Álvaro Cunqueiro & Gernikako bonbardaketari buruzko gezurra


Álvaro Cunqueiro, «Guernikako Arbola» artikuluaren (1937) eta «Xente de aquí e de acolá» liburuaren (1971) autorea. (ACME photo | Getty Images) 

Inoiz ere ez da gaur egun bezainbeste gezur esan esparru publiko-politikoan. Ezta modu hain sistematiko, lotsagabe eta etengabean, idazleen kolaborazioarekin, komunikabideen jabegoari esker eta teknologia berrien baliabideekin.

Hala ere, gezur politikoa ez da gauza berria. Kontaezinbeste dira memoria historikoak gorde behar lituzkeen gezur itzel gogoangarriak. Adibide txiki bat hartuko dugu, Álvaro Cunqueiro idazle galegoak Gernikako bonbardaketari buruz idatzitakoa 1937ko udaberri zoritxarreko hartan. 


Álvaro Cunqueirok Gernikako bonbardaketari buruz idatzi zuen artikulua.

GERNIKAKO BONBARDAKETA

1937ko apirilaren 26an gertatu zen Gernikako hiriaren bonbardaketa eta ia erabateko suntsidura. Ondo ezagunak dira, azkenean, hegazkin erasoaren nondik norakoak. Zehazki prestatu zen, Salamancako Espainiako Armadaren kuartel nagusiak eman zion Wolfram F. von Richthofen oberstleutnantari, telegrama bidez, bonbardaketarako agindua, eta Luftwaffe “aire indar” alemanaren Kondor Legioak exekutatu zuen, italiar Aviazione Legionariarekin koordinaturik, apirilaren 26 hartako arratsaldean, 16.20 eta 19.40 bitartean. Suntsidura ikaragarria izan zen.

Apirilaren 27an Gernikatik, Euzko Jaurlaritzaren Herrizaintzako sailburua zen Telesforo Monzonek telegrama desesperatu bat igorri zion Jose Antonio Agirre lehendakariari:

«Guernica fue. Hoy no es más que brasa cenizas. En este momento arde todavía pueblo tres horas bombardeo intensísimo bombas incendiarias lo han destrozado totalmente. Aldasoro, Torre yo llegamos allí espantados. Diez mil mujeres niños huyen carreteras temiendo ser ametrallados por aviación mañana al amanecer como lo fueron esta tarde. Ante esta catástrofe con amenaza hecha hoy mismo destrozar incendiar Bilbao esta semana sólo suplicamos háganse cargo situación angustiosa».

Apirilaren 28ko “Eguna” egunkariko titularra hau izan zen:

«Gernika, euskotarren uri maitea, birrindu nai izan dabe zearo».

Birrindu nahi izan zuten eta, egin ere, birrindu egin zuten. Euzko Jaurlaritzak ohar bat argitaratu zuen gertatutakoa salatuz: alemaniar hegazkinek hiru ordu eta erdiz Gernikako hiria errauts bihurtu zutela, jende asko hil zela eta beste asko izu-ikaraturik zebilela ihesean.

Gernikako bonbardaketa itzelaren egia laster zabaldu zen. Ez zen halako lehenengo bonbardaketa, martxoaren 31n gertatu zen Durangokoa, baina prentsarik gabe. Apirilean, kazetariak adi zeuden Emilio Molaren mehatxuak zelan konplituko ziren, eta Gernikako suntsiduraren egiak kronista prestuak izan zituen.

Oso sinesgarria eta hunkigarria izan zen, esate baterako, George Steer kazetariaren “The tragedy of Guernica”, Londresko “The Times” eta “The New York Times” egunkarietan argitaratu zena apirilaren 28an. Steer-en idazlanak hegazkin alemanek zibilen kontra eragindako suntsidura eta erabilitako gerra teknika berriak salatzen zituen. Frantzian ere argitaratu zen artikulu horren itzulpena, “L’Humanité” egunkarian. Gernikakoaren berri hantxe irakurri omen zuen Pablo Picassok…

BONBARDAKETARI BURUZKO GEZURRAK

Francisco Francok berak eman omen zuen gezurra zabaltzeko agindua, telegramaz, apirilaren 27an, goizeko zazpietan:

«Guernica está destruida por el fuego y la gasolina. La han incendiado y convertido en ruinas las hordas rojas al servicio del perverso y criminal Aguirre [que] ha lanzado la mentira infame -porque es un delincuente común- de atribuir a la heroica y noble aviación de nuestro ejército nacional este crimen…».

