Ausa Gaztelua

Angel_Rekalde

Beste urtetan bezala, maiatzaren 27an mendi martxa bat egingo da Ausa mendira. Bertan dauden nafar gazteluaren hondakinek aspaldiko gertaeren berri ematen digute. Ausako gaztelua, ‘gaizkileen muga’ izenez ezaguna egingo zen eremu ezegonkorrean kokatua, hamaika liskar, eraso eta pasarte ilunen eszenatokia izan zen Erdi Aroan. Gaztela eta Nafarroaren arteko mendetako gudak eta Ipuzkoako jauntxo eta bandoen oldarraldiek gudu zelai bilakatu zituzten Aralarreko mendi hegalak.

 

Jatorrian bederen, leku hark ez zuen inongo zona estrategikoren zantzurik. Ez du muga naturalik osatzen, euskal lurraldeen erdigunean dago eta inguruetako biztanleek hizkuntza, kultura, usadio eta bizimodu berdinak dituzte. Baina 1200eko konkista gaztelauak, Malmasin eta Gasteizetik haraindi, Burunda eta Aralarreraino bultzatu zuen erresuma baskoiaren muga lerroa. Gaur egun Nafarroa Garaia mugatzen duen lekuraino hain zuzen.

 

Gaztelarren erasoak Gasteiz (gaur egun EAEn), eremu hartako hiri nafar nagusiena , setiatzea zuen helburu. Handik abiaturik Gaztelako tropek kostarantz egin zuten, Mutriku, Getari, Hondarribi edo Donostiako portu oparoak zeuden tokirantz. Inguruetako bailara eta herrixkek, domino piezak bailiran, bata bestearen atzetik etsi  zuten. Bederatzi hilabeteren ondoren, Gasteizek amore eman zuenean, lurralde eremu zabala galdu zuen erresuma nafarrak. Muga berria 100 kilometro ekialderago kokatu zen horrela. Hurrengo hiru mendetan zehar Aralarreko sakanak babes lerro berria bilakatu ziren.

 

Garaipenaren ondotik Gaztelak jazarpen politika bati ekin zion erresuma baskoiaren aurka. Hiribilduak sortu zituen muga lerroan zehar (Tolosa, Hernani, Segura, Agurain, Kanpezu…), eta familia boteretsuenak xaxatu zituen gerra jauntxoak bihur zitezen: Lazkanotarrak, Oñaztarrak, Berastegitarrak… Ausako gaztelua familia hauen gehiegikeri eta harrapakeriei aurre egiteko gotorlekua izan zen.

 

Gaizkileen mugak -gerora Gipuzkoa izango zenaren eta artean subirano izaten jarraitzen zuen Nafarroaren arteko lerroak- lapurreta, kontrabando, eraso eta heriotzez beteriko historia du. Gorritiko gazteluaren erreketa eta suntsiketa, Beotibarreko bataila, Hernaniren erreketa… legenda beltz honen pasarteak dira.

 

1335ean Lazkanoko jaunak Ausa eraso zuen, gotorlekuaren kokapenak Sakanan harrapakerietan ibiltzea eragozten ziolako. Gazteluko merio zen Ladrón de Gebarak gotorlekuaren babesa bertan behera utzi eta alde egin zuen. Zigor gisa, kargugabetua izan zen eta bere ondasunak galdu zituen.

 

Oroimen lekua Gipuzkoan

Gaur egun Ausa gure herriaren oroimen lekua da: gure iraganaren eszenatokia, gure historiaren gakoak oroitu, mantendu eta hedatzea ahalbidetzen duena. Ausan Nafarroa izan ginenaren froga aurkitzen dugu, Gaztelaren gerra eta indarkeriaren ondorioz galdu genuen Estatu baskoi subiranoa. Hauek ziren gure lurrak, gure gazteluak, gure historia, gure presentzia mundu zabalean.

 

Ausa Gaztelua bisitatzerakoan izan ginena ezagutzeko aukera dugu, eta gure identitatea – eta arazoak – orain arte nola mantendu ditugun ulertzeko aukera. Jakin dezagun zer gertatu zen eta zeintzuk diren gure sustraiak. Gaur egun hain desitxuratuak eta ezkutaturik dauden sustraia alegia.

 

2012 Ausa Gaztelu eguna

 

Egitaraua

Goiz osoan zehar nafar-gunea Larraitzen

 

9:00etan Topagunea Larraitzen

11:30ean Ausako Gazteluan omenaldia.

12:00etan festa Larraitzen

13:00etan menditik datozenei ongi etorria

14:30ean Bazkaria (txartelak erreserbatuz)

 

Harremanetarako:

hernani@nafarroa.biz

aritzakultura@hotmail.com

 

Nabarralde-k argitaratua