Azerbaijan (1). Azerbaijandar nortasunaren aurrekari historikoak

Etniatik nazio bat izatearen ideia kontzienterako bilakaerak, eta hortik estatu independente batera igarotzeak eragin naturalak eta egoerazkoak izan ditu Azerbaijanen. Historian zehar, herri azerbaijandarrak askotariko identitate-definizioak izan ditu. XI. mendetik, gutxienez, Arax ibaiaren iparraldeko eta hegoaldeko ibaiertzetako turkiar hizkuntzako biztanleek identitate etnikoa, kulturala, linguistikoa eta erlijiosoa zuten, gutxi gorabehera uniformea, baina XIX. mendearen amaierara arte ez ziren agertu azerbaijandarraren lehen definizioak faktore etniko-nazional bereizgarri gisa.

I-Albania kaukasiarra (Arran) eta Atropatena.

Herri azerbaijandarra ez da soilik egungo Azerbaijango Errepublikan bizi, baita Kaukasotik Irango iparralderaino doan lurralde erraldoi batean ere, Zenjan hiritik gertu. Azerbaijan historikoak, Azerbaijango estatu independenteaz gain, Irango Errepublika Islamikoaren subiranotasuna duten hiru probintzia hartzen ditu barnean (Ekialdeko Azerbaijan, Mendebaldeko Azerbaijan eta Ardebil). Araz ibaia lurralde hauen banalerroa da. Azerbaijan historikoaren haustura 1828an gertatu zen, Iran eta Errusiaren arteko gerrari amaiera eman zion Turkmenchay Itunaren ondorioz.

Azerbaijan toponimoa Alexandro Handiaren garaikoa da. Gehien onartzen den interpretazio historikoaren arabera, bere izenaren jatorria, Atropates noble persiarrarengan dago. “Media” eskualdeko satrapa, Gaugamelako guduan persiar jeneraletako bat izan zen. Atropatesek inbaditzaileari amore eman zion eta Alexandrok, bere zerbitzuen ordainetan, ordutik bere izena daraman lurraldeko gobernua eman zion. Ondorengo garaietan, Atropatena izena, Azerbaijan bihurtu zen, persiar eta arabiar eragin linguistikoen bidez. Antzinako “Media-Atropatena”z gain, nagusiki Irango Azerbaijan modernoan zehar hedatzen zena,  iparralderantz beste estatu bat zegoen, Albania Kaukasiarra (Arran ere deitua) bezala ezagutua, gaur egungo Azerbaijango Errepublikaren lurraldean indigenen herentzia etnolinguistikoa sortu zuena.

II-Arabiar, persiar eta turkiarren inbasio-garaia.

Herri azerbaijandarra, beraz, Kaukasoko albaniarren ondorengoa da. Albania kaukasiarra, Armenia eta Georgiarekin batera, garai hartan Kaukason zegoen hirugarren erresuma kristau handia izan zen. Halarik ere, albaniarrak, armeniarrak eta georgiarrak ez bezala, beste kultura batzuetan subsumituak izan ziren zenbait mendetako prozesu luze batean, non erromatarrei, pertsiarrei, arabiarrei eta turkiarrei aurre egin baitzieten. Izan ere, albaniar talde banandu batzuk armeniar eta georgiar kulturekin bat egin zuten bitartean, Albania izan zenaren zati handi batek herri inbaditzaileen alderdi kultural ezberdinak hartu zituen: Islam erlijioa arabiarren agintean garaian (700-800), persiar hizkuntza persiarren menpean (1100 inguruan), eta  azkenik, XII. mendetik aurrera, turkiar azerbaijandarrar bihurtu ziren, turkiar Oghuz ugari iristen hasi zirenean Turkmenistandik, Kaspio ibaiaren beste aldetik, mongoliar migrazioen zati bezala. Arabiarrek eskualdea konkistatu eta Islama Omeiatar Kalifa-herriaren pean hedatu ondoren, VII-VIII. mendeetan, Azerbaijan historikoaren iparralde eta hegoaldearen arteko nortasun ezberdintasunak desagertzen hasi ziren, eta XI. mendean Oghuz turkiar tribuen etorrerarekin eta Seljuk turkiar inperioaren sorrerarekin amaitu ziren. Izan ere, mende baten buruan identitate etnolinguistiko uniformearen oinarriak ezarri ziren iparraldeko Derbend hiritik hegoaldeko Hamadan hiriraino hedatzen zen lurraldean. Turkiarrak Azerbaijanera iritsi zirenean, garai hartan, bertan bizi ziren persiar biztanleak aurkitu zituzten. Horregatik, denboraldi luze batean egoera elebiduna egon zen Azerbaijanen, turkiera eta persiera erabiliz. Izan ere, pertsona intelektual gehienek turkieraz eta persieraz idatzi zuten, Nizam Ganjevi kasu, honela gizarte tolerantea sortuz.

