Artsakh Errepublikaren amaiera

Palestinan eta Ukrainan gertatzen diren gudu habarrotsak eta horiei buruz ematen diguten informazio oparotasunak sortutako iskanbilaren erdian, bada gertaera bat zeharka pasatzen ari dena eta merezi duen garrantzia ematen ez zaiona, Artsakh Errepublikaren amaierarena hain zuzen ere. 2023ko azaroaren 14an, Giorgio Agamben filosofo italiarrak testu labur bat argitaratu zuen Quodlibet argitaletxe italiarraren webgunean, eta bertan dei egiten zigun arreta jartzera armeniar herria, oraindik ere, jasaten ari den jazarpen eta genozidioaz. Honela dio haren testuak:

“Komunikabideek beren espazio guztia Ukrainako eta Gazako gerrari eskaintzen dioten bitartean eta, asko gustatzen zaien bezala, palestinar eta israeldar, ukrainar eta errusiar hildakoak kontatzen dituzten bitartean, beste herri bat ez da aintzat hartua izan beste behin: armeniarrak, bizi ziren herrialdetik alde egin behar izan zutenak akabatuak ez izateko. 1923ko irailean azeriarren erasoaldi militarraren ondoren, Karabakh Garaiak edo Artsaj Errepublikak, armeniar biztanleek deitzen zioten bezala, errepublika independente izateari utzi zion. Lehenago eskualde honetan askotan gertatu zen bezala, berriro mugak ezarri ziren eta garbiketa etnikoaren izenean herri osoak txikitu eta lekualdatu ziren. Lehen Mundu Gerraren amaieran Federazio Transkaukasikoarra desegin zenean, 1917an armeniarrek, azeriarrek eta georgiarrek sortua, lurraldea errusiarrek konkistatu zuten. Garai hartako Karabakh Garaia, armeniarrek % 98an populatua, Stalinek ez zion Armeniako Sobietar Errepublika Sozialistari eman, Azerbaijangoari baizik. Hortik, Sobietar Batasuna desegin ondoren, gatazkak egun hauetan izan duen amaiera tristea. Beharrezkoa da gogoeta egitea juduek bezala genozidioa jasan zuen eta aipatzen ez den herri honen patuaz, nahiz eta agian kristau komunitaterik zaharrena izan eta Jerusalemgo hiri zaharra banatzen den lau barrutietako batean egon. Gugandik hurbil dago, aipatzen diren besteak baino hurbilago beharbada. Karabakh Garaian gertatzen denak kezkatzen eta galdekatzen gaitu eta horregatik nahiago dugu ez ikusiarena egin”.

Giorgio Agamben filosofo italiarra

Artsakh Errepublikaren historia (1991-2023)

Karabakh Garaiko Errepublika (bertako armeniarrek Artsakh deitua), Armeniako eta Azerbaijango errepubliken artean hainbat hamarkadatan liskarrak eta etnien arteko gatazkak izan diren lurralde batean onartu gabeko Estatua da. 1991ko udazkenean, Artsakh Errepublika independentzia aldarrikatua izan zen eta, 2023ko irailean, nahitaez desagertu egin zen, Azerbaijanek bereganatu zuelarik.

Sobietar garai osoan zehar, Karabakh Garaiko Oblast Autonomoko armeniarrak oso diskriminatuak izan ziren. Agintari sobietar azeriarrek, ahal zuten neurrian, armeniarren kultura eta nortasunaren adierazpen mota guztiak erreprimitu zituzten Karabakh Garaian; era berean, azeriarrek armeniarrak presionatu zituzten eskualdea utz zezaten, eta beretarrak bertan finkatzera bultzatu, nahiz eta armeniarrek gehiengoa izaten jarraitu zuten. Glasnost garaian, 1988an, Karabakh Garaiko erreferendum bat egin zen eskualdea Armeniako Sobietar Errepublikara transferitzeko, sobietar konstituzioan indarrean zeuden autodeterminazio legeetara joz. Ekintza horren ondorioz, Azerbaijan osoan armeniarren aurkako pogromoak eta indarkeria mota guztietako oldeak gertatu ziren,  ondoren, bi komunitateen arteko indarkeriazko liskarrak sortu zirelarik.

