Euskarari buruzko gezur instituzionalak

Ez da arraroa entzutea euskararen egungo egoeraren arrazoia herritarren ardura faltan dagoela. Erakundeetatik behin eta berriz heltzen zaigun mezua da: hizkuntza-politikak egin du bere lana eta jendeak egin du huts. Ideia bera modu garratzagoan adierazteko esan izan da ere gezur handia dagoela euskararen inguruan, jendeak ez diolako eusten konpromiso serioari, eta erdarara jotzen duelako. Errua gainetik kenduta, hizkuntza kontuetan ardura politikoa dutenek ez dute beharrik ikusten hizkuntza-politikari buruz konturik emateko, ezta egin den lanaren balantze seriorik egiteko, alde argi eta ilunak azalduz, hurrengo urteetarako helburu zehatzak eta neurri zuzentzaileak jarriz, eurak aurrera eramateko tresnak eta baliabideak zehaztuz, eta lan horren emaitzak neurtzeko modua eta epeak eskainiz.

Euren asmoa da azken hogeita hamabost urte honetan eraman den hizkuntza-politika defendatzea, eta esatea bera neurrikoa eta arrakastatsua izan dela euskarari bultzada emateko. Era horretara hizkuntza-politika jareginaren porrota ezkutatzen saiatzen dira, bai datu penagarriak tronpeta zerutarren soinuen artean euren gustura azalduz, bai beste edozein ateraldiz baliatuta. Horien artean azkena izan da euskara merkadoteknia produktua bihurtu eta poziktibity-a asmatzea. Horrela, zama bai euskararen, bai euskaldunen teilatuan uzten da. Euskarari esango zaio ez duela gauza askorako balio eta liluragarria izan behar duela, zaila eta traketsa dela, eta txukundu beharra daukala erakargarria izateko. Bestalde, herritarrari exijitzen zaio euskaraz egiteko, irakasleari emaitzak, murgiltze sisteman diharduen ikasleari pazientzia, kazetariari irakurlea.

Niri ere iruditzen zait gezur handia dagoela, baina bera, hain zuzen, da egunero erakundeen mundutik luzatzen dena. Ez da euskal herritarra izan huts egin duena; aitzitik, hizkuntza-politika buruiritzi eta jareginarena (utziarena) da porrota. Berak agortu egin du garai baten egon zen kemena, ilusioa eta legitimotasun bizipena, eta horrek ez du modu esanguratsuan aldatu euskararen beharraren, balioaren, premiaren, sentsazioa. Hizkuntza-politika jaregin horren ondorioak garbiak dira: hiriburu handiak erdaldunak dira. Joan Gasteizera, Iruñera, Bilbora, Barakaldora, Donostiara, Irunera, eta ibili kaleetan zehar. Horretaz gain, osasun sistema erdalduna da; harritzekoa da euskaraz egingo dizun ertzaina aurkitzea; Lakuako, Eusko Jaurlaritzako, ateko zaintzaileak erdaldun hutsak dira (beste edozein eraikuntza ofizialetan bezala), ez dago sartzerik euskara hutsean hitz egiten. Ez dago lotsarik!

Hezkuntza sisteman ezarri da ardura osoa, eta hutsuneak nabarmenak dira. Euskara oso modu geldoan eta beldur antzean zabaldu da, eta, oraindik, hezkuntza eremuak sekulako hutsuneak ditu. Ez dago xederik, exijentziarik, kontrolik, eta helbururen bat baldin badago inon, eta betetzen ez dela ikusten bada, ez du axolarik. Hizkuntza-politika jaregin horretan, giro erdaldunean bizi eta murgiltze ereduan ikastea aukeratzen dutenei ez zaie, askotan, agindutako euskararen ezagupena bermatzen, horrek dakarren etsipenarekin. D eredua gero eta gutxiago da murgiltze eredua. Hainbat kasutan, horren izenpean B eredu ezkutua dago. Atzerritarrendako ere lilurarena da euskararako bidea. Bota egiten dira edozein gelatan ez saririk, ez beharrik, ez exijentziarik, ez duen hizkuntza batean ikasten. Ez dute ezer ulertzen, ez hizkuntzaz, ez bizi duten egoeraz. Lardaskeria hori zuritzeko lehentasun modura kultura-artekotasuna, integrazioa, aniztasuna, elkarbizitza, eta ez dakit zer kontu jartzen dira, eta ez ikasketa eta etorkinaren konpromisoa jaso duen erkidegoarekin. Horrek ez die euskararen ezagupena bermatzen, eta ez die integraziorako inolako samurtasunik eskaintzen. Integraziorako tresna izan beharko lukeen euskara, traba gisa agertzen zaie, eta erdararen presentzia indartzen da euskara hutsekoak izan beharko luketen geletan, lana zailduz ikasle eta irakaslearendako.

Inon aurrerapauso sendoa eman bada, ez da hizkuntza-politikari eskerrak izan. Aurreratu da euskaldun eremuko herri txiki eta erdi mailakoetan, euskarari egindako jazarpen modu gordinenak arinduta, herritarrek hartu dutelako euskara euren besoetan. Horretaz gain, ikusi dut jendea lanean egunkari eta komunikabideetan, idazten, euskaltegietan, orduak sartzen, soldata eskasekin; ikusi ditut euskal herritarrak umeei euskaraz hitz egiten; ikusi dut erdal giroko hainbat gazte euskara lantzeko pozarekin, euskara berea eginda, ikusi dut jendea ere sorkuntzan, kantagintzan, literaturan, euren konpromisoarekin, euskara lehenesten beste aukera batzuen artean. Eginahala, eskuzabaltasuna, poza eta negar malkoa. Eta ikusi dut hizkuntza-politika jaregina, etsia, fosilizatua, eta ardurarik hartu ez duena.

Nik esango nuke baietz, azken hogeita hamabost urte honetako hizkuntza-politika buruiritzia arrakastatsua izan dela oso, eta balio izan duela erdara finantzatzeko, sendotzeko eta finkatzeko. Are gehiago, esango nuke hizkuntza-politikek euskara menpekoa eta atxiloa egin dutela eta egin dutela erdara askea. Hizkuntza-politika jareginaren emaitza izan da euskara erakunde-kaiola baten kateatuta edukitzea, erdara aske ibiltzeko Euskal Herriko larre eta kale bazterretan. Eta nik horri denari negarktibity-a esango nioke.

BERRIA