Nazionalizatu dirua, ez bankuak

Horixe izan da Stephen Zarlenga-k luzaturiko mezua. Zarlenga American Monetary Institute (AMI) izeneko zuzendaria da, eta urteak eman ditu desertuan predikatzen. Horren lan nagusia The Lost Science of Money da, eta hamaika lanen artean (ikus http://www.monetary.org) ondoko hau: The need for monetary reform.

Egunkari honetan jadanik ikusi dugun moduan, Zerlangak oso gogor kritikatu du AEBetako Altxor Publikoko idazkari Paulson jaunaren plana. Zerlangaren iritziz, erakunderik garrantzitsuena Altxor Publikoa da eta banku zentrala (kasu honetan Fed izenekoa) horren barruan sartu behar da.

Halaber, badakigu likidezia ez dela arazoa. Izatez, merkatuan likidezia asko, gehiegi, egon da (ikus Hudson-en http://www.counterpunch.org/hudson09232008.html). Deribatuak dira gainditu (eta alboratu) behar diren zaborrak. Aparteko parafernalia eta formula matematikoak erabiltzen dira zabor deribatuak kalkulatzeko. Hori airea besterik ez da. Negozioa aire hutsa erosiz eta salduz egiten da. (Humore pixka batekin, ikus http://www.youtube.com/watch?v=mzJmTCYmo9g&feature=related).

Espekulatzaileekin bukatu behar da. Espekulazioa da arazoa. Horretarako, ikus dezagun Zarlengak berak idatzitakoa joan den irailean eta urrian. Zerlangak, beste ekonomialari batzuekin batera, dirua, diru erreala (gobernuak jaulkitzen duena) eta kreditua (bankuek luzatzen dutena) bereizten ditu. Hona, bada, haren testuak:

(a) 700 x 10<+>9 dolarren kopuruaren aurrean (http://www.monetary.org/700billionscam.html):

“Sistema monetarioak kreditutik eta zorretik diru errealera igaro behar du. (…) Zalantzazko denboretan kreditua desagertzen da, baina dirua ez da desagertzen, egonkorragoa da”. Diru erreala gobernuak jaulkitzen du.

AEBetako aginte monetarioen proposamena Keynes-ek Depresio Handian proposatu zuenaren antzekoa da. Keynes-ek nahi zuen gobernua bankuekiko zor handiagotan sartzea. AEBetako ekonomialari batzuek (http://www.monetary.org/chicagoplan.html), denbora hartan, gobernuak dirua sortzea nahi zuten, ez zorra. Orain diru erreforma martxan jartzen ez bada, “egoera txartoago bilakatuko da… (…) Sektore pribatuak porrot egin du. Espero da sektore publikoa erreskatean etortzea, eta etorriko da. Beraz, sektore publikoak diru sistema kontrolatu behar du, herrialdearen onurarako”, ez esku pribatuetarako.

b) AIM-ren prentsa-oharra (2008ko irailaren 29an):

Hona hemen aipatzen diren punturik garrantzitsuenak: (1) finantza-sektore pribatuak porrot egin du; (2) sektore publikoak erreskatatuko du; (3) beraz, sektore publikoak diru sistema kontrolatu beharko luke, herrialdearen onurarako; (4) Konfiantza ez da lortuko banku-sistema hondatu zutenei beraiei diru-laguntza luzatuz; (5) konfiantza lortzeko, krisia nola gaindituko den eztabaidatu behar da; (6) dagoen diru sistema ez-justuaren ordez, sistema on eta egoki bat behar da hurrengo hilabete edo urteetan, krisi hau garatzen den bitartean; (7) arazoaren muina da diru sistema pribatizatu dela; sistema hori kontrolatzen dutenek beren onerako erabiltzen dute; (8) Fed sistemaren diru erreformak (http://www.monetary.org/amacolorpamphlet.pdf) Fed bera AEBetako Altxor Publikoan sartzen du; banku-sistemak dirua sortzeko pribilegioa alboratzen du, eta gobernuak sorturiko dirua ekonomian sartzea bultzatzen du, bereziki azpiegituretan, baita osasungintzarako eta heziketarako giza azpiegituretan ere; (9) diru sistemak kreditutik eta zorretik diru errealera igaro behar du; (10) AEBertako gobernuak berak dirua jaulki behar du, ez bankuetatik maileguz hartu; (11) gobernuak dirua sortzeko ahalmena dauka, kontu batean, edo soilik bera inprimatuz, paper berde gisa; (12) ez litzateke egongo inongo ondorio inflaziogilerik, zeren uste baitzen diru hori jadanik existitzen dela higiezin errealeko balioen eta maileguen eran; (13) izatez, diru horrek deflazio bat geldiaraziko du, oraingo merkatu-prezioetan aktibo eta mailegu horiek ezabatzerakoan azalduko litzatekeen deflazioa; (14) erreformako baldintzek segurtatzen dute banku-sistemak ez lituzkeela erabiliko gobernuak sorturiko dolar horiek kreditu gehiago luzatzeko, zeina, kasu horretan, bai inflaziogilea izango bailitzateke; (15) AEBetako Altxor Publikoak dirua ekonomia errealera zuzenduko luke, ez espekulaziora.

c) 2008ko urriaren 9ko e-posta:

Hona aipatzen diren puntuak: (1) Egoera monetarioa, ekonomikoa eta enplegua gaiztotuko da datozen hilabeteetan eta urteetan ez bada hartzen erabaki zuzentzaile bat; (2) Horrek suposatzen du erreforma monetarioa martxan jartzea.

(d) 2008ko urriaren 14ko e-posta:

Barack Obama-ren aldeko J. Stiglitz eta M. Scholes ekonomian Nobel saridunen aurka, Zarlengak argi diosku: “… erreforma monetarioa ezin da utzi ekonomialarien esku”.

Hona hemen, aldiz, Zarlenga-ren iritziz, AEBetako presidente- berriari galdetu beharko litzaizkiokeen galdera nagusiak eta proposamen zehatza:

(1) Ulertzen al duzu diruaren eta kredituaren arteko desberdintasuna? Kenduko al diezu gure finantza-erakundeei diru-eskaintza sortzeko (kreditua maileguz emanez) daukaten pribilegio berezia? Horren ordez, jarriko al zenuke gobernuak sorturiko dirua? Ulertzen al duzu kreditu hori finantza-estreseko denboran desagertzen dela, eta gobernu-dirua ez dela desagertzen?

2) Ulertzen al duzu goian aipaturiko kontabilitate-pribilegioa dela aberastasunaren kontzentrazioaren azken iturria, eta argudio moralengatik, zuzendu behar dena? Nahi al dituzu justizia-, zuzentasun- eta moralitate-puntuak politika publikoen erabaki ekonomiko eta monetarioetan sartzea?

(3) Onartuko al duzu, ados al zaude ezen finantza-sektore pribatuak porrot egin duela eta berriz ere (!) erreskatatu behar dela sektore publikoaren bidez? Hortaz, halaber, onartuko al duzu publikoki kontrolatutako egitura batek ordezkatu behar duela, non dirua gobernuak jaulki behar baitu, ez banku pribatuek?

4) Nazionalizatu dirua, ez bankuak.

Hona hemen, bada, diru sistema salbatzeko benetako apustua, apustu sakona, teorikoa noski, eta praktikan lehenbailehen jartzeko modukoa. Bestela jai. Okerrago, bestela zor handiagoa, egoera txarragoa, langabezia handiagoa.