Leitzarrak Kultur Aroan murgilduko dira bi astez

Gaurtik hasita, hitzaldiak, ikuskizunak, kontzertuak eta artisauen azoka izanen dira herrian

Leitza

 

Leitza. Urtero bezala, Alke Lei-tzako Kultur taldeak eta herriko eragileek ekitaldiz jositako programa itxi dute gaur hasi eta bi astez luzatuko den Kultur Arorako.

Lehen hitzordua gaur bertan izanen da gazteek aisialdian daukaten jarrerari buruzko hitzaldiarekin. Teresa Martinezen eskutik joanen da solasaldia 20.00etatik aurrera Aurrera elkartean. Bihar berriz, Internet eta segurtasunari buruz mintzatuko da Mikel Gastesi 19.00etan liburutegian eta egun bat beranduago, Angel Rekalde eta Beñis Agirrek Orreagako batailak ekarriko dituzte gogora 20.00etan Aurreran.

Asteburuarekin batera, hitzordu kopurua ere gorantz joanen da. Izan ere, ostiralean kamisetak margotzeko tailerrak, perkusio ikastaroak, hitanoei buruzko hi-tzaldia eta La Jodedera taldearen kontzertua izanen dira 17.00etatik aurrera. Larunbatean berriz, mendi irteera eta Baginaren elkarrizketak antzezlana ikusteko aukera izango da. Eta astea agur-tzeko, igandean, Raul del Tororen ikasleek organo kontzertua eskainiko dute eguerdian elizan.

Urtero gertatzen den moduan, Kultur Aroko bigarren astea oraindik eta indartsuago iritsiko da herrira ekitaldi gehiagorekin. Hasteko, astelehenean, Perurena dokumentalaren aurkezpena eta solasaldia izanen dira 20.00etan Aurreran. Jon Garañoren lan honek, Leitzako Iñaki eta Inaxio Perurena harri-jasotzaileen testigantzak biltzen ditu eta horien inguruan eztabaidatuko dute parte hartzaileek aurkezpenaren ondoren.

Egun bat beranduago, leku eta ordu berean, Egoitz Garrok makrobiotikari buruzko xehetasunak emanen dizkie bertaratzen diren herritarrekin. Asteazkenean, berriz, Fermin Aramendiak Urrezko mirrak bidai hitzaldia eskainiko du elkarte berean 20.00etan eta egun bat beranduago, Euskal Herriko inauteriak izango ditu mintzagai Aitzpea Leizaola, EHUko irakasleak. Kasu honetan ere, leku eta ordu berean izanen da hitzordua.

Aurtengo programako beste hi-tzordu garrantzitsua Kerobia taldeak ostiralen, hilak 27, eskainiko duen kontzertua da. Ikuskizuna 23.00etan hasiko da zine aretoan eta lehenago, elkarretaratzea eginen da Lopenean.

Beste egun handia larunbata izanen da Gazte Eguna ospatuko delako herrian. Eguerditik hasita, bazkaria, kalejira, malabare ikuskizuna, batukada ikastaroa, luntxa eta Hidro eta Vomitoren kontzertuak izanen dira Gazte Asanbladaren eskutik.

Igandean, azkenik, XXXIV. artisau azoka izanen da plazan 11.00etatik aurrera eta lehenago, gaiteroek diana eskainiko dute herriko kaleetatik barrena. Ohi bezala, herri ezberdinetako artisauak etorriko dira herrira beren lanak erakutsi eta saltzera.

Azken bi urteetan bezala, Kultur Aroa amaitzeko, Sagardo Eguna ospatuko dute ekainaren 11an eta ohi bezala, Gipuzkoa eta Nafarroako ekoizle ugari hurbildu dira herrira aurtengo sagardoa ezagutaraztera. Gainera, aurten, edari honen inguruko hitzaldia antolatu dute bezperan Aurrera elkartean, 20.00etatik aurrera.

 

Noticias de Navarra-k argitaratua