Ez zen gezur sinple edo soil moduan sortu, baizik aginte militar berriaren gobernatzeko modu lez, manipulazio eta propaganda aparatu boteretsuaren benetako gezurra (gezurra nahiko handia denean bihurtzen da benetako). Honela zabaldu zuen Radio Nacional de Españak bene-benetako gezur hori:

«No es la primera vez que miente Aguirre, mandarín de la República de Euzkadi. Aguirre ha declarado hoy que la aviación extranjera al servicio de la España nacional ha bombardeado la ciudad de Guernica y la ha incendiado para herir a los vascos en lo más profundo de sus sentimientos. ¡Miente Aguirre, miente, bien lo sabe él! En primer término no hay aviación alemana ni extranjera en la España nacional…».

Alemaniak Salamancan zeukan enbaxadoreak ere bertsio ofizial hori hedarazi zuen Berlinen: “Berliner Lokal-Anzeiger” egunkariak Gernika “boltxebikeek” erretiratu ahala erre zutela informatu zuen. “Völkischer Beobachter” kazetak Agirreren hitzak gezur “boltxebike” lotsagabeak zirela esplikatu zuen. Artean, bonbardaketan parte hartu zuten pilotu alemanei gaia ez aipatzeko eskatu zitzaien. Italian ere bertsio hori nagusitu zen.

Eliza Katolikoa, hala zela eta, gezurraren alde jarri zen, pulpituetatik. Eta ez Gernikan benetan gertatutakoa ez zekielako, Alberto Onaindiak ondo informatuta baitzegoen Isidro Gomá kardinala. Egia ez zitzaien bereziki interesatzen ez Francori ez Gomári. Kasu horretan, benetako gezurraren beharra zeukaten, irabaztea besterik ez zitzaien interesatzen.

Kardinalak honela erantzun zion gertatutakoa kontatu zion Onaindia abertzaleari:

«Los pueblos pagan sus pactos con el mal y su protervia en mantenerlos […]. Me permito responder a su angustiosa carta con un simple consejo: que se rinda Bilbao, que hoy no tiene más solución. Puede hacerlo con honor, como pudo hacerlo hace dos meses. Cualquiera que sea el bando autor de la destrucción de Guernica, es un terrible aviso para la gran ciudad».

Estatuak edo Elizak armen eta bertutearen monopolioa nahi zuten. Eta, armena eta bertutearena bezala, egiarena. Egia bandera moduan erabili nahi zuten, baina gezur asko eta handiak behar zituzten horretarako.

GERNIKAKO ARBOLA

Álvaro Cunqueirok artikulu bitxi bat idatzi zuen “El Pueblo Gallego” egunkarian (1937-05-07), titulua “Guernikako arbola”, u-rekin, euskaldunez. Jende xume eta iluna, euskaldunak, erromesak pasatzen ikustera bidera ateratzen zirenak melodia lauso bat abestuz:

«Pelegrinuak datoz 

Santiagotikan,

atea ireki beza

ikusteagatikan…»

Baina euskaldunak, zoritxarrez, ez dira ja antzinakoak bezain sinple, garbi eta ezezagunak. Euskaldunak, tamalez, politizatu egin dira, kazetetan agertzen dira. Arima gogortu zaie eta, aspaldiko donejakue kantuak barik, orain beste abesti batzuk kantatzen dituzte (“Eusko gudariak gara”?; “Internazionala”?). Eta orain, hara, sua eman diote Gernikari. Zuhaitz zaharraren adarreko habiatik abesten zuen miruak ez ditu ja ikusten erromesak pasatzen, baizik eta lurralde horretako gudarien arima nahastuak. Antzina ur garbi eta bertakoa (areal, “bertakoa” da galegoz) zena, gaur egun ur lohi kanpotarra bihurtu da, separatista zein gorri. Hara, euskaldun zahar baldartu horiek, euskaldun berriok, erre dute euron plaza eta etxea.