Gandzasarreko monasterioa Artsakhen, X-XIII. mendeetako armeniar arkitekturaren eredua.

1990eko hamarkadaren hasieran, SESB desegin ondoren, gatazka larriagotu egin zen eta eskala handiko gerra bat hasi zen. Gerra, Artsakhek eta Armeniak irabazi zuten, sobietar aroko Karabakh inguruko eskualdeen okupaziora eraman zuena. Honen ondorioz, alde batetik armeniar asko kanporatuak izan ziren Azerbaijandik, eta bestetik, beste hainbeste azeriar Armeniatik eta Karabakhetik. 1993an, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak lau ebazpen hartu zituen, Azerbaijango lurralde-osotasuna babesten zutenak eta indar armeniarrak Azerbaijango lurralde guztietatik berehala erretiratzea eskatzen zutenak. Armenia, erabaki horiei jaramon handirik egin gabe, ez zen lurralde okupatuetatik erretiratu, baina Azerbaijanek, politikoki eta militarki agortuta, porrota onartu behar izan zuen. Gerrari amaiera eman zion su-etenak, 1994an Bishkeken sinatuak, bi hamarkadako egonkortasun erlatiboa ekarri zuen.

2010eko hamarkadan, egonkortasun hori nabarmen okertu zen. Jendea indarkeriak gora egingo ote duen beldur zen. Eta halaxe gertatu zen 2016ko apirilean lau eguneko indarkeria-igoera batean, ehunka biktima eragin zituena, baina, aldiz, frontearen lerroan aldaketa txikiagoak baino ez.

2017an, Azerbaijango gobernuak aukera ona izan zuen, eta diru beltzeko funts bat (2.900 milioi dolar) erabili zuen Europako eta AEBetako politikari, kazetari, legegile eta akademikoak erosteko. Helburua zen presioa egitea azken hauek beren herrialdeetan azeriarren interesen aldeko iritziak eman zitzaten. Eroskeria mota horri “kabiarraren diplomazia” deitu izan zaio. “Kabiarraren diplomazia” terminoa 2012an erabilia izan zen lehen aldiz, EBk egindako txosten batean, “Kabiarraren  diplomazia-Nola Azerbaijanek isilarazi zuen Europako Kontseilua” izenekoan. Txostenean adierazten denez, funtzionario azeriarrek Europako diputatu asko gonbidatzen zituzten Bakura, eta bisitan, kabiarra oparitzeaz gain, beste opari asko jasotzen zituzten, hala nola zetazko alfonbra garestiak, urrezko eta zilarrezko gaiak, edariak, eta dirua. Baku hirian, ohiko oparia 2 kg kabiar beltz izaten da (prezioa kiloko 1300 eurotik gorakoa da). Bestalde, 2020ko Karabakh Garaiko gerratik aurrera, Azerbaijango gobernuak atzerriko kazetariei ordaindutako talde-bidaiak antolatu zituen, Azerbaijanek Karabakh Garaiko gatazkari eta oraintsuko gerrari buruz idatzitako narratiba zabaltzeko. Eta, hain zuzen ere, “kabiarraren diplomazia” arrakastatsua izan zen, europar politikari eta kazetari askok supituki beren posizioa aldatu baitzuten eta argi eta garbi egin baitziren azeriarren aldeko.

2020aren amaieran, Karabakh Garaiko eskala handiko Bigarren Gerrak milaka armeniar baja eta azeriar garaipen garrantzitsu bat eragin zituen. Azaroaren 10ean hirutariko su-eten akordio baten bidez armistizio bat ezarri zen, Azerbaijani Karabakh Garaia inguratzen duten lurralde okupatu guztiak berreskuratzea ahalbidetu ziona, baita Karabakh beraren herena bereganatzea ere. 2020ko gerraren ondoren, Karabakh Garaian, eta Armenia eta Azerbaijanen arteko mugan su-etena urratzen jarraitu zuten.