Babek Khorramdinen matxinada. Arabiar inbasioaren garaian, azerbaijandar nortasunaren konfigurazioari bultzada eman zion gertaera bat izan zen: Babek Khorramdinen matxinada (795-838). Babek, Khurram-Dinan (Erlijio gozagarrikoak) izeneko Irango mugimendu independentistaren buruzagi iraultzaile nagusia izan zen. Ikuspuntu politikotik, Irango mugimendu independentista baten buru zen, eta Abbastar Kalifa-herriaren aurka borrokatu zen. Ikuspegi erlijiosotik, Bâbek “Khurramdin” doktrinaren sortzailea da, islamismoa arbuiatzen zuen heresia moduko bat, eta edozein erlijiok debekatutako guztia zilegitzat jotzen zuen, beraz, gizakiak lege mota guztietatik askatzea bultzatzen zuen, ardoa edatea, fornikatzea eta debekatutako elikagaiak erabiltzea onartzen zuen. Doktrina hau, Bâbekek predikatua, herriari gustatu zitzaion, jende asko doktrina berriaren fededun bihurtu zen eta musulmanak kupidagabeki hiltzen hasi zen. Arabiar gudarosteentzat iritsezina zen leku gotortu batean kokatua, Bâbekek gobernuaren armaden edozein erasori aurre egin zion. Babeken matxinada Irango mendebaldeko eta erdialdeko eskualdeetara hedatu zen, hogei urte baino gehiago iraun zuen eta Irango antzinako sentimenduek Azerbaijanen duten errotze berezia, gogortasuna eta iraunkortasuna erakutsi zuen.

Babek Khorramdin ez zen oso ezaguna mundu akademikotik kanpo XX. mendera arte. Halarik ere, sobietarrek egindako nazionalitateen politikaren ondorioz eta Babek iraultzailea Mazdak (Zoroastroren jarraitzaile den erreformista erlijioso eta soziala, batzuentzat, historiako lehen sozialista izan zena) alderdiaren jarraitzailea zela eta, Babek Khorramdin heroi nazional izendatua izan zen Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistan. Gaur egun arte, egungo Azerbaijango Errepublikan, Babek gurtza-irudia da, eta heroi nazional bat bezala ospatzen da. Hego Azerbaijanen (Iran), Bigarren Mundu Gerraren ondoren, boluntario talde batek milizia bat sortu zuen Teherango azerbaijandarrak babesteko. “Firqueh Dimukrat Azarbajan” delakoaren adar militarra zen, eta milizia honek “Babek Armada” zuen izena, Babeken mitoak Azerbaijanen historian izan zuen garrantziaren froga ukaezina. Iran modernoan, XX. mendean nazionalismoak izan zuen gorakadaren eta islamiar aurreko Iranekiko interes berrituaren ondorioz, Babek Khorramdin pertsonaia historiko bezala berraurkitua izan zen, eta herriak heroi nazional bezala ospatzen zuen Reza Shahen erregealdian. Hala ere, Babek, Errepublika Islamikoan, oraindik ere pertsona eztabaidagarria da, honen idolatria, zenbait kleriko xiitek kritikatzen dutelarik.

Babeken gotorlekuetako bat, Kaleibar hiritik 3 km hegoaldera kokatua (Azerbaijan hegoaldea, Iran).

Turkiarren etorrera. IX eta X. mendeetan elementu turkiar esanguratsu bat ezarri zen Azerbaijanen. Migrazio prozesua klan gerlariak persiar inperioko sasaniar dinastiaren zerbitzura sartu zirenean hasi zen, eta hurrengo mendeetan indar handia lortu zuen turkiar oghuzen seljuktar dinastiaren sorrerarekin, pixkanaka, mundu islamiarraren zati handi baten gainean bere subiranotasuna ezarri zuena, Bagdad hiri urruna bere hiriburu bihurtuz.

Azerbaijan, seljuktar dinastiaren eta Bizantziar Inperioaren arteko bidegurutze batean zegoen. Ondorioz, kontrol inperiala ahula eta funtsik gabea zen, bi inperioek une jakin batean izandako indar eta interes aldaketen arabera. Honek, ezegonkortasun egoera bat erakarri eta bertako printzerrien sorrera eta garapena eragin zuen, garrantzitsuenak Shirvanshahtarrak izan zirelarik, jatorriz, Qabalan eserlekua zutenak, baina, arabiar inbasioek presionatuta, Bakura joan zirenak. Shirvanshahtarrek bizirauteko gaitasun handia garatu zuten, eta euren erresilientzia eta moldagarritasunari esker, 1235eko mongoliar inbasioaren eta 150 urte geroago izandako inbasio timuriden suntsipenetik bizirik iraun ahal izan zuten.

  1. mendetik aurrera, Kaukasoko, Irango eta Turkiako populazioek Azerbaijan menderatu zutela kontuan hartu behar bada ere, elementu turkiarra gero eta nagusiagoa bihurtu zen hizkuntzari dagokionez, elementu persiarrak eragin kultural eta erlijioso handia zuen bitartean. Oghuz tribu turkiarren domeinuak, seljukdarrak barne, turkiar hizkuntza herrikoi baten garapena ahalbidetu zuen, noizbait egungo hizkuntza azerbaijandarra bihurtuko dena. Azerbaijango turkiera, Turkian, Turkmenistanen eta Iraken hitz egiten den turkieraren oso antzekoa da, baina hiztegian persiar eragin handia du. Izan ere, persierak mendeetan zehar azerbaijandarren artean kultur hizkuntza izateari eutsi zion. Seljuktar potentzia handiaren garaiaren ondoren, elementu turkiarra Azerbaijanen are gehiago indartu zen XIII. mendeko mongoliarren erasoaren eta Qara-qoyunlu eta Aq-qoyunlu turkiar dinastien ondorengo dominazioaren ondorioz.

