
Argazkia: Naziogintza
2026ko apirilaren 2tik 6ra, Naziogintza Taldearen ordezkaritza zabal batek Ipar Irlanda bisitatu zuen, ICEC (https://icec.ngo/) gure nazioarteko erakunde lagunak gonbidatuta. Bisita horren helburua hirukoitza izan zen: bertako jatorrizko hizkuntzaren (Irlandako gaelikoaren) egoera ezagutzea; Irlandaren batasunaren auziaren egungo egoerari buruzko informazioa jasotzea, mugimendu errepublikanoarekin ditugun kontaktuen bidez; eta apirilaren 5eko ekitaldietan eta manifestazioan (Pazkoako Altxamenduarenean) parte hartzea.
Apirilaren 3an eta 4an, hiru bilera mamitsu izan genituen Belfasten hizkuntzaren aldeko ekintzaile ezagunekin: Padraig Ó Mathúna-rekin, Conradh na Gaeilge erakundearen ordezkariarekin (apirilaren 3an), eta Séanna Walsh eta Bróna Haughey, Sinn Féin-eko hizkuntza-arduradunekin (apirilaren 4an).
Hiru kontaktu horien bidez, gaelikoaren aldeko lana Ipar Irlandako sei konderrietan lehen eskutik ezagutzeko aukera izan genuen. Borroka luze baten ondoren, 2022an Identity and Language Act delakoa onartu zen, gaelikoari ofizialtasunaren antzeko estatusa ematen diona, nahiz eta ofizialtasun hori ez izan guk daukagunaren parekoa.
Séanna Walsh eta Bróna Haughey Sinn Féineko zinegotziek hainbat datu eman zizkiguten irlanderaren egungo egoera hobeto ulertzeko. Haien arabera, biztanleriaren %11k badu irlanderaren ezagutzaren bat, eta %3 inguruk ongi hitz egiten du. Hezkuntza arloan, 30 ikastetxek eskaintzen dute irlanderazko murgiltze-eredua, guztira 8.000 ikasle ingururekin (ikasle guztien %2,5). Aldi berean, irlanderaren aldeko gizarte-eskaera gero eta handiagoa dela azpimarratu zuten: ikastaroak beteta daude, eta hizkuntzaren presentzia gero eta nabarmenagoa da eguneroko bizitzan, bereziki Belfasteko Gaeltacht Quarter delakoan.
Hala ere, Pádraig Ó Mathúnak azaldu zigunez —soziolinguistikako ikerketetan oinarrituta, besteak beste Conchúr Ó Giollagáin-en eta Brian Ó Curnáin–en lanetan— Irlandako Errepublikako gobernuak gaur egun hizkuntzarekiko duen ikuspegiak kolonialismo berantiarreko britainiar politikaren ildotik jarraitzen du: babesa sinbolikoa da, baina ez dago benetako konpromisorik irlanderaz bizi diren komunitateei eusteko. Estatuak irlandera “ondare” gisa goraipatzen du eta kultura irlandarra ospatzen du, baina ez du bermatzen hizkuntzak gizartean bizirik iraungo duenik. Horrek azaltzen du kultura irlandarraren aldeko atxikimendu zabala egon arren, Gaeltachteko hiztun-komunitateek gainbehera izaten jarraitzea. Izan ere, hizkuntzaren biziraupenerako funtsezkoak diren komunitate horiek dira botere eta babes gutxien dutenak. Ó Mathúnaren hitzetan, hiztunak alde batera uzten dituen berpizkunde bat “kontraesan hutsa” da. Komunitate horien beharrei erantzun ezean, eta bertan bizi eta lan egiteko baldintzak bermatzen ez badira, Gaeltachtaren higadura —eta desagerpena— arrisku errealak dira.
Irlandako Errepublika Askearen aldean -non hizkuntzaren aldeko mugimenduak dinamismorik ez duen-, Ipar Irlandan gaelikoaren aldeko borroka bizirik dago, egoera kolonialek pultsu abertzalea trinkotzen dutelako. Askotan aipatu dugunez, nazio zapaldua izatearen kontzientziak berezko identitatearen aldeko grina indartzen du, eta hori egiaztatzeko aukera izan genuen Belfasten.
Apirilaren 4ko arratsaldean, Robert McClenaghan militante historikoaren eskutik, Belfasteko auzo katoliko-errepublikanoa bisitatu genuen. Bisita gidatuan, bertako horma-irudi ospetsuak ikusi eta horiei buruzko azalpenak jaso genituen.
Belfasteko beste auzoen aldean, auzo horretan, kale-seinaleak elebidunak dira, eta Irlandako banderak nonahi ikusgai daude. Hainbat tokitan, gainera, ikurrinak ikusteko aukera ere izan genuen. Zer esanik ez dago gure euskal taldeak harrera oso beroa jaso zuela toki guztietan, Ipar Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko lotura historikoaren seinale gisa.
Belfasten ez genion inori azaldu behar non dagoen Euskal Herria —“A nation in the western corner between France and Spain”—, beste bidaia batzuetan azaldu behar izan dugun moduan. Auzo errepublikanoan, denek baitzekiten zer den “Basque Country”.
Apirilaren 5ean, Pazkoako Altxamenduaren ekitaldietan parte hartu genuen, bertako kontaktuek gonbidatuta. ICECeko gure nazioarteko lagunekin batera, Belfasteko auzo errepublikanoan zehar ibili ginen manifestazioan, eta hilerrian burutu ziren omenaldian eta mitin politikoan, Irlanda batuaren aldeko aldarrikapenarekin bat egin genuen.
Gogoratu behar da 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren ondoren, Ipar Irlandak bere etorkizun politikoa libreki hautatzeko eskubidea lortu zuela, Erresuma Batuak aitortua. Bertako abertzaleei Irlandako batasunari buruzko erreferendumaren datari buruz galdetu genienean, bost urteko epea aipatu ziguten.
Izango al da 2031. urtea Irlandako batasunaren urtea? Hala izan bedi, eta prozesu horrek gure askapen nazionalaren prozesua ere indar dezala.
https://www.naziogintza.eus/nazio-bidelagunak/ipar-irlandako-bidaia-baten-kronika-laburra/