2022ko abenduan, Azerbaijan Artsakh blokeatzen hasi zen, herritarren, elikagaien eta botiken zirkulazio askea eragotziz. Karabakheko armeniarren egoera oso larria zen. Azkenean, 2023ko irailaren 19an, Azerbaijanek, eskala handiko erasoaldi militar bat abiatu zuen. Erasoaldia hasi eta egun batera, irailaren 20an, Artsakheko agintari armeniarrek amore eman zuten, eta su-eten akordio bat lortu zen Karabakh Garaian bakea mantentzeko errusiar komandoaren bitartekaritzarekin. Jende asko ustekabean harrapatu zituen amore ematearen azkartasunak eta inbaditzailearen aurkako ia erresistentzia falta erabatekoak. Zer gertatu zen hori horrela izateko?

Ilham Aliyev, Azerbaijango presidentea (ezkerra) eta Nikol Pashinian, Armeniako lehen ministroa (eskuina)

Artsakh eta Azerbaijan arteko liskarrak 2023ko irailaren 19an

Azerbaijan eta Artsakh arteko liskarrak 2023ko irailaren 19an hasi ziren. Karabakh Garaian “terrorismoaren aurkako” operazio militar bat hasi zuela iragarri zuen Azerbaijango Defentsa Ministerioak. Ekintza honen helburuak ziren armeniar azpiegitura militarra neutralizatzea, biztanleria zibilaren segurtasuna bermatzea, eta Azerbaijango estruktura konstituzionala berrezartzea. Horretarako, Azerbaijango Defentsa Ministerioak gaineratu zuen “helburu militar legitimoei soilik” egingo ziela eraso, ez herritar edo azpiegitura zibilei.

Azerbaijango Atzerri Ministerioak komunikatu bat igorri zuen, zeinaren arabera Karabakh Garaian bakea eta egonkortasuna lortzeko modu bakarra Armeniako indar armatuak eskualdetik erabat erretiratzea eta onartu gabeko errepublikako gobernua desegitea den.

Armeniako Defentsa Ministerioak erantzun zuen aspalditik ez dagoela armeniar armada formaziorik Artsakhen. Artsakheko Errepublikaren Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen Azerbaijanek su-etena urratu zuela harreman lerro osoan zehar eta misilekin eta artilleriarekin erasoak egiten ari zela, Stepanakert hiriburuaren aurka, bereziki, hainbat hildako eta zauritu utzi zituztelarik.

Errusiako Defentsa Ministerioak komunikatu bat igorri zuen, Errusiako bake indarrek “Azerbaijanek su-etena urratu izanaren gertaera ugari erregistratu dituztela” azpimarratuz. Aldi berean, bakeari eusteko errusiar taldearen aginteak eskatzen die gatazkan dauden alderdi biei berehala eten dezatela sua, har ditzatela neurriak tentsioa murrizteko eta jarrai dezatela negoziazio-prozesuan

Armeniako lehen ministroak, Nikol Pashinyanek, Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera bat deitu zuen, eta horren ondoren, Bakuk Karabakh Garaiko armeniarren garbiketa etnikoa hasia zuela baieztatu zuen. Beraz, Erevan liskarretan sartu nahi duen probokazio garbia da, baina armeniar gobernuak ez du “gaizki kalkulatutako neurri drastiko eta abenturazalerik hartuko”. Aldi berean, protesta bat hasi zen Erevanen, agintari armeniarrei azeriarren erasoari erantzuteko eskatuz. Manifestariek ekintza erabakigarriagoa eskatzen diote Pashinyani, eskualdeko armeniarrak babesteko; are gehiago, oposizioko hainbat kidek lehen ministroaren dimisioa eskatzen dute.

Armeniak aliatu guztiak galduak ditu Azerbaijanen aurkako gatazkan

Nazioarteko erreakzioa isila izan zen liskarrak berriro hasi zirenean. Kremlinek esan zuen kezkatuta zegoela “tentsioen gorakada zorrotzagatik eta liskarrak lehertzeagatik”, armeniar eta azeriar alderdiekin harremanetan dagoela, eta errusiar armada lanean ari dela orain konponbiderako prozesua norabide politiko eta diplomatiko bihurtzeko”.

