‘Herrigabetuak’ herrien ondarea balioan jarriko duen jardunaldia ospatuko da urrian, Iruñean

Ondarea ikuspegi anitzetatik aztertzea eta honen inguruan eztabaidatzea helburu duen Ondarea, Paisaia eta Globalizazioaren seigarren edizioa ospatuko du aurten ere Nabarralde Fundazioak, urrian, Nafarroako hainbat tokitan.  Herrigabetuak izenburupean, herrien despopulazioa eta biztanleriaren gehiengoa hirietan biltzeak landa eremuetako ondarean duen eragina aztertzea izanen du helburu jardunaldiak, antolatzaileek azaldu moduan. Gai honen inguruan eztabaidatzeko hainbat sektoretako adituak bilduko dituen jardunaldi nagusia urriaren 16an eta 17an ospatuko da Iruñeko Civican aretoan, eta hilabetean zehar bestelako ekitaldiak bilduko dituen egitarau kulturala ospatuko da: mahai-inguruak, bideo eta dokumental emanaldiak, bisita gidatuak… 

“Ondarea jarrera estatiko batetik aztertu ohi dugu maiz”, azaldu du Angel Rekaldek, Nabarraldeko zuzendariak. “Globalizazioak bizi gaituen garaiotan, ondarearen lanketa, transmisioa eta biziraupena kinkan jartzen ari diren baldintza batzuk ematen ari dira: deserrotzea, ezagutzaren galera, bizikidetza molde berriak… Horrek guztiak paradigma-aldaketa sakon baten aurrean jartzen gaitu, bai arlo sozialean, bai bizitzeko eta lan egiteko moduetan, bai arlo ekonomikoan, eta, azken batean, lurraldetasunean, gizakiak bizi den lurraldearekin duen harremanean”.

Jardunaldiaren helburua, Amaia Apraiz zuzendariak adierazi moduan, ondarean eragin zuzena duen errealitate honen hertz desberdinak aztertzea izanen da, baita hausnarketa kalera atera eta jendarteratzea ere. Horretarako, besteak beste Isabel Elizalde (Landa Garapenerako kontseilari ohia), Jaime Izquierdo (Asturiaseko gobernua), Kati Leatxe (Karekin Kultura), Iñaki Arrieta (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Elur Ulibarrena (Iruñeko Erresuma Museo Etnografikoa) hizlariak bilduko dituen jardunaldi nagusia ospatuko da urriaren 16an eta 17an, Iruñeko Civican aretoan. Ekitaldi nagusi honetako hitzaldi guztiak streaming bitartez jarraitu ahal izango dira Nabarralderen YouTube kanalaren bitartez. 

Jardunaldia Iturralde Elkartearen, Hernani Errotzenen eta Beterri Elkartearekin batera antolatu du Nabarraldek, Nafarroako Gobernuaren eta Diario de Noticias egunkariaren laguntzarekin. 

EGITARAU KULTURALA, URRIAN ZEHAR

Jardunaldi nagusiaz gain, Nabarralde Fundazioak egitarau kultural oparoa prestatu du, urrian zehar ospatuko dena. Hasteko, urriaren 8an Nafarroako eremu desberdinetako lau alkate mahai-inguru batean bilduko dituen saioa ospatuko da, Leitzako kultur etxean. Nafarroako herriak etorkizunari begira izenburupean,  David Campión (Olloko alkatea), Amparo Viñuales (Erronkariko alkatea), Josepe Irigarai (Auritzeko alkatea) eta Koldo Leoz (Lizarrako alkatea) arituko dira eztabaidan, euren eremuak bizi duten egoera aztertzen. 

Urriaren 15ean, Tuterako Beterri Elkartearen egoitzan, Nafarroako gazteluen ondarea hizpide izanen duten bi dokumental labur emanen dira, Iñaki Sagredo historialariaren parte-hartzearekin: Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik eta Beloaga, memoriaren behatokia. Horietan, Nafarroako Erresumako defensa-sistemarik handiena izan zen gaztelu adierazgarrieneteko biren historia eta ondarea berreskuratzen dira. Dokumentalak euskaraz eta gaztelaniaz dira, azpitituluekin. Aste horretan bertan, hilaren 18an (igandea), Sagredok Monrealgo gaztelura bisita gidatua zuzenduko du, halaber. 

Bukatzeko, urriaren 20an (asteartea), Marga Gutierrezek zuzendu eta En Buen Sitio Produccionesek ekoiztutako Eki.Librio. El valle de las piedras filma emango da Iruñeko Golem Bayona zinemetan. Filmean, Manu Topic artista frantziarrak Nafarroako Pirinioak zeharkatzen ditu Stone Balance bere artelanarako errekako harrien bila. Zaraitzuko biztanleen laguntza du, eta haiekin ametsei, enpleguari eta arrakasta sozialari buruzko elkarrizketak ditu. Zuhaitzez betetako basamortua. Lurralde hustuaren historia, orekaren alde borrokatzen duena. 

