Espainiar politikaren azken gorabeherak

Azkenaldian politika espainiarraz hitz egiten ari direnez komunikabide eta politiko guztiak, guk ere gure analisi partikularrak egitera ausartuko gara, nahiz eta ez izan politika espainiarra modu inmediatoenean eragiten digun gauza. Nolabait eragin, edota zuzenago esanda, kaltetu gaitzakeen gauza bakarra da, askok pentsatzea politika espainiarra euskal politika dela, nafar politika dela, askapenerako politika dela.

Abertzale eta ezkertiar direnak pozez txoratzen dabiltza. Ez nuke ni izan nahi poz hau baretuko diena, ait lute zerbait seriorik egiteko posibilitaterik ukango! Baina ez da hala. Orain, diote, garai berri bat hasiko da, orain ezkerraren garaia da. Bilduk hauteskundeetan aurrerapauso itzela eman omen du. Bide batez, zorionak, Bildu! Orain, zuek ere izango duzue gaitasuna nahi duzuena egiteko.

Baina jakin ezazue gauza bat: egoera eta sistema ez demokratiko batetik, ezin daiteke demokraziarik sortu. Egoera ez demokratikoan egonda demokrazia eratu daiteke, baina ez egoeratik. Eta egoera demokratikoa ez dela, soberan presente izan beharko genuke gure buruetan. Hala ere, ez dut ikusten hori denik zuen mezua.

Gainera, zergatik egoera berria? Nik ez dut ikusten ezer aldatu denik. Okupatuta segitzen dugu. Gizartean independentismo eta ezkertiartasunak indar berdina izaten jarraitzen du, nahiz eta orain, gainera, batere demokratikoak ez diren erakunde batzuetan ere hau plasmatu. Baina uste dut kontu honetan, herri honek omen duen ohitura ez oso gomendagarri bati heldu diozuela: iragana ahazteari. Noiz arte entzun beharko dugu “euskal gatazka” deritzozuen horrek berrehun urteko luzera duela? Niri, beste askori bezala, kalkuluak txarto irteten zaizkit: 1811 ematen dit. Zer gertatzen ari zen orduan, Espainia independentzia berreskuratzen ari zela ez bada?

Baina bueno, agian hobe Nafarroaz ahaztea. Berdin dio, iragana da. Lasai ze, horrela jarraitzen badugu, gure erroak ahaztuz, orduan ez dugu ezer lortuko, ez gara inora helduko ez baitakigu nondik gatozen. Eta horrela, egunen batean gutaz ere ahaztuko dira.

 

http://www.arielxxi.blogspot.com/