Lurraldetasuna Gure Esku Dago

Giza-kate erraldoia ageri da aste honen ortzimugan. Idiazabalen, maitasun eta eskuzabaltasun handiz, pertsona jakin batzuek abiatu zuten ekimen txiki hura, behetik gora, ahalmen zoragarria erakusten ari da.

Oraindik ez dakigu Gure Esku Dago-k (GED) euskal herritarron erabakitzeko ahalmenaren bozgorailu eta lanabes eraginkor eta plurala izateko adina heldutasun ote duen, baina ezin erran horretan temati, kementsu eta adorez ari ez direnik haren sortzaileak eta sustatzaileak.

Gure esku dagoela erraten dugunean, ordea, geure buruari galdetu behar diogu, zintzoki, ez ote garen subjektuaren definizioa eta egonkortasuna errazegi enoratzen ari.

Orain arteko diskurtso politiko abertzalean nagusi izan da zazpi herrialdez osatutako Euskal Herri (garai batean Euskadi) subiranoaren aldarrikapena, baina EAEk egin duen Euskadi kontzeptuaren patrimonializazioak aranatarrek asmatutako hitzaren prostituzioa eta erranahiaren lausotzea erakarri du; bere burua abertzaletzat duten hainbatek EAE=Euskadi= Basque Country ekuazioa erabat barneratu arte. Bilakaera eta ekuazio horren baitan aurki ditzakegu, bertzeak bertze, Euskal (Futbol) Selekzioaren izenarekin izandako tirabiren iturria.

Ez da gure asmoa, gaur eta hemen, Euskal Herriaren lurraldetasunari buruzko eztabaida interes alderdikoien ikuspegitik aztertzea. Ezin uka daiteke, ordea, hegemonien jokoaren baitako interes alderdikoiek gidatzen dituztela kontzeptu geopolitikoei ematen zaizkien erranahiak.

Subiranotasunerako bidean jarri beharreko lurraldetasuna espainiar/frantziar administraziopeko egitura instituzionalen arabera irudikatzen dutenek ondorio borobilak ateratzen dituzte, adibidez, hauteskunde biharamunetan: EAEn EAJ+EHBildu gehiengo dira eta NFKn ez. Hortaz, EAErekin bakarrik jo nahi dute subiranotasunaren bila. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa aipatu ere ez.

Zazpi herrialdeen lurralde osotasuna sakrosantutzat jotzen ez dugunok, baina kolonizatu gaituzten Estatuen interesen arabera egituratutako eremu administratiboen araberako erabakimen eremuak oinarri gisa hartzea suizidatzat jotzen dugunok, alternatiba argi, eraginkor eta bideragarriak aurkeztu behar ditugunez, horra ildo batzuk.

-Euskal Herriaren iruditeria kolektiboa atlantizismo berdezalean oinarritzen duen diskurtso abertzale klasikoa baztertu, lurralde osoaren agerpide nabarragoari (hitzarena kasualidadea da) bide emanez.

–Euskal Herria eta Nafarroa kontzeptu geopolitikoak sinonimotzat jotzen dituen diskurtsoari bide eman (eta norberak nahi duena erabili dezala nahi duenean), banderekin abertzaletasunaren zati batek aspaldi egiten duen bezala.

-Nafarroa Garaiak zentro-eskuineko eskaintza euskaltzalea behar du: EAJk ezin du, baina Geroa Baik lan hori egin dezake. UPNtik ihesean doazen boz horietako aunitz beregana ditzake zentro-eskuineko eskaintza euskaltzale/nafarzale batek. Bere garaian, 50.000 boz UPNtik CDNra joan ziren. Horien bi heren eskuratzea ez da ametsa. Guztiz egingarria da. Eta ezinbertzekoa.

-Udalerrikako indar politikoen harremana aintzat hartu: Nafarroa Garaia bitan zatitutako lurraldea da; muga hori euskararenganako erreferentzialtasuna gorde eta gorde ez duten udalerrika doa eta bi zati horien joera gero eta gehiago aldentzen da; ez hegoaldeko udalerrietan abertzaleek gero eta boz gutxiago jasotzen dutelako —berdintsu mantentzen baitira, oso baxu—, baizik eta ipar eremuetako udalerrietan gero eta gehiengo zabalagoa dutelako.

Estatalizazio prozesurako lurraldetasunaren mugak berraztertzekotan, udalerrien arabera egitea askoz ere zuzenagoa litzateke.

Berria