III-Safaviden Inperioa (1501-1736)

XIV. mendearen amaieran, Qara Qoyunlu tribu turkomanoen konfederazioak Azerbaijan historikoaren lurraldea kontrolatu zuen. Musulman xiitak ziren, eta euren gobernuak Azerbaijanen pentsamendu erlijioso xiita azerbaijandar nortasunaren nukleoan integratzeko prozesua hasi zuen. Alde berean, Qara Qoyunlu estatuak eta ondorengo konfederazio tribalek, are gehiago indartu zuten turkiar osagaia azerbaijandar nortasunean. Bere adierazpenik esanguratsuena Ismail Safaviren boterera igotzean iritsi zen, 1501ean Shah Azerbaijangoa tronuratu ondoren bere inperio xiita Iran osora hedatu zuena. Safavidak, politikoki eta linguistikoki turkiar azerbaijandarrak ziren, eta beraz, nortasun hau, bereziki gotortu zuen Ismail Safavi boterera eraman zuten Qizilbash tribuen turkiar osagai indartsuak. Honen guztiaren isla argia Azerbaijango turkiera gorteko eta armadako hizkuntza ofizialera igo zenean gertatu zen, historian lehen aldiz. Safavidek euren hiriburua Tabrizen ezartzea erabaki zuten, gaur egun ere Azerbaijango hiriburu tradizionala izaten jarraitzen duena, nahiz eta Irango Errepublika Islamikoaren lurraldean egon. Garai honetan, persiarrak eta turkiarrak harmonian bizi izan ziren eskualde honetan inolako arazo etnikorik gabe. Shah Ismail Irango safaviden buruzagia turkiar hizkuntzako buruzagi bat zen arren, xiiten fedea jarraitzen zuen. Alderdi hau, nortasun nazional azerbaijandarraren beste elementu garrantzitsu bat da; turkieraz hitz egiten duten pertsonak diren arren, beste eremu batzuen eraginak jasotzen dituzte, xiiten fedea kasu.

XVI. eta XVIII. mendeen artean, otomandarrek Tabriz hiriburua behin eta berriz eraso zuten Anatoliako penintsulatik. Ekintza horien ondorio nagusia izan zen azerbaijandarrek, garai hartan, nahiago zutela persieraz hitz egin turkieraz baino. Otomandarren hizkuntza, etsaiaren hizkuntza bezala ikusia izan zen, eta horregatik, azerbaiiarrek denbora luzez arbuiatu zuten. Ismailen ondoren, hurrengo bi mendeetan, Safavid Inperioaren barnean azerbaijandar eragin politikoaren ahultze orokor baten lekuko izan ziren arren, ez zuen Azerbaijanen nagusi zen identitate etniko baten garapena irauli. Hurrengo aro historikoan, Safavid Inperioaren desintegrazioa gertatu zen, Kaukaso hegoaldean, khanerri autonomoen sorrerarekin, ondoren, Nadir Shah Afsharrek lurraldeak bateratzeko huts egindako saiakera bat gertatu zelarik.
Beraz, Safaviden dinastiaren agintaldi luzeak Azerbaijan persiar munduan integratzea bultzatu zuen, eta, aldi berean, azerbaijandarrei, nagusiki xiitak ziren turkiar herri bakarra izatearen bereizketa eman zien, euren nortasunaren eraketan sakonki lagunduz.

IV-Errusiako Inperioa.

1796an, errusiar tropek, Ekialdeko Transkaukasia inbaditu zuten, eta elkarren segidako bi gerra piztu ziren Persiaren aurka (1812-1813 eta 1827-1828 aldietan). Errusia garaile atera zen bi gerretatik, eta Kaukaso hegoaldean zuen kontrola oinarritu zuen Gulustan (1813) eta Turkmanchaiko (1828) hitzarmenen bidez. Gaur arte, Azerbaijan eta Armeniak Iranekin mugatzen duen muga, Turkmanchaiko Itunaren arabera diseinatu zena da, Azerbaijan errusiar eta irandar inperioen artean banatzea gidatu zuena, Arax ibaia banalerro bezala hartuta. Iparraldeak, gaur egungo Azerbaijango Errepublikak, hiriburua Bakun ezarri zuen eta errusiaren eraginpean mantendu zen, ondorioz bertako biztanleek heziketa errusiar modernoa jaso zutelarik. Errusiako gobernuak musulmanen aurkako joera handia izan zuen. Jabetza erlijiosoak konfiskatuak izan ziren, eta proselitismoa egin zitzaien azerbaijandarrei, kristautasun ortodoxoaren fede bihur zitezen. Aldi berean, Errusia tokiko eliteen “bey” eta “agha” sektoreak erakartzen eta bereganatzen saiatu zen, funtzionario publikoen karrera aukerak eskainiz eta lurraren jabetza tituluak emanez.

