Koldo Mitxelenak, ironia apur batekin, dio toponimia munduak ezagutzen duen hizkuntza-zaharkin biltegi oparoenetarikoa dela, eta haren ikerketa sistematikoak, zalantzarik gabe, fruitu naroagoa eman lezakeela. Are gehiago, haren aburuz, toponimiak asko egin dezake historia arloko zenbait auzi argitzeko, edo azaleratzeko bederik. Izen bereziak baino ez baditugu, ezinbestean, haiekin etsi beharko dugu.
Lurralde bateko toki-izenen azterketa xeheak iturri idatzirik gabeko garaiak argi ditzake, batez ere toponimo-sorta batek, darabilen erkidegoaren hizkuntzaren bitartez izan ordez, inguru hartan historiaurreko garaietan baliaturiko beste hizkuntza baten bidez azal daitekeen izendapen multzo bateratua osatzen duela ikusten bada.
Toponimian izen indoeuroparrak badaudela erakusten duen adierazle garbi bakarretarikoa –ama bukaera da, Euskal Herrian ezagutzen diren toki-izen zaharrenak diratekeenetan ageri dena (Ultzama…).
Aipatu amaiera duten toponimoen azterketa bateratuaren eskutik Arabako iparraldean, Bizkaian, Gipuzkoako hegoaldean eta Nafarroako ipar-sartaldean hizkuntzaren arloan —jatorri zeltiberiarra zertan izanik ez duen— eragin indoeuropar nahiko luzea (ez une batekoa) egon zela berresten duten ondorioetara iristen da; horrenbestez, daitekeena da erromatartzearen hastapenen aurretik Goierrin nahiz Tolosan, Euskal Herriaren ipar-sartaldeko beste eremu batzuetan bezala, hizkuntza indoeuroparren erabiltzaileak egotea. Norabide horretara begirarazten duten datuak daude (asko Nafarroako Gobernuak argitaratzen duen Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren azken alean jasotzen dira).
Hain zuzen, –ama-ren lekukotza ugarien dagoen Euskal Herriko lurraldea Gipuzkoa da, are gehiago Probintziaren azalera aintzat hartuz gero, baina alde oro ez dira berdin banatzen; mostrak Oria eta Urola ibaien arroetan biltzen dira. Araban (Legizama…) eta Bizkaian (Lezama…) ere egon arren, —ama duten toponimo gehienak Errezil-Entzia-Arakil hirukian azaltzen dira. Zehazkiro, Arama, Beizama eta Zegama toponimo nagusien osagaia da –ama Gipuzkoan, baita, adibidez, Amiama (Gaintza), Arakama (Zegama), Berama (Ataun) edo Ezama (Errezil, Tolosa) baserri- eta saroi-izenena ere. –Ama bukaera duten izen horiek guztiak kanpotik ekarritakoak direla uste izateko arrazoirik ez dago; askok bertakoak dirudite, originalak nolabait esan, Ebroz haraindi, Zeltiberian (Burgosen, Logroñon, Sorian…), errepikatzen ez direlako.
Mitxelena jakintsuak ez dio uko egiten Historiaurrean hizkuntza indoeuroparrak (menturaz indartsu) barneratu zirelako aukerari, gero Euskal Herriko erdiko gune izan direnetaraino barneratu ere. Hori bai, Errenteriako hizkuntzalari errepikaezinari harrigarria iruditzen zaio latinaren aurreko mailegu indoeuroparrak hain urriak izatea eta jatorri horretako hain toponimia gutxi egotea. Nolanahi ere den, garbi samar dakusa osagai indoeuropar hori aurreko beste batzuen gainean ezarri zela, hau da, euskal geruzan (hura erabat estali gabe) gainjarri zela.
Arabako iparraldean, Bizkaian, Gipuzkoako hegoaldean eta Nafarroako ipar-sartaldean hizkuntza indoeuroparren bat zerabilen biztanleria bazegoela iradokiagatik, dauden datuak ez dira aski alderdi haietan jatorrizkoa latinaren aurreko osagai indoeuroparra —eta arrotza euskalduna— zela aldarrikatzeko.
Lehenik eta behin, corpusa oso murritza delako (hogeita hamar bat izen fidagarri eta zortzi duda-mudazko) eta, Mitxelenak dioen moduan, hizkuntzetan gertakari historikoen eragina beste hizkuntza batzuen bitartez baizik gauzatzen ez delako, hau da, Euskal Herriko toponimian dagoen latinaren aurreko kultura indoeuroparraren arrastoak ez duelako Pirinioen hegoaldean erromatartzearen aurretik antzinako euskara bazela zalantzan jartzeko adinako neurririk edo garrantzirik.
Bigarrenik, –ama duten toponimo gehienak alderik alde eta bazterrik bazter modu bateratuan banatzen ez direlako, baina, batez ere, gaurdaino iraun dutenak euskararen arauen arabera aldatu direlako, hau da, adibidez, Zegama dugulako eta ez **Segama. Ñabarduretan sartuz gero, kasu guztietan horrela ez izan arren, –ama duten leku-izenetan ikusten diren zenbait aldaketa bat datoz euskararen arauen arabera bilakatu diren latinetiko toponimoetan ikusten direnekin, Gorrotxategi nahiz Salaberriren mailako adituek dioten bezala, azaltzen diren tokian sortu edo ekarri zituzten garaian euskaldunak bazeudela berresten duten mudantzekin, alegia.
Hitz bitan, osagai indoeuroparra ingurumari euskaldun batean sartu zen Arabako iparraldean, Bizkaian, Gipuzkoako hegoaldean eta Nafarroako ipar-sartaldean.
Onomastikak, toponimiak zehazkiago, historia arloko zenbait auzi argitzeko, edo azaleratzeko bederik, aletxoa jar dezake, Hego Euskal Herrian mintzatu bide ziren latinaren aurreko hizkuntza indoeuroparrena barne, betiere sistematikoki eta irizpide zientifikoekin ikertuz gero, eta ez bestela.
BERRIA