Mendebaldeko herrialdeak ere adierazpen hutsalak egitera mugatu ziren. EBk liskarrak berehala eteteko eskatu zuen, “bake-negoziazioetarako eta normalizaziorako ingurune egokia sortzeko”, eta Frantziak NBEko Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera eskatu zuen. Ildo beretik zihoazen Ameriketako Estatu Batuek emandako adierazpenak ere.

Manifestapenak eta protestak Erevanen

Munduko potentzia nagusiak birkokatzen dira

2020ko gerraren ondoren, oso agerikoa zen azeriarren armadak, ikuspegi militarretik, armeniarrarekiko zuen nagusitasuna. Hala ere, errealitate modernoan, indarra berez ez zen nahikoa izan Bakuk lortu nahi zuen arrakasta izateko; une geopolitiko egokia iritsi arte itxaron behar izan baitzen. Ilham Aliyevek behin eta berriz erakutsi zuen badakiela une horien zain egoten eta behar bezala erabiltzen. Eta orain nazioarteko egoera oso alde du.

Aldiz, Erevango gobernuaren akats diplomatikoek ia aliaturik gabe utzi dute Armenia: aliantza zaharrak suntsituak izan dira eta oraindik ez dira berriak eraiki. Azken hilabeteetan, Erevanek nabarmen okertu ditu bere aliatu nagusiarekin, Moskurekin, zituen harremanak. Bereziki, Nikol Pashinyanek Estatu Batuekin batera ariketak egiteko zituen planek oso erreakzio gogorra eragin zuten Errusiaren aldetik. Aldi berean, Armenia orain Bruselara eta Washingtonera bideratzen saiatzen ari da, baina horiek Ukrainari laguntza militarra, diplomatikoa eta finantzarioa ematea dute helburu, eta, jakina, ez dute bigarren fronte bat irekiko. Armeniak, gehienez ere, aliatu berriek Azerbaijanen aurkako presio diplomatikoa egitea espero dezake, baina hori ere oso gertagaitza da.

Aliantzen politikan gertaera erabakigarria da gaur egun Baku Europako energia-segurtasunaren elementu garrantzitsua dela. Azeriar gasak konpentsatzen du, hein batean, errusiar horniduraren murrizketa handia. Azerbaijanek gasa hornitzen du Shah Deniz eremutik Europako herrialdeetara, Hegoaldeko Gas Korridorearen bidez, 2018tik. Hasieran, proiektuak urtean 16 mila milioi metro kubiko gas esportatzea aurreikusten zuen, eta horietatik 10 mila milioi soilik bidaliko ziren Europara. Bolumenek gora egiten dute urtero, eta 2022an ahalmen maximoa ozta-ozta lortu zenez, hornidura bikoizteko planak iragarri ditu Bakuk. Jakina, Azerbaijanek ematen dituen zifrak ezin dira alderatu Gazpromek Europar Batasunari emandako aurreko hornidura-bolumenekin: 170-180 mila milioi metro kubiko urteko. Baina Europa hegoalderako ere bolumen hori oso garrantzitsua da.

Azerbaijango erasoaldiarekiko nazioarteko erreakzioen mapa: Laranjaz-Azerbaijanen aldekoak; Urdinaz-Artsaj eta Armeniaren aldekoak; Beltzez-Jarrera neutrala izan duten edo bakea eskatu duten herrialdeak

Bakea lortzea………..

Eskualdeko ia herrialde guztiek dute Karabakh auzia konpontzeko interesa. Azerbaijanen interesa argia da, eta, azken finean, benetako garailea da, independentziaren lehen egunetatik herrialdeak aurre egin behar dion arazo geopolitikorik premiazkoena konpontzen duelako. Honek, Ilham Aliyeven boterea indartuko du, Azerbaijanen estatusa igoko du Hego Kaukasoan, eta, aurrerantzean, herrialdea garapen ekonomikoan zentratu ahal izango da. Errusiak ere etekina ateratzen du: alde batetik, Azerbaijango operazioak Armenia bere mendebaldeko aliatu berriengandik urrundu lezake, eta bestetik, Azerbaijan bazkide komertzial garrantzitsu bihurtzen da.