Errusiar Inperioak gobernu sistema bat ezarri zuen, non antzinako khanerri eta sultanerriak barruti eta probintzia bihurtu baitziren, boterearen zentralizazio mailakatuarekin. Honela, errusiar gobernuak turkiar azerbaijandarrak bizi ziren hiru “gubernii”-etan (Baku, Elizavetpol eta Erivan) ezarri zuen: administrazio sistema uniforme bat, pisu eta neurri estandarizatuen sistema bat, moneta bakar bat, eta khanerrien arteko muga-zergak ezabatuz monetarizatuagoa zen ekonomia bat. Hala ere, tsarrak Azerbaijango tokiko khanerriei autonomia handia eman zien 1870eko hamarkadara arte.

1–Baku hiriaren industrializazioa.

Petrolioaren industria XIX. mendean zehar gradualki garatu bazen ere, bere gorakada 1872ko legea onartu ondoren gertatuko da,  Estatuak epe luzerako merkataritza-errentamenduei emandako petrolio-emakiden sistema nagusia aldatuko duena. Honek Errusiar Inperioko eta atzerriko enpresariak Baku hirira erakarri zituen. Nobel anaien enpresak eta atzerriko beste inbertitzaile batzuek, Rothschildtarrek kasu, diru-kapitala eta teknologia berriak eman zizkioten Bakuko industriari. Nobel senideak munduko lehen petroliontzia eraiki zuen, Zoroastro izenekoa, baita Kaukaso zeharreko trenbidea ere, Kaspio Itsasoan Bakutik Itsaso Beltzean Batumira petrolioa garraiatzen zuena. Trenak errusiar tropen mugikortasun azkarra ziurtatu zuen mendi malkartsuetan zehar, euren zerbitzuak kanpoko edo barneko mehatxuetatik babesteko beharrezkoak izanez gero. Trenbideak, Errusiari, Kaukasoko eskualdeak ekonomikoki garatzea ere ahalbidetu zion, eta Bakuko petrolioa mendebalderantz garraiatzeko beste bide garrantzitsu bat bihurtu zen.

Baku, petrolio erreserba gehienak dauden tokia, munduko lehen oliobidearen terminal bihurtu zen eta bere populazioa 10.000tik 250.000ra hazten ikusi zuen; etorkinak hirira masiboki joan ziren findegietan eta petrolio instalazioetan lan egitera. Hala ere, Azerbaijango populazioa nekazaritzatik bizi zen gehienbat, eta nekazal girokoa izaten jarraitu zuen, Bakuko immigrazioa ez baitzen inguruko eremutik etortzen. Ikuspegi etnikotik, 1897 eta 1913 artean, Bakuko populazioak aldaketa nabarmenak jasan zituen: turkiar azerbaijandarren kopurua nahiko egonkor mantendu zen; errusiar populazioa % 100 baino gehiago handitu zen, 1900ean bertakoa zena baino gehiago handituz; irandarren populazioa (nagusiki hegoaldeko turkiar azerbaijandarrak) ia hirukoiztu egin zen eta armeniarrena bikoiztu, bertakoak bezain ugari bihurtuz. Beraz, industrializazioak hiri kosmopolita bihurtu zuen Baku.

Petrolioaren gorakadak Azerbaijango talde etnikoei oso modu ezberdinean eragin zien. Turkiar azerbaijandarrek nekazariak izaten jarraitu zuten eta petrolio industrian parte hartu zutenak kualifikaturik gabeko eskulan gisa aritu ziren. Armeniarrek toki nabarmena zuten administrazioan eta merkataritzan, baita industrian ere, eskulan kualifikatu gisa. Gainera, industrialari ugari armeniarrak ziren: mendearen hasieran, industriako enpresen herena armeniarrena zen, eta bostena baino gutxiago azerbaijandarrena. Errusiarrak nagusi ziren administrazioan, eta nabarmen ordezkatuta zeuden teknikarien eta kalifikatutako eskulanaren artean. Baina talde etniko ezberdin hauek ez ziren Bakun nahastu eta auzo banatan bizi ziren. Halarik ere, Azerbaijango etorkizunerako petrolio industriaren sorreraren ondoriorik garrantzitsuena bertako langile klase bat sortzea izan zen: Azerbaijan, ideologia sozialistek indarra hartu zuten eremu musulman bakarrenetakoa bihurtu zen. Sentimendu nazional armeniarrak, bere aldetik, irtenbide bat aurkitu zuen Dashnaktsutiun (Armeniako Federazio Iraultzailea-ARF) mugimendu erradikalean, sozialismoak eta nazionalismoak modu berean erakarria. ARF-ak, matxinada armatuaren bidez, Armenia turkiarraren askatasun politiko eta ekonomikoa lortzeko helburua zuen. Espero zen bezala, armeniar eta azerbaijandar komunitateen arteko tentsioak areagotu egin ziren faktore konbinazio baten ondorioz, horien artean, ildo etnikoetan garatu zen baliabide eta irabazi ekonomikoekiko lehia, ekonomiako sektore ezberdinak talde etniko baten edo bestearen menpe egon zirelarik.

Nobel anaien petrolio-putzuak Balakhanin, Bakuko aldirian, 1890eko hamarkadan

2–Gizartearen modernizazioa eta intelligentsiaren sorrera.

