Europar Batasunaren memoria historiko maltzurra eta nazismoak komunismoarekin duen parekatze onartezina

Memoria historikoa nahiko gai aldakor eta hegakorra izan ohi da, ez soilik historia urrunean desagertzen delako iraganaren irudia desagertzen den heinean, baizik eta aldatzen den zerbait delako, prozesu aktibo baten bidez eraldatzen delako, non belaunaldi bakoitzak transmititu zaion mundua berrinterpretatzen duen. Hartara, erraz ikusten da gertaera historikoak SESBari buruzko mendebaldeko ikuspegi menderatzailean 1945etik aurrera eragiten dituen aldaketak (Gerra Hotza, Khrushchevek Stalini egindako arbuioa, Ekialdeko Blokeko matxinadak eta azken kolapsoa), Estatu honek Bigarren Mundu Gerraren amaierako garapenean eta bukaeran aktore nagusi gisa izan zuen prestigioaren higadura progresiboa agerian utziz. Adibide gisa, Frantzian 1945eko maiatzean egindako inkesta bat aipatu behar da. Inkesta horretan, Alemania nazia garaitzen gehien lagundu zuen nazioa zein izan zen galdetuta, %57k SESB jo zuen aktore erabakigarritzat, %20k AEB eta %12k Britainia Handia. Hala ere, inkesta bera 1994an egina (gerra amaitu eta bost hamarkada geroago), pertzepzioak goitik behera aldatu ziren: soilik %25ek uste zuen SESBek gehiago lagundu ziola aliatuen kausari, Estatu Batuetako %49k eta Britainia Handiko %16k.

2019ko Irailaren 19an, Europako Parlamentuak Europaren historia berridatzi zuen “Europaren etorkizunerako memoria historikoak duen garrantziari buruzko” mozio bat onartzean. Mozio hori 19 diputatuk aurkeztu zuten, horietako 18 poloniarrak eta bat letoniarra. Mozioaren arabera, “Bigarren Mundu Gerra 1939ko abuztuaren 23ko nazien eta sobietarren arteko ez erasotzeko Itunaren (Molotov-Von Ribbentrop Ituna) emaitza zuzena izan zen”. Itun horren bidez, Sobietar Batasunak eta Alemania naziak, “bi erregimen totalitario bikik, mundua konkistatzeko eta Europa bi eragin-eremutan banatzeko helburua partekatzen zuten”. Amaitzeko, estatu kideei eskatzen die “estalinismoaren eta nazismoaren Biktimen Europako Eguna izan dadin abuztuaren 23a, bai nazioan, bai Batasunean”. Aldeko 535 boto (kontserbadoreen, liberalen, nazionalisten, sozialdemokraten eta zenbait berdeen koalizioa), kontrako 66 eta 52 abstentzio jaso zituen ebazpenak.

Europako Parlamentuan Europako Ezker Bateratuak/Ezker Berde nordikoak ahalik eta termino indartsuenetan gaitzetsi zituen Bigarren Mundu Gerraren leherketaren 80. urteurrena etekin politikorako eta errebisionismo historikorako aitzakia gisa erabiltzeko saiakerak (2019ko irailaren 19)

Testuaren ideia orokorra da europarrek beren iragan beldurgarria gogoratu behar dutela etorkizunean halakorik ez errepikatzeko, baina ebazpen horren xedea da nazien eta Holokausto juduaren inguruan egiten den ohiko memoria birdimentsionatzea, totalitarismo komunistara bideratzeko, nazismoarekin berdintasunean jarriz. Komunismoa, ebazpen horren arabera, nazismoaren biki ideologikoa da, eta, ondorioz, SESBek Alemaniarekin erru bera partekatzen du gerra hasteagatik. Hori horrela bada, ebazpen horren egileak Nurembergeko epaiketaren ondorioak eta epaiak errefusatzen ari dira, non alemaniarrak, ez sobietarrak, auzipetu eta zigortu zituzten “munduko bakearen aurkako” krimenengatik. Europako Parlamentuak orain dioen bezala, SESB Alemania bezain errudun izan balitz gerra hasteagatik, orduan, logikoa denez, NBE, egungo nazioarteko sistemaren oinarria, erakunde kriminal gisa desegin beharko litzateke.