IZEN-EMATEA ETA STREAMING SAIOAK

Egitarau kulturaleko ekitaldiak irekiak eta doakoak izanen diren arren, aforoa mugatua izanen da kasu guztietan, seguratsun neurriak mantentze aldera. Urriaren 17an ospatuko den jardunaldi nagusirako, berriz, izen-ematea beharrezkoa izanen da, Nabarralde Fundazioaren webgunearen bitartez (www.nabarralde.eus). 

Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dutenez, saio nagusietako batzuk streaming bitartez jarraitu ahal izango dira Nabarralderen YouTube kanalaren bitartez: urriaren 16 eta 17ko hitzaldiak, baita urriaren 8an ospatuko den Leitzako mahai-ingurua ere.

JARDUNALDI NAGUSIRAKO IZEN-EMATEA

EGITARAUA 

JARDUNALDI NAGUSIA

Urriak 16 (ostirala), CIVICAN aretoa (Iruñea), 19:00

JARDUNALDIAREN IREKIERA. Bideo-hitzaldia Jaime Izquierdorekin: Ondarea, kulturak eta landatartasun berri baten eraikuntza

Urriak 17 (larunbata), CIVICAN aretoa (Iruñea)

09:00-09:15: Agurra. AMAIA APRAIZ (jardunaldiaren zuzendaria)

09:15-10:15: La despoblación de nuestros pueblos, mucho más que pérdida de población // Gure herrien despopulazioa, biztanleria galtzea baino aunitzez gehiago. ISABEL ELIZALDE (Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako kontseilaria 2015-2019 urteetan. Eusko Ikaskuntzako Nafarroako ordezkaria)

10:15-10:45: Experiencias en materia de cultura y despoblación. KATI LEATXE (Karekin Kultura)

10:45-11:15: El abandono del territorio. JOKIN DEL VALLE

11:15-11:45: ATSEDENA 

11:45-12:15: El Patrimonio Cultural Inmaterial en los despoblados. FERNANDO HUALDE

12:15-12:45: Ondare-proiektuen kudeaketaren erronkak landa-ingurunean // Retos de la gestión de los proyectos patrimoniales en espacios rurales. IÑAKI ARRIETA (Euskal Herriko Unibertsitatea)

12:45-13:15: ELUR ULIBARRENA: landa-museoak eta bere funtzioa. 

13:15-13:45 Nafarroako Tokiko Administrazioaren egitura, despopulazioaren erronkari aurre egiteko. Beharrezko erreforma. XABI  LASA

13:45-14:00 Las inmatriculaciones de la Iglesia en el medio rural. ANDRÉS VALENTÍN

13:45-16:00: BAZKARIRAKO ATSEDENA 

16:15-17:00: IÑAKI URIARTE: publikoari irekitako performance artistikoa. La belleza de la desolación / Lugares sin esperanza.

 

KULTUR EGITARAUA

Urriak 8 (osteguna), MAHAI-INGURUA, 19:00, Leitzako Kultur Etxea: “Los pueblos de Navarra, mirada al futuro // Nafarroako herriak etorkizunera begira”. David Campión (Olloko alkatea), Amparo Viñuales (Erronkariko alkatea), Josepe Irigarai (Auritzeko alkatea) eta Koldo Leoz (Lizarrako alkatea). Moderatzailea: AINARA MTZ. MATIA

Urriak 15 (osteguna), DOKUMENTALEN ERAKUSTALDIA, 19:00, Beterri elkartea (Tutera): Nafarroako gazteluak, ondare historikoa. Iñaki Sagredo. “Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik” eta “Beloaga, memoriaren behatokia”, Nabarralde Fundazioak ekoiztutako bi dokumental dira. Horietan, Nafarroako Erresumako defensa-sistemarik handiena izan zen gaztelu adierazgarrieneteko biren historia eta ondarea berreskuratzen dira. Dokumentalak euskaraz eta gaztelaniaz dira, azpitituluekin. 

Urriak 18 (igandea), BISITA GIDATUA, 11:00, Elo. “Monrealgo gaztelua, ondare historikoaren paradigma” Iñaki Sagredorekin. 

Urriak 20 (asteartea) EMANALDIA, 20:00 Iruñeko Golem Bayona aretoan: “EKI.LIBRIO. El valle de las piedras”. Manu Topic artista frantziarrak Nafarroako Pirinioak zeharkatzen ditu Stone Balance bere artelanarako errekako harrien bila. Zaraitzuko biztanleen laguntza du, eta haiekin ametsei, enpleguari eta arrakasta sozialari buruzko elkarrizketak ditu. Zuhaitzez betetako basamortua. Lurralde hustuaren historia, orekaren alde borrokatzen duena.

What do you want to do ?

New mail