Idoia Arrieta: “Nafarroak ez zituen sekula ahaztu bere itsasaldeko lurraldeak”

Urriaren 1ean hasiko da Nabarraldek eskaintzen duen Euskal Herriko historia on-line ikastaroa, zeinetan euskaldunen historiaren gertakari nagusiak aztertzen diren.

arrieta

Idoia Arrieta, historialaria. (OSKAR MONTERO)

Idoia Arrieta (Donostia, 1962) historialariak, Nabarraldek urriaren 1etik aurrera eskainiko duen Euskal Herriko Historia on-line ikastaroko 1200. Zatiketa historikoa gaia zuzentzen du. Bertan, Nafarroako erresumako itsasaldeko lurrak Gaztelaren menpe geratu zeneko garaiari errepasoa egiten dio, XI. mendearen lehen herenean Iruñeako erresumak erakunde politiko independente gisa gailurra jo zuen garai haren ondorengoa. Nabarraldek eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako ikastaroan izena emateko epea gaur bukatuko da.

TextoIruñeko erresuma Antso III.arekin iristen da bere garapen gorenera, ez bakarrik lurraldearen hedaduragatik, baizik eta erakunde politiko gisa ere. Zer nolako erresuma da ordura artekoa?

XI. mendean Europako beste lurraldeetan gertatzen ari zen bezalaxe, zatitutako espazioetan aginte forma politiko bateratuak heltzen ari ziren, monarkiak nagusitzen hasi ziren eta Erromako eliza erakunde gisa sendotu zen. Gurean, estatu forma horrek Antso III.a nagusiaren garaian izan zuen hedadurarik handiena. Iruñeako erresumak zeharka edo zuzenean egungo euskal lurralde ia guztiak ordezkatzen zituen, Tutera eta inguruko hiri handi ba-tzuk izan ezik, horiek musulmanen esku baitzeuden. Alabaina auzoetako beste lurraldeetatik ere zabaldu zen, Astorgatik hasita Ribagortzara arte. Eta horiek guztiak defenda-tzeko agintedunek egitura indartsu bat antolatu zuten, era honetan etorkizunean izango ziren tenen-tziak bideratu zituen.

Zerk eragiten du Nafarroako itsasaldeko lurraldeak konkistatuak izatera?

-Arrazoi eta kausa asko eta oso ezberdinak egon daitezke itsasaldeko lurraldeak eskuratzeko. Arrazoietako bat estrategiko- militarra zen. Euskal Herria Penintsulako eta kontinentearen pasabidea izanik leku estratejikoa zen. Era berean, konkistak izaera politikoa ere bazuen: Alfontso VIII. A gaztelaua, Ingalaterrako Enrike II.aren alabarekin, Plantageneteko Leonorrekin, ezkonduta zegoen (1170) eta Akitaniarekin harremanetan jartzeko mugakide zen lurraldea antolatu behar zen, itsasertzeko lurraldeak nahitaez konkistatu behar zituen. Bestalde, Gaztelak bere hegemonia, muga lerroak handitzeko nahia eta aldi berean bere lurraldea indatzeko asmoa ere izango zuen. Baina, nabarmentzekoa da Gaztelaren interes ekonomikoa. Gaztelako merkataritza barnealdera bideratuta zegooen. Nafarroak politika ekonomikoa indatsua eta programatua zuen ordurako. Ekialde-mendebalde ardatzaz gain, XII. Mendean, merkataritzak hegoalde-iparralde norabidea hartu zuen, izan ere, kostaldearekin lotu zen barrualdea. Europako manufaktura lekuetara bidaltzen hasi zen artilearen pasagune bihurtu zen Euskal Herria eta, jakina, bertako burdinarena. Nafarrek merkatal sare oso bat antolatu eta produkzio eta kontsumorako ondasunen zirkulazio bidea egituratu zuten. Jakina da, La Rochele eta Ingalaterrarekin besteak beste merkataritza harremanak zituela, nazioarteko merkataritzarako irteera zuen, hirien lerroa eta portu seguruak. Gaztelako erresumarentzat lurralde horiek gutizigarriak ziren.

Nola garatzen da 1.200eko konkista eta zein izan zen Arabako hiriburuak izan zuen, papera bertan?

-Nafarroako erresuma eta alboetako Erresumen arteko liskarren jatorria antzinagokoa bazen ere, Gaztelako ejerzitoek Nafarroako erresuma Arabako hegaletik eraso egin zuten. Gaztaelauek 1199ko ekainaren 5ean, arabatarrek uzta bildu aurretik, Gasteiz setiatu egin zuten. Antso VII.a nafarrak aliantza bila eta laguntza eske lekualdatu zen. Bederatzi hilabete iraun zuen Gazteizko setioa eta gogor eutsi zioten, baina laguntzarik eta hornidurarik gabe gosea eta gaitzak jota errenditu ziren. Gasteizko setioa gauzatzen ari zen bitartean, Alfontso VIII.aren ejerzitoak Durangaldea, egungo Gipuzkoa eta ia Araba osoa indarrez eskuratu zituen. Lurralde horien eranzketa Gaztelako erresumara ez zen borondatezkoa izan; historiografia ofizialak orain arte defendatu izan duen moduan, ia aurkakorik gabe, eta zenbait kasutan modu eztabaidagarrian. Irakurketa eta agiri berriek adierazten dute operazio militar bortitzen bitartez eskuratu zituztela Araba, Gipuzkoa eta Errioxa. Dokumentu batek esplizituki konkista hitza aipatzen du eta beste batek testualki esaten du lurralde horiek guztiak “Jainkoaren kontra okupatuak eta indarrez kendu ziela Nafarroako erresumari”. Ez dago zalantzarik, historiografia ofizialak konkista ezkutatu du.