XIX. mendearen lehen laurdenean, etengabeko Errusiar-pertsiar liskarrek azerbaijandarren eguneroko bizitzan eragina izan zuten; hauek kontrapisu bat aurkitzeko saiakeran, Kaukaso osoko errusiar kolonizazioari erantzunez, turkiar kulturatik hurbilago egongo dira persiarrarenatik baino. Gainera, turkiar nazionalismoak berak paper garrantzitsua izan zuen nortasun azerbaijandarraren sorreran. Zentzu honetan, Kashkul egunkariak ekarpen handia egin zuen “millet” hitza azerbaijandar gizartean sartzean. “Millet” arabierazko “millah” hitzetik dator eta literalki “nazio” esan nahi du. Azerbaijani aplikatutako hitz hau Araz ibaiaren bi ertzetako azerbaijandar komunitate osoari dagokio, gaur egun Iranek mehatxutzat hartzen duena. Bestalde garai hartan, nortasun azerbaijandarraren adierazpenak bidea irekitzen hasi ziren Mirza Fatali Akhundoven literatur lanetan; bertako gizartearen sineskeriari eta ezjakintasunari kritika egin zion, eta hezkuntza sekularra eraikitzearen garrantzia azpimarratu zuen. “Azerbaijandar” definizio esplizitua faktore etnonazional gisa Hasan Zardabi publizista ospetsuaren obrekin eta Akinchi (Nekazaria) azerieraz idatzitako bere aldizkariarekin sortu zen. Baina XX. mendearen hasierak eta Errusiar Inperioko prozesu iraultzaileek azerbaijandar nortasunaren nozioaren bilakaera bultzatu zuten termino soziopolitikoetara.

Hasan bey Zardabi kazetaria, Gaspirali intelektualaren eta Topchubashov politikariaren artean, Bakun, 1903an

XIX. mendeko errusiar politika kolonialak, Kaukaso hegoaldean, balio sozialen sistema eraldatzea, tokiko agintari tradizionalen eragin soziala murriztea, eta hainbat talde sozialen arteko bereizketa berri bat sortzea ekarri zuen, hau da, azken finean, gizarte tradizionalen suntsipenera eraman zuena. Ondorioz, errusiar domeinua, gero eta gehiago, arrotzen domeinu bezala hautemana izan zen, eta identitate krisi bat sortu zen tokiko biztanleen artean. Industriak, Baku inguruan aktiboki garatzen ari zenak, kultura eta hizkuntza bateratu eta estandarizatu batekin lan-indar mugikor bat lortu nahi zuen. Egoera berri honek erronka berriak sortu zituen herritar gehienentzat, baina bereziki elitearentzat.

Azerbaijango elite musulmanek ez zioten garaiko erronka honi erantzun, euren identitate erlijioso-kulturala alde batera utziz eta errusiar kultura hartuz. Aldiz, erantzuna, bere kultura propioaren autobaieztapena izan zen, bi bandoren artean hertsatua eta tinkatua zegoena; alde batetik, gainbeheran zegoen “kultura zahar garaia” bera, elementu persiarrek hegemonizatua eta konkistatzaile “arrotzek” mespretxatua, eta, bestetik, kultura errusiar menperatzailea, atzerritartzat hartua. Bi polo horien artean hirugarren aukera bat zegoen, nahiko sendoa eta bateragarria une hartan Mendebaldeko eta Hegoaldeko Europan (baita Errusiar Inperioaren Mendebaldeko probintzietan ere) gertatzen ziren prozesuekin. Zertan zetzan hirugarren aukera hau? “Norberarena” (azerbaijandarrarena) lortzeko joera, eduki eta sinbolo zehatzak dituen nortasun berritu baten berpizkundea: Irango tradizioa (xiita) eta Oghuz herentzia (maila linguistiko-etnikoan). Berrikuntza hau, “abertzale ilustratuen” belaunaldi berri batek egin zuen, asimilazio kultural eta/edo autobaieztapen islamiarreko potentzial ezberdina zuten hainbat iturritatik elikatu zirenak. Abertzale ilustratu horientzat, identitate berri bat eratzeko lehen tradizio garrantzitsua hezkuntza islamiar tradizionalaren sisteman oinarritu behar zen, eguneratua eta elementu berriekin osatua, baita haren oinarritik sortzen den harreman-sisteman ere.

Heziketa bat lortzeko nahia, ezagutza berriak izateko edo gizarte-eskalan gora egiteko nahiak bultzatua, errusiar estatuak bakarrik ase zezakeen. Aldi berean, klero musulmanaren gehiengoak eta, ondorioz, biztanle gehienek uko egin zioten gizartearen bizitzan gertatu ziren aldaketei buruzko ezagutza berriak eskuratzeari eta transmititzeari. Beraz, hezkuntza modernoaren monopolioaren (zientzialarien agindupean) eta hezkuntzaren erakunde tradizionalaren (erlijioarekin, meskitarekin eta madrasharekin lotura estua zuena) arteko lehia bat zen. Ildo horretan, madrasah babestea ere XIX. mendearen bigarren erdiko musulmanen autobaieztapen moduetako bat da. Baina gobernu errusiarrak ez zion inoiz hezkuntza erlijioso tradizionalari alternatibarik eskaini jatorrizko hizkuntzan eraberritutako hezkuntza islamiarreko sistema bat sortzeko moduan. Ez zegoen goi mailako hezkuntza islamiarreko erakunde bakar bat ere eskualdean “klero islamiar ilustratuaren” gune espiritual bihur zitekeenik ezta maisuak prestatzeko balio zezakeenik ere. Estatuko hezkuntza-erakundeen sistema bat sortzeko aukerak ere, jatorrizko hizkuntzan irakatsita (goi-mailako hezkuntza-mailara arte), teorikoa bakarrik izaten jarraitu zuen, Errusiar Inperioko subjektu guztien bateratze kulturalaren ideologia kontrajartzen baitzuen.

