Mahai-inguruak, emanaldiak eta bisita gidatuak, ‘Herrigabetuak’ egitarau kulturalean

NABARRALDE FUNDAZIOAK ANTOLATUTA, JARDUNALDIAREN HELBURUA DESPOPULAZIOAK ONDAREAREN GAI DUEN ERAGINA AZTERTZEA IZANEN DA

Nabarralde Fundazioak egitarau kultural oparoa prestatu du HERRIGABETUAK jardunaldiaen baitan. Hasteko, urriaren 8an Nafarroako eremu desberdinetako lau alkate mahai-inguru batean bilduko dituen saioa ospatuko da, Leitzako kultur etxean. Nafarroako herriak etorkizunari begira izenburupean,  David Campión (Olloko alkatea), Amparo Viñuales (Erronkariko alkatea), Josepe Irigarai (Auritzeko alkatea) eta Koldo Leoz (Lizarrako alkatea) arituko dira eztabaidan, euren eremuak bizi duten egoera aztertzen. 

Urriaren 15ean, Tuterako Beterri Elkartearen egoitzan, Nafarroako gazteluen ondarea hizpide izanen duten bi dokumental labur emanen dira, Iñaki Sagredo historialariaren parte-hartzearekin: Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik eta Beloaga, memoriaren behatokia. Horietan, Nafarroako Erresumako defensa-sistemarik handiena izan zen gaztelu adierazgarrieneteko biren historia eta ondarea berreskuratzen dira. Dokumentalak euskaraz eta gaztelaniaz dira, azpitituluekin. 

Aste horretan bertan, hilaren 18an (igandea), Sagredok Monrealgo gaztelura bisita gidatua zuzenduko du, halaber. Bisita gidaturako autobus zerbitzua ezarriko du Nabarraldek, hurrengo ibilbide eta ordutegiarekin: 

9:00 Irteera Donostiatik: Larramendi gasolindegia.
9:10 Hernani, Biteri Kultur Etxean
9:20 Andoain, Sorabillako bidegurutzea 
10:40 Irteera Iruñetik, Tomás de Burgui Aita zeharkalea, Matesa eraikinaren ondoan
11:00 Bisita gidatuaren hasiera Elon
12:30 Itzulera

Bukatzeko, urriaren 20an (asteartea), Marga Gutierrezek zuzendu eta En Buen Sitio Produccionesek ekoiztutako Eki.Librio. El valle de las piedras filma emango da Iruñeko Golem Bayona zinemetan. Filmean, Manu Topic artista frantziarrak Nafarroako Pirinioak zeharkatzen ditu Stone Balance bere artelanarako errekako harrien bila. Zaraitzuko biztanleen laguntza du, eta haiekin ametsei, enpleguari eta arrakasta sozialari buruzko elkarrizketak ditu. Zuhaitzez betetako basamortua. Lurralde hustuaren historia, orekaren alde borrokatzen duena.