Zer nolako galera suposatzen du Nafarroako erresumarentzat lurralde hauen galerak?

-Gerra horrek Gaztelako ekialdeko muga aldatu zuen eta Nafarroako erresumaren mendebaldeko zati hori erresuma gaztelarren mende erori zen. Nafarroaren kontrako oso neurri larria izan zen. Konkistak lurrak, baliabideak eta herritarrak gutxituak; eta itsasorako irtenbiderik gabe utzi zuten Nafarroa. Gaztelako erreinua izan zen gorakako ekonomiaren onuraduna. Etapa ezberdinetan Gaztelak gauzatutako konkisten bitartez Nafarroako erresumak galdu zituen batetik, Bureba, Errioxa eta Bizkaia eta gerora Araba, Durangerria, eta Gipuzkoa. Eta aldi berean, Nafarroan haustura politikoa gauzatu zen, eta haustura horrek euskal herritarren elkarren arteko ibilbidean zauri handia suposatu zuen. Berez lurraldez txikia zen Nafarroako erresuma gehiago murriztu zen konkistarekin, eta gerora, alboetako monarkien presioa mantentzea (Espainiakoa zein Frantziako) zaila egingo zitzaion, eta 1512an konkistatua izan zen.

Zer nolako eragina dauka horretan “gaizkileen muga” deritzonak?

-1200. urteko konkistak aurretik bateratua zen espazio politiko baten hasutura izan zen, aurretik Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiaren artean ez baitzegoen mugarik. Barne muga berri artifizial bat sortu zen, gaizkileen muga izenekoa. Muga hura arazo askoren iturria izan zen. Espazioa eta bertako jendea mugaren arabera antolatu ziren, eta batez ere, famili batzuen interes ekonomikoak kaltetuta atera ziren. Erreakzioa biolentoa izan zen. Ahaide Nagusiek bultzatuta maila guztietako jendea aritu zen liskarretan: nobleak, eliza, artzainak edota nekazariak. Era berean, muga gertaera kriminalen eszenatoki bihurtu zen: erasoak, harrapaldiak, lapurretak, heriotzak, soldaduak, bidelapurrak… Gainera, hurrengo mendeetan, Gaztelak 1200.ean konkistatutako lurralde horiek, Nafarroako erresuma konkistatzeko operazio base bihurtu zituen.

Hala ere, Nafarroako erresumak lurralde hauek berreskuratzeko saiakerak egiten ditu hurrengo mendeetan ere, ezta? Baita epe labur batez lortu ere.

-Nafarroak ez zituen sekula ahaztu konkistatutako lurralde horiek eta behin eta berriz aldarrikatu zituen Erdi Aroan zehar. Eta, era berean, populazio baztuk Nafarroako erresumarekin bat egitearen alde ekin zioten. Adibideak behin baino gehiago badira ere, Libourneko hitzarmena (1366) adierazgarria da. Izan ere, Nafarroako erregea zen Karlos II.a, Galeseko printzearekin (Akitaniako dukea), eta Gaztelako Pedro Iarekin (gogoratu gerra zibila piztu zela Pedro Iarenn eta bere anaiordearen artean Enrike II.a), Libournen bildu eta tratuan Pedro Iak Gaztelako tronua berreskuratzeko Nafarroa zeharkatzeko baimena izango zuen, eta ordainean dirua ez ezik Araba eta Gipuzkoa osorik, eta Errioxako Logroño, Kalagorri eta Nabarrete jasoko zituen. Baina azkenik, Enrike II.ak Pedro I.a garaitu eta hil egin zuten (1369 III – 23). Hitzartutakoak ez ziren bete.

Nolakoa da ordutik aurrera mendebaldeko lurraldeen garapen politikoa? Eta Nafarroarena? Bi lurralde hauen artean sortutako banaketa, fisikoa bakarrik ez, eta ideologikoa izaten hasten da orduan?

Mendebaldeko lurraldeen konkistaren ondoren, euskal herritarren ibilbide bateratuen haustura suposatu zuen. Une hartatik aurrera mendebaldeko lurralde horiek Gaztelako eremu politikoan kokatu ziren, Gaztelaren parte bihurtu ziren, nahiz eta sistema juridikoaren iturriak publikoa zein pribatua, eta erakundeak piriniar zuzenbidean egokituta zeuden. Euskal lurraldearen zati bat beste subiranotasun politikoaren esparruan kokatu zen, beste hitz ba-tzuetan, mapa geopolitikoaren aldaketa gertatu zen. Alabaina, historiaren ikerketetan maiz gutxietsi dira euskal lurraldeen nortasuna adierazten duten elementu batzuk. Gertaera hartatik aurrera hizkuntza, komunitate bera eta esparru politikoa partekatzen zuten herritarren zatiketa gauzatu zen. Geografiaren muga berrien ezarketak subjektu politikoa zatitu eta kulturaren batasunaren tradizioan eragina izan zuen, besteak beste euskaraz pentsatzen zuen herrian ezberdintasunaren eta une batzutan etsaitasunaren idea ere sendotu zen.

NOTICIAS DE NAVARRA