  1. mendearen hasieran, Bakuk munduko petrolioaren %50 ekoizten zuen.

Hala ere, errusiar goi hezkuntzako erakundeetan, ikasleek errusiar gizartean sozializatzeko aukera izan zuten, eta garai hartan Errusiar Inperioan gertatzen ziren beste mugimendu sozial eta nazional batzuetatik ikasteko aukera izan zuten. Horren guztiaren ondorioz, Kaukaso hegoaldeko musulmanek beren buruarekiko eta besteekiko jarrera aldatu zuten. 1849tik 1851ra, Kaukasoko 180 ikaslek San Petersburgon ikasi zuten. 1870eko hamarkadan, Errusiar Inperioko beste eskualde batzuetako hezkuntza-erakundeetan ikasle azerbaijandarren kopurua hazi egin zen. 1880ko hamarkadan, batez ere San Petersburgon, gero eta joera soziopolitiko handiagoa hartu zuten, eta horrek errusiarrekin harreman adiskidetsu gehiago izatea ekarri zuen. Aldi berean, lotura handiak egiten ari ziren Mendebaldeko Europarekin, non talde horietako kideak “kaukasiar” gisa identifikatu zituzten. Tabriz, Konstantinopla, Tiflis eta Bakurekin ere harremanak izan zituzten.

Nortasun nazionalari dagokionez, lehen pentsalari eta idazle azerbaijandarrek joera ezberdinak erakutsi zituzten, azerieraz, turkieraz, persieraz eta errusieraz inprimatutako egunkari eta aldizkako beste argitalpen batzuetan islatuta geratu zirenak. Pentsalari hauek hiru joera nagusi erakutsi zituzten.

1-Intelektual askok komunitate zabalago baten garapena bilatzen zuten, nazioz gaindiko (supranazional) nortasun islamikoa, hauen ustez panturkismoa eta panislamismoa ideologia boteretsuak zirelarik. Mugimendu paneslabistak eragin handia izan zuen panturkismoaren agerpenean, baita Otomandar Inperioko Turkiar Gazteen talde boteretsuaren sorreran ere. Izan ere, une horretan lotura estuak zeuden intelektual turkiar eta azerbaijandarren artean. Panturkismoa herri turkiar guztiak politikoki eta kulturalki bateratzeko helburuarekin sortu zen. Panislamismoak Ummah-fededun komunitate musulmanen batasunaren eta independentziaren alde lan egiten du, bereizketa etnikorik egin gabe. Panturkistek turkiar jatorriko lotura etnikoen nagusitasuna nabarmendu zuten, panislamistek, aldiz, lotura erlijiosoei garrantzi handiagoa eman zieten. Azerbaijanen panturkistak Turkiaren aldekoak ziren eta panislamistak Iranen aldekoak.

Maiatzaren 3a, Turkismoaren Nazioarteko Eguna: turkiera hitz egiten duten herrialde eta nazio guztien jaieguna

2-Beste batzuek tokiko nazionalismo azerbaijandarraren hazkunde mailakatua bilatzen zuten, azerbaijandarren nortasun kultural turkiarra azpimarratzen zuena. Azerbaijandar nortasun ezberdin baten defendatzaileak egoteak, Azerbaijanen pentsamendu askatasuna adierazten du, baita persiar edo turkiar ideologia batek azpiratua ez izateko irrika ere. Turkiar azerbaijandar bezala autoidentifikatzearen kontzeptua 1891n agertu zen lehen aldiz Keshkul egunkarian. Kontzeptu honek identitate erlijioso eta nazionalaren arteko bereizketa bat helerazten du, “turk” ideia Azerbaijango lurrarekin lotzen duelarik. Mugimendu honek otomanera-turkiera hizkuntza idatziaren adopzioa arbuiatzen du, azeriera herri dialektoaren kodifikazio eta estandarizazioa defendatuz.

3-Oro har, ohikoa zen balio liberalen sustapena eta autoritarismoaren gaitzespena, pentsamendu panislamikoa batu nahi baitzuten. 1890-1915 epealdia formatiboa eta sortzailea izan zen Azerbaijango historian; aberastasun kulturala eta izaera sozial eta politiko aurrerakoia paregabekoak izan ziren garaiko mundu musulmanean. Une honetan, Azerbaijanek Ekialdea eta Mendebaldearen arteko bitartekari bezala bere posizioa ezarri zuen. Europar zibilizazioaren izaera progresiboa ikasi, ulertu eta emulatu zuen, bere jatorri islamiar eta turkiarrarekin zuen lotura galdu gabe. Joera horren paraleloa da azerbaiyar intelektualitatearen politizazioa, kulturarekiko jarrera bideratu zuen neurritasun eta progresibotasun beragatik ezaugarritu zena. Ondorioz, alderdi sozialista eta nazionalisten arteko giro adeitsua garatzeak konpromisoaren eta gradualismoaren kultura sortu zuen.

