Estatu antolaketa aurretik, Euskal Herrian BATZARREN aintzindari bat zegoela ematen du.
Euskal Herrira hurbildu zen lehenengo Estatua iritsi zenerako, Euskal Herria politikoki antolatuta zegoen. Eredu propioekin ala sinkretikoekin, bai Iparraldean, bai Hegaoldean, hiriak zeuden.. Erromatarrak heldu zirenerako, euskal taldeak edota leinuak politikoki antolatuta zeuden. Europako gainontzeko herriak lez, ahaidetasunean eta ohituretan oinarritutako sistema juridiko batean.
Nafarroa
Euskaldun gehienak gerora Nafarroako Erresuma izango zen Estatuan elkartu ziren. Estatu honen sorreran hiru iturri ikusten dira, elkarrekin eta sarritan lehian:
1-Euskal jatorrizko sistema juridikoa
2-Erromatik hartutako ereduak
3-Herri germanoetatik hartutako ereduak
Erregeek botere gehiago eskuartzeko, tradizio juridiko germanotik tiraka, eskumen berriak lortu nahi zituzten. Nafarroako herritarrekin izandako liskarretan nafarrek jatorrizko legeei errespetoa eskatzen zioten eta dirudienez, Nafar Estatuaren egitura juridikoan Batzarretan oinarritutako burujabetzak maila gorena zeukan, artxiboetan azaldutako zenbait auzitan , arrazoia Batzarrei ematen baitzieten.
Batzarren esku zeuden konpetentzia garrantzitsuenak, bizi-iraupena bermatzen zituzten konpetentziak, alegia.
Estatu guztien sorreran bizi-iraupenaren kontrola da ardatza, larrialdietarako erretserbaren kontrola. Hau da, lurra, ura, basoa, animaliak, herri-jabetza eta defentsaren ardurak. Hauek guztiak historikoki Euskal Herrian Batzarren esku egon dira eta larrialdietarako erretserba ez da inoiz inoiz (boluntarikoki bederen) Estatuaren, Elizaren edota errege baten esku.
Batzarrrak eta zuhaitzak
Dakigunaren arabera, jatorrizko batzarrak, Euskal Herri osoan, zuhaitzen itzaletan egiten ziren. Irakurketa hau zuzena izan daitekeelakoan gaude:
Indoeuropear herrietan garai berean egiten ziren asanbladak “gudarien asanbladak” ziren. Gizon armatuak alegia. Jerarkikoak, militarrak eta matxistak ziren gizartetan. Euskal Herrian berriz, eta beste leku askotan, Batzarrak ez ziren gerreroen bilerak baizik eta familien bilera horiziontalak, non familia (su) bakoitzak eskubide bera zeukan,
Zergatik zuhaizpean eta modu horizontalean?
Gure ustez Japonian eta beste toki batzuetan bezala, beharrezkoa dena zaindu behar delako eta zaintza ziurtatzeko ondarea sakralizatu egiten delako. Gure kasuan: BASOA.
Basoek bizitza bermatzen zuten.
1- Egurra: etxeak eta SUA egiteko. (SUAk ziren biltzarretan parte hartzeko unitateak). Egurra dohainik eskuratzeko eskubidea, egun oraindik Arabako eta Nafarroko herrietan erabiltzen da. Egurra doanik eduki ahal izatea familiaren autonomiarako bermea zen. Egurra erregai bakarra baitzen eta norberaren etxea egiteko osagairik garrantzitsuena.
2-Neguan jateko fruituak: Urra, Ezkurra, Intxaurra. Gorde daitezkeen fruituak, erretserba kolektiboa
3-Ehiza: animalien proteinak lortzeko. (Matalazeen matxinadan, aldarrikapen nagusia larrak, basoak eta ehizaren kontrolari eustea zen, izan ere, Frantziako nobleek, ingalaterrakoen antzan, ehizaren monopolioa nahi zuten herritarren menpetasuna lortzeko).
4-Babesa. Erasoen aurkako babestokia, Oihana.