Report this ad

Sobietar Batasunari, komunismoari eta estalinismoari egindako 31 aipamenekin, 19 baino ez nazismoaren eta Alemania naziaren aurkoekin alderatuta (eta bakar bat ere ez faxismoaren aurka), ebazpenak komunismoaren krimenen inguruan kontzientzia sortzeko beharra azpimarratzen du, behin eta berriz aldarrikatuz, Molotov-Von Ribbentrop itunari buruzko bost aipamen baino gehiagorekin, gerraren eragile nagusi bezala. Ebazpena kategorikoa da, eta ez du onartzen ez tinta-erdi ez ñabardurarik: gerra Molotov-Ribbentrop itunarekin hasi zen, bi erregimen totalitarioen aldetik Polonia aske eta independentearen inbasio bikoitza eta zatikatzea eragin zuena. Ituna, Poloniaren hasierako inbasiorako baldintza zen arren, inplikatutako aldeek, nahiko motibazio ezberdinak zituzten: Hitler, 1920ko hamarkadaz geroztik gatazka espantsionista planifikatzen aritu zen; bestalde Stalinentzat, funtsean, ituna, SESB inbasio mehatxutik babesteko defentsa maniobra bat zen, eta denbora baliotsu bat irabaztea, faxismoarekin hurrengo konfrontaziorako beharrezkoa zen berrantolaketa industrial eta militarra lortzeko.

Ezkerretik eskuinera: Chamberlain, Daladier, Hitler, Mussolini eta Ciano, Municheko Akordioak sinatu aurretik.

Halaber, ebazpenak, harrigarria bada ere, oinarrizko gertakari historikoak baztertzen ditu bere errelatoa eraikitzeko.  Izan ere, gerra lehertzearen historia ez zen 1939ko abuztuaren 23an hasi, urte bat lehenago baizik, 1938ko irailaren 29an, Municheko Itunarekin, Alemania naziaren lurralde hedapenerako “Overtonen leihoa” ireki zuena, eta, azkenik, Bigarren Mundu Gerra ahalbidetu zuena. “Overtonen leihoa” teoria politiko bat da, une jakin batean nagusi den biztanleriarentzat politikoki onargarriak diren politiken maila deskribatzen duena, leiho estua balitz bezala. Era berean, teoría horrek azaltzen du denboran zehar aldaketa bat gerta daitekeela iritzi publikoak garai batean burugabetzat jotzen ziren ideiei buruz duen pertzepzioan, eta orain onartu egiten direla. Horri dagokionez, gogoratu behar da 1930eko hamarkadan Britainia Handiak eta Frantziak Hitlerrekin ez erasotzeko itunak sinatu zituztela, eta hura hainbat modutan “lasaitzen” saiatu zirela, hau da, Versaillesko Itunak berrarmatze alemaniarrari buruz ezarritako debekua hausteko aukera ahalbidetuz, Sarreko lurraldea Nazioen Elkarteak administratuta (1935) itzuliz, Italiako gobernu faxistari Abisiniaren inbasioa onartuz, Espainian Franco jeneralaren alde (1936) egindako esku-hartze armatuari bista potoloa eginez, azken batean, Austriako “Anschluss” delakoa Alemaniara martxoaren 12an isilaraziz.

Alemaniaren hedapena 1935-1939 aldian

Eta horrela iritsi zen “baretzea” Munichen (1938ko irailak 29-30). Okerrena suposatzen zen demokrazia liberalek nazien hedapenaren aurrean izan zuten jokabide lotsagabe eta lotsagarria. Horrela izan zen, akordio honen bidez, Txekoslovakiak Alemaniaren aldeko Sudeteak galdu zituen, eta txekoslovakiar estatuaren hondakinen osotasunari eta subiranotasunari buruzko berme alemaniarrak izan arren, bere zatiketak jarraitu egin zuen: Hungariak Eslovakiaren hegoaldea eta Transkarpatia okupatu zituen; Poloniak, Cieszyn eskualdea; eta Eslovakiak independentzia aldarrikatu zuen. 1939ko martxoaren 15ean, Alemaniak ituna hautsi zuen, gainontzeko lurralde txekiarrak inbaditu zituen, Reichari Bohemia eta Moraviako protektoratu bezala erantsiak, Txekoslovakiak estatu izateari uztea eragin zutenak. Txekoslovakia kaputt. Britainia Handiak eta Frantziak ez zuten hatz bat ere mugitu, zirkinik egin ez.