Panislamismoa, musulmanen batasuna estatu islamiar baten mende defendatzen duen ideologia politikoa

3–Urte nahasi eta aztoratuak: 1905etik 1918ra bitarteko aldia.

Errusiako agintariek askoz okerrago tratatu zituzten musulman azerbajandarrak kristau kaukasiarrak baino. Forma anitzetan definituak izan ziren, musulman kaukasiarrak, tatariar azerbaijandarrak, turkiarrak. Bestalde, maila sozial baxu eta behartsuenean geratu ziren, herritar musulmanentzat aukerarik ez zegoelako. Autoestimu baxuko egoera honetan ia mende bat igaro ondoren, 1905ean autodeterminazio nazionalaren lehen erronkari aurre egin behar izan zioten azerbaijandarrek, armeniar-azerbaijandarren arteko lehen liskarrek eztanda egin zutenean hego-ekialdeko Kaukasoko hainbat lekutan. Etnien arteko tentsio berri honek, neurri batean armeniar kristauekiko tsarren mesedeak eta azerbaijandar musulmanekiko babesgabetasunak elikatua, arrazoi sozioekonomiko hutsak zituen. Musulmanak hasieran axolagabe mantendu ziren fedegabeen mundu nahasiaren aurrean, baina komunitateen arteko liskarrek egoera aldatu zuten azerbaijandarrek armeniarrekiko (baita Errusiar Inperiorekiko ere) jarrerari dagokionez.

1905ean Neguko Iraultza sortu zen Errusian, 1917ko Urriko Iraultza Handiaren atarikoa eta aurrekoa, Errusiar Inperioaren domeinua amaitu zuena. Baina azerbaijandarrentzat Errusiako Iraultza ez zen garaiko gertaera garrantzitsu bakarra izan, inguruko beste bi potentziek ere asaldura politikoak izan baitzituzten: Iranen, 1906ko iraultza konstituzionala, eta Turkian, 1908ko Turkiar Gazteen iraultza. Bi istilu hauek azerbaijandarrak Errusiarekin baino hurbilago identifikatzen ziren kultura eta gizarteetan gertatu ziren. Hala ere, 1905eko gertaerek arrasto sakonagoa utzi zuten Azerbaijanen eta biziki hunkitu zuten komunitatea. Sarraskiak 1905eko Errusiar Iraultzan hasi ziren milaka pertsona hiltzen (3.000 eta 10.000 artean). Liskar bortitzenak otsailean Bakun, maiatzean Nakhchivanen, abuztuan Shushan eta azaroan Elizavetopolen izan ziren. Baku hiriak eta petrolio-eremuak oso kaltetuta geratu ziren. Liskarrak 286 herrietara (128 armeniar eta 158 azerbaijandar) hedatu ziren, guztiak arpilatuak edo suntsituak izan zirelarik.

Bakuko petrolio zelai suntsituen inguruan patruilatzen ari diren kosako soldaduak

1905eko liskarrek eragin sakona izan zuten identitate etnikoaren finkapenean, azerbaijandar musulmanen eskubide eta aukera berdintasuna aldarrikatzera eraman zuena. Elite intelektualak ideal sozialistak hartu zituen eta berpizkunde kulturala eragin zuen Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan, azerbaijandarrek Bakuko eta inguruko bizitza ekonomiko eta politikoan zuten papera areagotuz. Une honetan, Errusian eta Europan hezitako intelektual azerbaijandarrek turkismoan inspirazioa aurkitu zuten, errusiar inperioko turkiar hizkuntzako mendeko musulmanak euren federalizazio eta autonomia kulturalaren eskakizunetan batzeko oinarria delako. Ziur asko, azerbaijandar nortasunaren turkiar osagairik indartsuena pan-turkismoa da, turkiar herri osoaren batasun kultural eta politikoa helburu duena. Islamaren eta Estatuaren arteko harreman orekatua lortu nahi duen mugimendu sekular bat da, 1890eko hamarkadan Otomandar Inperioan eta Errusiar Inperioko Azerbaijanen bizi ziren intelektual turkiarrek ospetsu egin zutena. Ikuspegi honen aitzindaria Huseynzade izan zen, “Turan” olerki ezagunarekin azerbaijandarrei oinarrizko hiru elementu ematen dizkiena: europar identitatea, turkiar etnia eta islamiar erlijioa. Gaur egun, azerbaijandar nortasunaren elementu garrantzitsuenetako bat da. Horregatik Turkiak Azerbaijanen duen eragina bateraezina da Persiak duenarekin. Turkiak zenbat eta eragin handiagoa izan Azerbaijanen, orduan eta leku gutxiago uzten dio Irani.

Ali bey Huseynzade (1864-1940), idazle, pentsalari, filosofo eta mediku azerbaijandarra. Panturkismoaren bultzatzailea.

