Aranzadik indusketetan egindako aurkikuntzak ikusgai egongo dira hilaren 15etik aurrera

‘Beloaga: gaztelu baten historia, herri baten historia’ erakusketa ikusgai egongo da udaletxeko areto nagusian datorren astelehenetik (hilak 15) aurrera. Bigarren aldiz jarriko da gure herrian dagoen Nafarroako erresumako gazteluari buruzko erakusketa etxean, Euskal Herriko historiaren berri ez ezik, bertan egin diren aurkikun-tza arkeologiko aberatsen berri ere izan dezaten herritarrek.
Oiartzungo Udalak merezi duen balioa eman nahi dio Beloagako gazteluari. Lekua errekuperatzeko ezinbestekoa izan da oiartzuar talde batek egindako auzolana. Indusketak arkeologikoak, berriz, Aranzadi Zientzia Elkarteak egin ditu, Javi Bucesen eta Alfredo Morazaren zuzendaritzapean. Hiru garaitako aztarna arkeologikoak topatu dituzte bertan: Erdi Arokoak, II. Karlistadakoak eta 36ko Gerrakoak (geziak, aiztoak, dadoak, zeramikak.). Garrantzitsua da bertan topatutako txanpon bilduma ere (XIII. eta XV. mende artekoak).
Beloagako gaztelua Euskal Herriko historiaren lekuko paregabea da: 1200. urtean konkistatu zuen Gaztelako Alfonso VII.k eta Erdi Aro osoan Nafarroako Erresumaren eta Gaztelakoaren arteko liskarretako etengabeko protagonista izan zen. II. Karlistadako (1872-1876) eta 36ko Gerrako kapitulu batzuk ere idatzi ziren bertan. Besteak beste, errepublikazaleen trintxerak egon ziren bertan eta gero, frankisten errepresio-gune bihurtu zen, zigortutako langileen batailoiak egon baitziren Arkale mendian.
Udalak eta Aranzadik elkarlanean antolatu duten Beloagako gazteluari buruzko erakusketa hilaren 30a arte egongo da ikusgai. Ordutegia 10:30etik 14:30era izango da, astelehenetik larunbatera. Erakusketa martxan dagoen bitartean, herriko ikastetxeetako ikasleak bisitan joango dira.
Errekuperatzeko proiektua
Oiartzungo Udalak, gazteluaren aztarnen egoerarekin kezka harturik, Aranzadi Zientzia Elkarteari hauen kontsolidazio-proiektua eskatu dio. Anartz Ormaza arkitektuak egin du proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideak jarraituz. Gazteluaren hondamena geratzea da helburu nagusia eta irisgarritasuna bermatzea, bidezidor malkartsuan gorako bideko zenbait pasarte arrisku-tsuak direlako.
Proiektua gauzatuko balitz, Beloaga aisialdi eta kultura alorreko baliabide gisa eskaini ahal izango litzateke. Honen bitartez, Gipuzkoako historiaren mugarri nagusienetako bat ezagutaraziko litzateke.
Anderregiko hilarriaren erreplika jarri da
Honez gain, herriko Nafarroa Bizirik! taldeak Anderregiko hilarri erromatarraren erreplika jarri du Beloagako gaztelura doan bidean. Anderregiko hilarria k.a.-ko II. mendea eta k. o.-ko I. mendearen artekoa dela diote adituek.
Hilarriari buruzko lehendabiziko aipamena 1470ekoa da, Hondarribiko mugei buruzko dokumentu batean. Hilarri originala Donostiako San Telmo Museoan dago 1932az geroztik.






