Aldaketak datoz Nafarroako ikastetxeetara euskararen legearen aldaketaren eskutik. Hil honetan bertan 28 urte bete ditu lege horrek; urte horietan guztietan euskaldunen aurka egiteko tresna lanak bete ditu zalantzarik gabe, Nafarroa eremu euskaldun, eremu misto eta eremu ez-euskaldunean zatitu izanari esker. Euskaldunen hizkuntz eskubideen urraketa ofizial, sistematiko egin da zatiketa horren bitartez, izan ere.
Legeak zekarrena hitz bakarrean laburbildu zuen 1988ko negu gorrian Iruñean sortutako komikilari talde batek: «Legeak euskaldunak diskriminatzen ditu apartheid-ak beltzekin egiten zuen bezalaxe. Nafarroako apartheid, Napartheid». Horixe, Napartheid zen sortzaile haien ponteko izena, eta euskaldunen eskubideen alde Nafarroan urteetan aktibatu den herri mugimendu dinamikoaren adierazle bilakatu ziren.
Legea eskuan euskara hezkuntza sare publikotik ezabatu duten eremuetan ere D eredua ezartzeari buruzko eztabaida bertan da, Nafarroako Parlamentura heltzear. Ez da nolanahikoa izango. Euskarazko irakaskuntza unibertsalizatzeko eskaera dago, hezkuntza sistema estrategikoa delako edozein hiztun komunitateren iraupenerako. Komunitate horretako oinarrien eta eragileen lanari esker helduko da aldaketa. Eta guztiek egokitu beharko dute sortuko diren egoera berrietara.
Berria