Jende ernegatu horrek eman dio sua haritzaren eta foruen hiri osoari (anterga, “osoa” da galegoz). Horrela zikindu dute euskaldunek baserritarren bizimodu librea, betirako alferrik galduz legitimitatea:

«Han hecho así renuncia mortal y solemne del derecho a su patria, a su Euzkadi…».

Jainkoak («El Dios de nuestras victorias») eman diezaiela euskaldunei damu sakona Jainkoaren, askatasunaren eta bakearen izenean zin egiteko lekua suntsitzeagatik. Jainkoak eman diezaiela euskaldunei damu sakona Espainiak eskaini dien Aberria, Ogia eta Justizia ez onartzeagatik. Jainkoak eman diezaiela euskaldunei damu sakon-sakona, garratzagoa egin dakien Gorbeian zorrozten den lurraldea berriz ez ikusteko mina.

Lagun euskaldun konkretuak aipatzen ditu Cunqueirok bere artikuluan. Nortzuk-eta, Xabier Lizardi gozoa (olerki ederrenen autorea), Mariano Ciriquiain Gaiztarro (Goierriko portuzalea, Gipuzkoako Aldundiko idazkari gisa hilko zena) eta Pedro Mourlane Michelena (poligrafo falangista). Euskaldunen deiturak (alcume, “goitizena” da galegoz) indioenak bezalakoak dira, itzuli egin beharko lirateke.

«Ene Lizardi», diotso Cunqueirok Lizardiri, “O meu Freixedo” esan ziezaiokeen Lizardi naturazaleari, Lizardi ameslariari. Baina, harrigarria da, Cunqueirok ez zukeen aintzat hartuko, ostera, Xabier Lizardi pentsatzailea, Xabier Lizardi politikoa, eta are gutxiago Jose Maria Agirre subjektu soziala…


Zakur bakarti bat noraezean, errautsen pare geratu ziren Gernikako kaleetan. (ACME photo | Getty Images)

«CÓMPRE MÁIS SER GALEGOS QUE SER LIBRES»

Álvaro Cunqueiro galegista zen, baina galegista zentzu “kulturalean”, ez “politikoan”. Vicente Riscoren ildotik, lurraldearekiko lotura telurikoan sinesten zuen, eta lotura hori estetika eta etika bihurtzearen alde zegoen, ez politika. Politikaren alorrean, klasista eta Europako tradizio kristauaren defendatzailea, penintsula boltxebikeengandik defendatu behar zela uste zuen Cunqueirok. Eta ez zitzaion batere gustatu 1936ko otsailean Partido Galegista Frente Popularrean integratzea.

Vicente Riscok formulatu zuen galegismo kontserbadorearen goiburua: “Denantes ser escravos que deixar de ser galegos”, esan nahiz, hobe galegoa izaten jarraitu, libertate politiko berriak bilatu gabe, Dikotomia faltsua zen, ze, hain galego geratu nahirik, esklabo eta espainol bihurtu behar, serbidunbrea onartzen duen galegoa espainol bihurtzen delako. Cunqueiro, galegismo teluriko primario horretatik, frentepopulismoaren kontra, nazionalismo espainol filofalangistara jausi zen berehala 1936ko uztailaren 18an. Hizkuntzaz ere mudatu zen, bide batez, derrigorrez, naturaltasunez, galegoa utzi eta espainiera hartuz gerra-arma gisa.

Galegismoa politizatu nahi ez zuena, 1936ko hazilean ja “jefe local de prensa y propaganda de Falange Española” zen Santa Marta de Ortiguerian. Aldizkari falangista bat argitaratzen zuen hantxe: “Era Azul: guión de Falange Española de las J.O.N.S. de Ortigueira”.