Hortaz, Batzarrek bi zutabe zuten: etxea eta sua. Jon Sarasuak esan zuen moduan, Arestiren esaldi ezagunari gehigarri bat atxikiz: “aitaren etxea eta amaren sua defendituko ditut”
Batzerren boterearen hondar batzuk geratu dira: Foru legeladian, mankomunitatetetan, Pirineoetako herrien batzarretan, Arabako kuadriletan… ez da kasualitatea hondar horietan, hain zuzen ere, oraindik, lurra, larrak eta egurren banaketa egotea.
Batzarrak egun
Batzarren egituraren oinarriak ahaidetasuna eta ohiturak baziren ere, hau da, egungo errealitaterekin gero eta harreman gutxiago daukaten bi oinarri, azpian dauden helburuak: bizikidetzaren araudia eta bizi-iraupenerako bermea, egungo beharrak dira.
Estatuek kolonizazio prozesuarekin batera gure sistema juridikoa irauli dute. Bada garaia, norabidea aldatzeko eta XXI.mendeko demokrazia partehartzailea sortzeko urratsak emanteko.
Erabakiak hartzeko ahalmena herritarroi hurbildu behar zaigu, Batzarren eredu eguneratuak haruntza hurbiltzeko tresna eman diezaguke.
Aintzinean bezala, egungo batzar batek boterea gizarteratu beharko luke. Norberaren eta koletiboaren bizitzarako beharrezkoak diren ondare sozialak, materialak eta kulturak zaintzeko eta bermatzeko
Gure sistema juridikoan ”sua” unitatea bazen ere, egun, norbanakoa sujetoa izatea egokiago dela uste dugu. Suen elkartzeak “auzo” unitatea sortzen zuen moduan, orain “auzo” izan liteke batzar bat antolatzeko oinarrizko esparru fisiko-geografikoa-soziala. Beste testu-inguru politikoa izan arren, antzeko ondoriora iritsi dira Ingalaterrako Transition Town mugimendukoek.
Pertsonak gero eta gehiago mugitzen gara, ez dugu izaera bakarra, ez dugu testu-inguru geografiko, kultural eta politiko bakarra. Gure inguruko herri aberatsetan bezala, gurean ere, bizi-itsaropena luzatu da, aldaketak bizkortu dira, jendea jaio den tokitik mugitzen da, joaten da, itzultzen da…Ez dugu aurpegi bakarra, baina bai, berriz, nagusi bat. Mundu osoan, baita ere herrialde postindustrialetan, gehienok, pertsona-lokalak gara. Lokalizatuak, eguneroko bizitzan inguru hurbil batean ibiltzen gara, sentitzen dugu, elikatzen gara, maite eta gorroto dugu.
Inguru horri “auzo” deituko diogu. Batzutan auzoa herri oso bat izango da bestetan hiri baten auzoa, noizbait baserri multzo bat, akaso auzo baten sub-auzo antolatua.
Marko horretan, bertan bizi edota lan egiten dugunok Batzar bat osatzeko eskubidea dugu.
Estatuek jarritako mugen gainetik, alderdietan oinarritutako udalerrien antolaketa aberastu nahian, hilean behin ohiko biltzar gisa eta larrialdien aurrean beharrezkoa denean, Batzarretarako deialdia egin liteke.
Auzolana
Tradizioan izan den bezala, auzolana gertuko pertsonen eta taldeen arteko lan kolektiboa da. 1972an M Shalins antropologoa egindako grafikoan erreparatuko bagenu, auzolanaren jardunean “reciprocidad equlibrada-elkarrekikotasun orekatua” eremuan kokatzen diren hartu emanak izango lirateke.
Auzoa osatzen duten pertsonek elkar ezagutzen dute, estuki ala tartekarien bidez, denok dute elkarren berri, izaeren berri, interesen berri, asomen berri…Harreman iraunkorra dute ala denbora luzez leku berean bizitzeko borondatea dute. Esparru horretan elkartasuna da jendarte kohesioa eta ongizatea ziurtatzeko biderik iraunkorrena.
Elkartasunaren baitan kokatzen dugu, batzarren antolamendua eta auzolanaren metodologia. Beti, baina gehiago krisi garaian, elkarren laguntza behar dugulako, truke iraunkorra, lan boluntarioa, adiskidetasuna …
Honako gaiak jorratu nahi ditugu urriaren lehengo asteburuan Auzolan Elkarteak antolatu dituen topaketetan.
Publicado por Nabarralde-k argitaratua








