale guztietako buruzagiak -Arnaldo Otegi barne-, eta estrategia bateratu baten aldeko apustua egin baitute, Euskal Herriaren subiranotasunerantz jo ahal izatea bermatuko dien baten alde. Euskaldunen espainoltze erabatekoa lortu nahi zuen hauteskunde iruzur horrek, eta hara non independentziaren aldeko apologia zoragarri bihur daitekeen.