1937ko urtarrilean, falangistek Vigoko “El Pueblo Gallego” konfiskatu zutenean, kolaboratzeko deitu zioten. Eta egunkari horretan argitaratu zuen Cunqueirok “Guernikako arbola” artikulua, euskaldunez. Lehenago ere idatzia zen egunkari horretan, Errepublika denboran, galizieraz eta zentzu galegistan. Orain, Altxamendu Militarraren glosagile bihurtu zen…

Gezur politikoaren erabilera taktiko eta estrategikoaz gainera, Estatuaren edota Elizaren gezur handiez aparte, oso humanoa da gertatutakoa emendatzeko joera. Egia faktuala baino erosoagoa izaten da, askotan, gezurra. Gainera, ondo eraikitako gezurrak, enuntziatu ahala, errealizatu egiten dira. Egiantzekotu eta egiak balira bezala zabaltzen dira.

Ahalmen misteriotsu bat du gizakiak: «eguzkia egiten du» esan dezake kristalaren beste aldean euri zaparrada bat jausten ikusten duen artean. Gizakiaren askatasunik ederrenetakoa da ez-dena imajinatzeko eta pentsatzen-ez-duguna adierazteko gaitasun hori. Idazleek aisa erabiltzen dute egundo gertatu ez dena azaltzeko abilezia, eta fikzioa deitzen diote, eta asko estimatzen da. Trebezia hori, hain zilegia literaturan, modu miresgarrian landu zuen Alvaro Cunqueirok.

Baina, gezurra esateko askatasunaren aldean, egia esateko askatasuna dago, eta horixe da askatasunik behinena. Gernikako bonbardaketa hari buruz, Francok gezurra esan zuen, jakinaren gainean, askatasunaren kontra. Gomák ere gezurra esan zuen, jakinaren gainean, askatasunaren kontra. Zalantzazkotzat har daiteke Cunqueirok gezurra apropos idatzi zuen (apropos izan ezik, ez litzateke gezurra, ezta), ala ekibokatu egin zen, gaizki informatuta zegoelako. Baina, ez zuen gezur hori bakarrik esan Cunqueirok, ia egunero idatzi zuen gezurra, urtetan, benetako gezur horietan murgilduta bizi zen. Interes orokor argi batzuk zituen. Eta egia faktual konkretuak ez zitzaizkion interesatzen.

«LA VOZ DE ESPAÑA»

1938an Vigotik Donostiara aldatu zen Cunqueiro, lanean, “La Voz de España” egunkarian eta “Vértice” aldizkari ilustratuan. “La Voz de España” egunkari frankistan (1936-1980) eta “Vértice” aldizkari falangistan (hau ere Donostian fundatu zen 1937ko apirilean, gero Madrilera joateko). Gerraren amaiera aldeko egun haiek oroiminez gogoratuko zituen Cunqueirok “Almendros en flor” izeneko artikuluan:

«Cuando fui, en 1938 y 1939, redactor de ‘La Voz de España’ y subdirector de ‘Vértice’, viví en San Sebastián unos hermosos meses, que recuerdo como días ricos y alegres, espiritual, sentimental y culinariamente hablando…» (“La Noche”, 1960-02-16).

Giro alai eta zoriontsua Donostiako erretagoardiakoa zentzu espiritual, sentimental eta kulinarioan, burkideak ja Katalunia konkistatzen ari zirela.

Prentsa nazionalean kolaboratzeaz aparte, galegista ohiak liburu frankistak argitaratzen zituen: Antonio de Obregonek (1937ko urtarrilean Salamancan Miguel Unamunoren hilkutxa eraman zuen falangistetakoa) eta biek idatzitako “Laureados 18 de julio de 1936” liburua, esate baterako, Donostian argitaratu zen 1940an. Prologoa jeneral frankista batek egin zien, José Enrique Varelak. Ilustrazioak, José Picók, Eduardo Santonjak eta Domingo Villadomatek.

1940an ja, Cunqueiro Madrilen bizi zen. Talentu handiko idazle fama mereziarekin publikatzen zuen “ABC” eta “Arriba” egunkarietan. Eugenio Montes han ibiliko zen, hori ere azentu galegoarekin, eta Jose Maria Castroviejo. Josep Plák ere Madrilen argitaratzen zuen orduan, eta azentu katalan markatua entzungo zitzaion. Auskalo azentu euskaldunekoak ziren Pedro Mourlane Michelena, Jacinto Miquelarena, José María Alfaro, Rafael Sánchez Mazas eta enparauak. Gerrako irabazleak, morrontzaren ederresleak, idazle epidiktikoak: frankismoaren hitza eta bitsa.