Hortik aurrera, nazien asmo hedatzaileak oso argiak ziren, “Overtonen leihoa” argi eta garbi ireki baitzen, eta Sobietar Batasunak berriro proposatu zien Frantziari eta Ingalaterrari akordio militar bat Alemaniaren aurkako aliantza bat egiteko, baina aliantza hori ez zen gauzatu, proposamen politikoa ez zelako inoiz erantzun. Egun dramatiko horietan Alemaniako armada inbaditzailea Poloniako mugetan erasoak egiteko prestatzen ari zen. Gerra ia saihestezina zen, eta Sobiet Batasuna inbaditzeko alemaniarren bidea laster geratuko zen libre. Egoera horietan, sobietar gobernuak proposatutako elkarrizketak onartzea erabaki zuen, herrialdearen defentsarako gaitasuna handitzeko denbora baliotsua irabazteko asmoz. Molotov-Von Ribbentrop erasorik ez egiteko itunak garrantzi handiko epea eman diezaioke herrialdeari, eta hala gertatu zen.

Vyacheslav Molotov (lehen planoa), Joseph Stalin (bigarrena eskuinetik) eta Joachim von Ribbentrop (hirugarrena eskuinetik). Molotov-Ribbentrop hitzarmena izenpetzen Moskun (1939ko abuztuaren 23)

Bestalde, Europako Parlamentuaren ebazpenean badira agerikoagoak diren beste omisio batzuk. Larriena, beharbada, EBren existentzia bera Armada Gorriaren zein beste talde komunista batzuen kanpaina militarrei esker posible izan zela aitortu ez izana da, historiatik ezabatuz gerraren garapenean izan zuten rol nagusia, bai Sobietar Batasunak (28 milioi hildako), bai Italiako, Frantziako eta beste herrialde batzuetako partisanoen mugimenduek, gehienak komunismoaren ikuspegiren batek eragindakoak. Egia esan, komunistek Europa osoan faxismoari aurre egiteko mugimenduen bizkarrezurra osatu zuten, eta horietako asko beren bizitzekin ordaindu zituzten. Hala ere, EBko Parlamentuaren ebazpenak ez ditu aintzat hartzen, eta ondoriozta daiteke haren sakrifizioak, edonola ere, guztiz doakoak eta alferrikakoak izan zirela.

Nazismoa komunismoarekin parekatu eta partekatu zituzten praktikak aipatzean, ebazpenak historiaren pertzepzio publikoa moldatzea, orainaldian dauden aukera politikoetan eragitea eta XX. mendeko borroken garaile handiari, Demokrazia Liberalari, gure begirada finko eustea bilatzen du. Narratiba honen arazoa mundu osoan mendebaldeko estatu demokratikoen erabateko babesarekin loratu ziren erregimen totalitario batzuk alde batera uztea da: Pinocheten Txile, Pahlaviren Iran, Suhartoren Indonesia, Batistaren Kuba, Mobuturen Kongoa …, baita XX. mendeko Europako beste erregimen totalitario batzuk ere, hala nola Espainia (Franco), Portugal (Salazar) eta Koronelen Grezia. Hala ere, egokitzat jotzen du egungo Errusiari buruzko gaitzespen zehatza egitea, datu hori oso argigarria baita; izan ere, ebazpen horren aitzindariak Ekialdeko Blokeko herrialde zaharrak izan ziren. Beraz, ebazpena iragan historikoaren desitxuratze hutsetik haratago doa, orainarekin ere egiten du, Errusiak gaur egun “krimen komunistak estaltzen eta erregimen totalitario sobietarra loriatzen” jarraitzen duela argudiatuz. Baieztapen hori bermatzen duen frogarik ez emateaz gain, 2017an iraultza boltxebikearen mendeurrenaren ospakizunean egindako zeremonia isildu du, Putin presidenteak “minezko harresi” bat inauguratu zuenean, hau da, izu komunistaren biktimen omenezko oroitarri bat. 2008an, bera eta Medvedev presidentea Aleksandr Solzhenitsynen hiletara joan ziren, ‘Gulag artxipelagoa’ ren egilea, Putinek hil aurretik behin baino gehiagotan bisitatu zuena.