Armenia Federazio Iraultzailearen asmo irredentistek eta azerbaijandar intelektualek aurretik ezarritako justizia sozial handiagoaren eskaerek, armeniar eta musulmanen arteko tentsio sozioekonomikoa, pixkanaka, ondoko Otomandar Inperioan gertatzen ari zenaren antzeko etnien arteko gatazka bihurtu zen. 1908ko Turkiar Gazteen Iraultzak azerbaijandarren espirituan eragin handia izan zuen, eta aspaldi ahaztutako nortasun etnikoaren kontzientzia bat sortu zuen turkiar azerbaijandarren eta otomandarren artean. Erronka honek bere ondorio positiboa ekarri zuen: azerbaijandar xiitek otomandar suniten aurka 400 urte baino gehiagoz otomandar-safaviar konfrontazio mingotsetik gordeta zituzten jarrera konfesionalak gainditzen lagundu zuen. Horrela, armeniarren eta azerbaijanen arteko konfrontazioan parte hartzen zuten joera sozialistek azerbaijandar nortasunaren eboluzioa eragin zuten; izan ere, identitate erlijioso nagusiki musulmana izatetik identitate nazionalista turkiarra izatera pasa zen.

Intelligentsia azerbaijandarrak bere izaera kosmopolitarekin lotura handia zuen dilema bati aurre egin behar izan zion. Tsarren gobernuarekiko gero eta etsaitasun handiagoa izanik, intelligentsia azerbaijandarrak ez zuen erabaki nazionalismo azerbaijandar banandu bat eraikitzea ala indar iraultzaile edo erreformistekin bat egitea Errusiar Inperioko beste herri batzuekin lankidetzan. Izan ere, intelligentsia azerbaijandarrak Errusiarekiko harremana anbibalentea zen. Errusia, oraindik, europar modernismoa Azerbaijanera ekarri zuen estatu patriarkaltzat hartzen zen, eta beraz, independentzia, errusiar eremutik erabat banandutako existentzia, bideraezintzat jotzen zen. Jarrera honek, azerbaijandarrek, Errusiarekiko harremana berreraikitzeko beste modu batzuk bilatzera eraman zituen. Mugimendu politiko azerbaijandarren ezaugarri garrantzitsu bat moderazioa eta perspektiba progresista izan zen, baita balio liberal eta ilustrazioaren onarpena ere. Horren adibide da alderdi politikoek Azerbaijango iparraldean eta hegoaldean defendatzen duten emakumeen emantzipazioa. Beraz, alderdi politiko azerbaiyarrek, [nazionalistek (Difai eta Müsavat) edo ezkertiarrek (Hümmät)] erradikalismoa saihestu eta konpromisorako joera sendoa izan zuten.

Baku kosmopolitarekin kontrastean, Gandja hiria (antzinako Elisabethpol) mugimendu nazionalistaren gune bezala agertu zen. Gandjan sortu zen lehen erakunde nazionalista matxinoa, Difai (Defentsa), 1905eko udazkenean. Errusiari egotzi zion odola isurtzearen errua, armeniar taldeekiko jarrera anbibalentea zuen bitartean. Izan ere, zatitzeko eta gobernatzeko politika errusiarrei aurre egin nahi zien, armeniarrekin eta georgiarrekin lankidetzan aritzeko moduak esploratuz, Transkaukasia independentea lortzeko.

Gandja (antzinako Elizavetpol) Azerbaijango mugimendu nazionalistaren gune bihurtu zen

Baku hirian jarduera politikoak ez zuen independentismorako joera handirik. Horren ordez, hiru adar nagusi garatu ziren: sozialistak, liberal musulmanak eta Musavat mugimendu nazionalista klandestinoa.

A)-Lehen erakunde politiko nabarmena Hümmät alderdi ezkertiarra izan zen, 1904an sortua, errusiar mugimendu ezkertiarrek azerbaijandarrak abandonatu zituztenari erantzunez. Hümmät Azerbaijango eta Irango alderdi komunisten hazia da, eta, aldi berean, Armada Gorriaren laguntza nagusia izango da urte batzuk geroago erregimen komunista bat ezartzeko.

B)-Liberalek musulmanen eskubide berdintasunaren alde eta Errusia monarkia konstituzional bihurtzeko lan egin zuten. Liberalek Errusiako lehen Musulmanen Kongresuan parte hartu zuten 1905eko abuztuan. Kongresu horrek musulmanen eskubide-berdintasuna eta Errusia monarkia konstituzional bihurtzea azpimarratu zituen, Errusiako demokrazia konstituzionaletik oso gertu dagoen ideiologia.

C)-Azkenik, Musavat alderdi nazionalistak (Berdintasuna), 1911n sortua, klandestinitatean jardun zuen tsarren erregimena 1917an erori zen arte. Tsarraren abdikazioaren ondoren, Musavatek bere lehen biltzarra egin zuen. Mugimendu panturkiarraren bultzadaz azerbaijandar gazte talde batek sortutako alderdi politiko honek elementu garrantzitsu bat du: nazionalismo laiko turkiarrarekiko konpromisoa. Musavat alderdiak, ideia pan-islamista eta pan-turkista batzuk babestu zituen, eta, bere programan, honako helburu hauek zeuden: herri musulman guztien batasuna lortzea, euren naziotasuna edo sekta kontuan hartu gabe; nazio musulman guztien independentzia berrezartzea; euren independentziaren alde borrokatzen duten nazio musulman guztiei laguntza material eta morala ematea. Musavatek berebiziko garrantzia izan zuen Azerbaijaneko lehen errepublikan 1918-1921ean.

https://busturianaiak.home.blog/2021/01/31/azerbaijan-1-azerbaijandar-nortasunaren-aurrekari-historikoak/