Larunbatean, ekainaren 8an, Elortzibarko XIII. Euskararen Eguna ospatuko dugu Noainen. Haur, gazte zein helduek gozatzeko egitarau polita prestatu dugu, eta, zalantzarik gabe, festa egun handia izanen da.
Festa egun handia izango da, bai, baina baita aldarrikapenerako hitzordu aproposa ere. Urtero bezala, Elortzibarko herritarrok euskaraz bizi nahi dugula ozen eta harro erranen dugu. Gero eta gehiago gara, eta, urtez urte, gure nahia eta horretarako hartzen dugun konpromisoa berresten ditugu.
Baina hori ez da gure aldarrikapen bakarra izanen, euskaraz bizitzeko ez baita nahikoa euskaldunon borondatea, zoritxarrez. Euskaraz bizitzeko, euskaldunon eskubideak bermatuko dituzten hizkuntza politika eraginkorrak ere behar ditugu. Eta euskaldunon eskubideak bermatzea ezinezkoa da gaur egun oraindik indarrean dagoen Ley del Vascuence delakoarekin. Beraz, euskarari jarritako muga lotsagarri horiek ezabatzeko garaia da.
Horrexegatik, Nafarroako berezko hizkuntzak merezi duen legea exijitu nahi dugu, euskara Euskal Herri osoan ofizial izendatuko duen legea, alegia. Elortzibarko euskaldunok Lesaka, Izaba, Faltzes, Ziburu, Amurrio, Atharratze, Zumaia, Baigorri edo Gernikakoak bezalakoak garelako, zonifikaziorik ez!