Karabakh Garaiko errefuxiatuak Goris hirirako bidean. 2023ko irailaren 26an Karabakh Garaitik ihes egiten ari diren armeniarren auto-konboi bat, 2023ko irailaren 26an.

Armenia gaizki gelditu da, konpontzen zaila den bidegurutze batean. Nolanahi ere, Erevanen edozein erabaki politiko Artsakh auziak mugatzen zuen. Armeniak ezin zuen Artsakh Errepublika aitortu, ezta bere estatuan sartu ere, baina ezin zien laguntza ukatu Artsakhen bizi diren armeniarre. Horren ondorioz, Erevanek harremanak utzi behar izan zituen jarrera hori onartzen ez zuten herrialdeekin. Gainera, Artsakheko egoeraren edozein larriagotzeak barne ezegonkortasuna eragiten zuen Armenian bertan. 1993ko gerra irabazi ondoren, Erevanek, izan ere, garaipen horren bahitu bihurtu zuen bere burua, eta, ondorioz, ez zen gai izan bere fruitu politikoak aprobetxatzeko eta Karabakheko krisiari amaiera emateko. Gai horrek pisu handia du herrialdean, eta barne-arazoez eta krisi ekonomiko eta politikoez arduratzea eragozten dio. Nolanahi ere, Armeniaren egoera oso zaila da, epe labur eta ertainean, gerrako porrotaren ondorioz armeniarren haserrea izugarria delako

Samvel Xahramanián Artsakheko presidenteak Errepublikaren desegitea sinatu zuen

…. Artsakh Errepublika desagertzearen kontura.

Artsakheko armeniarren egoera jasanezina zen. Azerbaijan indartsuagoa zen militarki. Errusiak, ohiko aliatuak, eta Mendebaldeko herrialdeek ez zieten Armeniari eta Artsakhi lagundu. Azkenean, Artsakh Errepublika desegitea erabaki zuten bertako agintariek. Samvel Xahramanian presidenteak dekretu batean nabarmendu zuenez, “estatuaren menpeko organoek” bertan behera gelditu beharko zuten 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Armeniako hedabideek jaso zuten testua, eta, haren arabera, egoera politikoa larria zelako eta Karabakh Garaiko herritarren “segurtasuna bermatzea” lehentasuntzat zeukatelako egin zuten hautua.

Irailaren 20an, bi aldeek hitzarmena sinatu zuten. Ordutik, bonbardaketen eta Karabakh Garaiko kapitulazioaren testuinguruan, Karabakhen bizi ziren armeniarren exodo masiboa hasi zen Armeniarako bidean, eskualdea 100 mila biztanletik gora utziz. NBEren misioak urriaren 2an adierazi zuen 50-1.000 armeniarrek Karabakhen bizitzen jarraitzen zutela. Horrela, aitortu gabeko errepublika ofizialki iragarritako data baino lehen ere desagertu zen.

Urriaren 3an, azeriar funtzionarioek Stepanakert (Khankendi, azerarrentzat) hiriburuko mapa berria argitaratu zuten. Kaleen izenak aldatu zituzten, eta oso esanguratsua da horietako bati Enver Pasha izena jarri izana, armeniarren genozidioaren egile nagusietako bat.

Urriaren 15ean, Ilham Aliyev presidenteak Stepanakert bisitatu eta Azerbaijango bandera altxatu zuen.

Urriaren 15ean, Ilham Aliyev presidenteak Stepanakert bisitatu eta Azerbaijango bandera altxatu zuen.

Gaur egun ere, armeniar herriaren genozidioak aurrera darrai. Mundu zibilizatua isilik, zer esan eta nola jokatu ez dakiela.

https://busturianaiak.home.blog/2023/11/28/artsakh-errepublikaren-amaiera/