Aralarko mendi eta haitz hauek itsasoaren azpitik sortu eta bizitza emateko gaitasuna izan zutenetik, euskaraz entzun izan diete hemendik igarotako jendeari. Euskara eta ez besterik hitz egiten baitzuten hasierako gizakiek, harrespil eta trikuharriak eraiki zituzten haiek. Hamaika hizkuntza entzun behar izan dute geroztik gaurdaino, haran eta larreak diren bidezidor hauetatik era askotako hizkuntzaz mintzatuz pasa izan den jendea ezagutu baitute.
Idatziz azaltzen zaigun lehen dokumentua latinez idatzia da, nahiz eta eliz gizon emakumeek baino ez jakin latinik lurralde hauetan. Dokumentua 1025ekoa da eta, seguruenik fraideek beraiek idatzita, Iruñeko erresumari lotua dago: “San joan de la Peñako” monasterio nafar nagusietako bati ematen zaio Olazabalgo Salbatore deitzen zitzaion Altzoko monasterio txikia, elizak hamarren zerga kobra zezan. Iruñeko erreinuaren tenente ziren Ipuzkoako Gartzez Azenarez eta emazte Gailak sinatzen dute dohaintza hori, “Haralarre”tik itsasorainoko lur, sagasti eta ondasunak deskribatzen ditu.
Horra hor, 1025ean, Aralar, Ipuzkoa eta Iruñeko erresuma baskoia dokumentu bakar batean jasota.
Alabaina, dena ez da izan euskaldunon batasuneko historia gure lurralde honetan. 1200ean, Gaztelako Alfontso VIII.a Arabatik barrena Lizarrateko bidetik sartu eta muga lotsagarria ezarri zigun Oria ibaian zehar. Erraztiolatza-Segura, Ordizia, Tolosa eta beste zenbait herri harresitu ondoren, bitan banatu eta elkarren kontra jarri gintuzten lehen Aralar bakarrean bizi ginen nafar euskaldunak. Ipuzkoa, Gaztelaren mendean geratu zen.
Oraingo Nafarroa Garaia eta Beherea soilik geratu zen Europako Estatu independente gisa, gainerakoak Frantzia, Ingalaterra eta Gaztelaren mendean geratu ziren. Nafarroan iraun zuen burujabe izatearen gogoa, grina, nahia, ohitura edota tradizioa. Bostehun eta zortziehun urte baino gehiago pasa dira, hala eta guztiz ere, ez Frantziak ez Espainiak ez dute desagerrarazi euskaldunok sortzez, Aralarren trikuharriak eraikitzen hasi zirenetik, dugun herri independentea eta batua izateko grina. Irakurri (entzun) bestela gure historiaren ondoko pasartea.
Mende erdi bat baino gehiago zen Nafarroako eta Frantziako erresumen errege titularra pertsona bera zela. 1328an, Luis I.a Nafarroakoa eta X.a Frantziakoa hil zenean, Joana alaba zaharrenari zegokion erregina izatea. Frantsesek Joana emakumea zelako baztertu egin zuten, baina, Obanoseko Infantzoien eraginez 1328ko maiatzaren 1eko egunean Nafarroako Gorteek Joana II.a Nafarroako erregina izendatu eta Frantziarekiko erresuma independentea ezarri zuten berriz ere.
Ausa-Gaztelun, 2014ko maiatzaren 1ean. Ipuztar nafarrak