Faltsifikazio eta omisio horiek ezin dira “partekatutako memoria” baten oinarri bihurtu, ez eskoletan historia komuna aztertzeko programa baten oinarri, ez eta mozioak eskatutako “erregimen totalitarioetako biktimentzako oroimeneko Europako egun” baterako plataforma ere. “Arrazismoaren, faxismoaren, xenofobiaren eta beste intolerantzia modu batzuen aurkako borrokari” egindako apelazioak ezin dira oinarritu historiaren erabilera distortsionatuan edo antifaxismoaren funtsezko osagai baten erroak mozteko asmo aitortuan, osagai komunista alegia.

Putinek Solzhenitsyn bere etxean bisitatu zuen 2008ko abuztuan hil baino lehentxeago

Are gutxiago onargarria da komunismoa “genozida” gisa aurkeztea. Europako Parlamentuaren mozioak, Hungariako eta Poloniako antikomunismoan oinarrituta, estalinisten ankerkeriak ez ezik, estatu-sozialismoaren esperientzia osoa gaitzesten du, baita Stalinen aurka agertu ziren komunistak ere, nazien eta haien sarraski-eremuen baliokide gisa. Harrigarria!! Badirudi naziak jada nahikoa kondenatuak izan direla, baina komunistak ez. Honek, nazionalismo poloniar edo hungariar gogorrena islatzeko balio du, biktimizazio eta berrerospen terminoetan, eta, bestetik, “Komunismoaren” aurkako egungo gerra kulturala azaltzen du, herrialde komunistarik ez dagoen garai batean, baita ezkerrak jada existitzeari utzi zion edo zentro-neoliberaleko posizioetara biratu zen garaian ere. Horrela uler daitezke gaur egun Polonian eta Hungarian gauzatzen diren komunista ohien purgak, 1945aren ondoren eraikitako gerra monumentu sobietarren eraispena, azkenik, ezkerraren eta era guztietako marxismo kulturalaren demonizazioa. Egia esan, ekialdeko blokearen kolapsoaren ondoren, herrialde horietako askotan alderdi komunistak jada debekatuak izan direnean eta komunismoa mugimendu politiko gisa desagertu denean, gaur egun mehatxu “estalinista” irudimentsua baino ez denean, oso adierazgarria da Salvini, Orban eta Kaczynski motatako pertsonak “antitotalitarismoa” erabiltzen ari izatea ezkerra kondenatzeko eta beraiek faxistak direla ukatzeko. Europako Parlamentuaren ebazpena nahasgarria da, Erresistentziako heroien beraien memoria zapaltzen du (horien artean komunistak oso ordezkatuta zeudelarik), faxismoaren alde jartzen da eta Europa osoan sentimendu neonaziak berpizten laguntzen du, eta ondorioz hori gerra berri bat hasteko aurretiko baldintza da. Baina, horrekin batera, ebazpenak zuzenean ahultzen ditu Ekialdeko Europan komunisten jazarpena arintzeko saiakerak, eta aktiboki sustatzen du legeria antikomunistaren hedapena EBko beste leku batzuetan. Azkenik, ikuspegi politiko eta estrategikotik, ebazpenak falka edo ziri bat sartu nahi du Europako mugimendu laboral eta sindikalean, zatitzeko, neoliberalismoaren garapen basatia babesteko, lan eta herrien eskubide demokratikoak kapitalaren eta inperioaren interesen aurrean baieztatzen dituzten herri mugimendu bateratuen sorrera saihesteko

https://busturianaiak.home.blog/2020/02/22/europar-batasunaren-memoria-historiko-maltzurra-eta-nazismoak-komunismoarekin-duen-parekatze-onartezina/