Hizkuntz minorizazioa nazio minorizazioak eragindako atal bat besterik ez da. Nazioaren minorizazioak naziotasuna osatzen duten osagai guztien gutxiagotzea du ondorio. Domino-efektuaren kate berean, besteak beste, hizkuntzaren, kulturaren, lurraldearen, oroimen historikoaren, ideologiaren eta moralaren minorizazio, endekatze eta higatzea dakar. Minorizazioak nazioaren desintegrazio orokorra du ondorio, haren ezaugarri guztiak tarteko. Hartara, lurraldearen luze-zabala murriztu egiten da. Historiaren kontakizuna desitxuratzen da, estatu okupatzailearen araberako interpretazioak nagusituz. Nazio okupatua analfabetismo ideologikoak kikiltzen du kolonizatuaren mentalitatean itotzeraino. Hizkuntza minorizatua ezin da hizkuntza hegemonikoaren pare ikasi eta erabili, sozializazio-bitartekoen defizita dela medio.
Minorizazio linguistikoaren adibide batetik abiatuko gara. Ondo dakigunez, erdal hiztun hegemoniko bat nahikoa da euskaldunen talde oso bat haren hizkuntzara makurrarazteko. Euskaldunak euskaraz ari dira eta erdaldun bat etorri eta denak erdarara. Hizkuntza aldaketa hori ez da aritmetika kontu hutsa. Hori batez ere minorizazioaren ondorio psikosoziala da, botere politikoari eta sozialari darion efektu morala. Horregatik, besterik pentsatu arren, hizkuntza minorizatuaren ezagutza gehitzeak ez dakar hizkuntza horren erabilera normalizatzea. Baldintza soziolinguistiko horretan hizkuntz erabilera ez baita hiztunen kopuru kontua, bi komunitate nazionalen arteko botere-desoreka baizik.
Oraindik ez da denbora asko Euskal Herriko eskualde batzuetan gehien-gehienak euskaldunak zirenekoa, eta horien artean euskaldun hutsak ugari. Orduko hartan erdaldunak gutxiengoa ziren, baina gutxiengo hegemonikoa, erdal hizkuntza minoritarioa inposatzeko nazio-boterearen jabe zirenak. Aritmetika linguistikoak inoiz ez du funtzionatu euskaldungoaren alde. Orain, berriz, euskaldunak beren herrian gutxiengo izateaz gainera, minorizazioaren harlauza daukate gainean. Minorizazioaren fenomenoak patologia kolektiboa eta indibiduala eragiten du, eta errotik erauzten ditu mendeko komunitate nazionalaren eta hiztunaren duintasuna eta autoestimua. Kolonizazioaren paretsuko efektuak eragiten ditu minorizazioaren makinak.
Herri baten identitate ezaugarri gehienak —hizkuntzatik hasi eta lurralderaino— umezurtz geratzen dira minorizazioaren ondorioz. Batzuk besteak baino umezurtzago, hala ere. Kate begi ideologikoaren edo abertzaletasun politikoaren osaera, adibidez, euskalduntasunarena baino askoz ere sendoagoa izan daiteke. Jarrera ideologiko eta politikoaren berreskuratzea askoz errazagoa da herritarrak euskarazko kulturan sozializatzea baino. Kate begiaren izaera zenbat eta subjektiboagoa izan (ideologia, sentimendua, nahimena) orduan eta aiseago sentitzen da herri-nortasuna, eta zenbat eta objektiboagoa izan (lurraldea, hizkuntza, kultura) hainbat eta nekezago. Horregatik, deskolonizazio prozesuetan eta, eskuarki, nazio politikoaren estrategia lehenesten da nazio linguistikoa ordezkatua dagoenean, honen berreskurapena haren esku utziz. Nazio linguistiko eta kulturala geroko gerotan uzteak, ordea, badakigu zer dakarren.
Beraz, naziotasunaren elementu objektiboak bizitzaren mundutik erauziak izan dira minorizazioaren ondorioz. Hala, berezko nazio erreferentziarik gabe, nazio okupatzailearen orotariko erreferentzien arabera egituratzen du bizitzaren mundua mendeko nazioak. Lurraldea ez da bere lurraldea jadanik, hizkuntza ez da bere hizkuntza… Ezaugarri subjektiboek, aldiz, ez dute hainbesteko higadurarik nozitzen eguneroko praxi nazionalean, abertzale sentitzea ez da eginbehar nekagarria. Esate berako, noizean behin botoa indar abertzale bati ematea ez da nazio-hautu neketsua, izatez ez du-eta euskaltasunaren araberako nazio-praxirik inplikatzen. Egun hauetako batean Rafael Ninyolesi irakurria: «Bada hemen bere burua supervalentzianista dela dioenik eta gaztelaniaz mintzo zaizu, ez daki valentzieraz idazten. Inor baino valentziarragoa dela esango dizu, baina ez da batere kontsekuentea dioenarekin, ez ditu hizkuntza bezalako balioak bultzatzen».
Bestalde, ikus dezagun zertan den estatuaren auzia minorizazioaren logika galgarri honetan. Kontua da estatuaren izaera maiz ez datorrela bat nazioaren izaerarekin, ez direla soka bereko fenomenoak. Hizkuntza ez da estatuaren sorkaria berez, komunitate nazional kulturalarena edo etnonazioarena den zentzuan. Esan dezagun bide batez estatu modernoak hizkuntzaren izaera errotik politizatu duela. Hartara, hizkuntzaren habitat naturala jatorrizko herria edo etnonazioa da, ez estatua. Gainera, estatuak jatorrizko nazio linguistikoaren hizkuntza ez den beste hizkuntza arrotz batean eratu dezake bere barne egitura. Beharbada, nafar erresumaren adibidea izan daiteke hori. Eztabaidak daude puntu horretan, baina jo dezagun arrazoi dutela nafar estatuaren bizkarrezurra, hizkuntzari dagokionez, erdararen bat zela ziotenak.
Puntu honetara helduta, galdera hau egin dezakegu: hizkuntzaren kate begiak nozitzen duen gutxiagotzea nazio-kate osoaren minorizazioaren ondorioa baldin bada, nazioaren ala estatuaren auzia da erabakigarriagoa hizkuntza kontuetan? Komunitate linguistikoen gutxiagotze-prozesua nazio kulturalaren minorizazioarekin hasten dela dirudi. Fenomeno hori garbi antzean ikusten da honako honetan: hainbat historialariren ustez, euskararen gainbehera ez da hasten nafar estatua konkistatu eta berehala, handik denbora luze samar batera baizik. Tesi hori zuzena izatekotan, zera ondorioztatu beharko genuke: hau da, estatu okupatzaileak euskara ordezkatu eta bere hizkuntzaren alde ezartzen dituen neurriekin —administrazioa, hezkuntza…— hasten dela nazio euskaldunaren gainbehera, eta ez hainbeste konkista gertatu eta berehala.
Nolanahi ere, nazio linguistikoak azken buruan amore ematen du asimilazioaren aurrean estatuaren babesgunerik ezean.
Berria