Ideologia politikoaz aparte ere, lotsagabe hutsak ziren irabazle haietako asko. Cunqueiroren bizizaletasun mugagabeak, esate baterako, onaren eta txarraren arteko mugak gainditu zituen. Gautxori eta diru gutxi, Cunqueirok “falcatruada” (iruzur) batzuk egin behar izan zituen dibertsioaren erritmoa mantentzeko. Falangetik bota zuten 1943an-edo, eta kazetari karneta ere kendu zioten. Julio Caro Barojak “kontakatilu” eta “galtzaile” moduan erretratatzen du Cunqueiro “Los Baroja” liburuan.

Ez zen eroso bizi Madrilen, eta, benetan lur jota itzuli zen Mondoñedora 1947an, dibortziatuta, dirurik eta ogibiderik gabe.

«NON TEÑO NINGUNHA AUTORIDADE MORAL»

Eskerrak Francisco Fernández del Riego, Domingo García Sabell eta halako kriptogalegista batzuek errenkore eta mendeku handirik gabe onartu zutela berriro laguna artean. 1949an, Cunqueiro Santiagoko “La Noche” arratsalderokoaren suplemento kulturalean hasi zen kolaboratzen. 1950ean, Galaxia editoriala fundatu zen, eta Ramón Piñeirok parez pare zabaldu zizkion Cunqueirori hango ateak. “Faro de Vigo” egunkarian ere laster hasiko zen zutabeak idazten. “Grial” aldizkarian ere testu ederrak publikatuko zituen.

Eta 1955ean, errelato luze bat argitaratu zuen Cunqueirok Galaxian: “Merlin e familia”. Erdi Aroko paper zaharrekin, trobadoreen doinuekin, erudizio asmatuekin, eta XX. mendeko gerren arteko abangoardia artistikoen modernotasunarekin, errealitatea mitologia bihurtuz eta mitologia errealitatetzat hartuz. Gezur politikoaz jardun dugu, baina antzera, fikzio literarioa asmatzen zuen Cunqueirok. Errealitatea birfundatzen zuen bertan bizitzen geratzeko moduko hizkera miresgarrian.

“Merlin e familia” hori argitaratzea izar distiratsu bat agertzea izan zen derrepentean literatura galegoaren harrizko gau ilun luzean…

Xose-Luis Méndez Ferrinek «idazle kolosal» kalifikatu zuen Cunqueiro momentu batean. Ferrinek berak bestela deskalifikatu zuen beste momentu batean: «Erreakzionario konprometitu eta krudela».

Literaturaren alorrean, Cunqueiro ez zen makurtu: errealismoaren paradigma berria loratu zenean ere 70eko hamarkadan, berak bere ikuspegi subjektibo eta fantasiazalea mantendu zuen, modapera makurtu gabe.

Politikaren alorrean, Espainia inperialaren alde eta nazio galegoaren aurka hainbeste jardun ondoren, bere ahultasun etikoaren kontzientzia zuen Cunqueirok, Ramón Piñeirori 1952an idatzitako gutun batean aitortzen zuenez:

«Pro non debes esquecer que, faga eu o que faga pólo noso vello país -póla nazón galega e pólo seu mensaxe- eu non teño ningunha autoridade moral. Dígocho con tristura, pro é eisí e non hai que facerlle…».

Hala zen eta ez zegoen zereginik. Ez zuen autoritate etikorik nahi Cunqueirok. Gero ere, komenentziaren arabera joan zen beti politikoki egokitzen, Manuel Fraga Iribarnek utzitako espazioan, azken aldian menpekotasuna onartzen zuen galegismo ustez apolitiko batean: «Cómpre máis viver con certas comodidades que arriscar o que temos».

Ohikoak eta oso humanoak dira gezurrak, txikiak edo handiak, baina bada okerragorik. Oso ohikoa da, eta oso humanoa, interes orokor handiengatik batzuetan, egia konkretuak ez interesatzea.

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/7k/editions/7k_2026-04-26-07-00/hemeroteca_articles/alvaro-cunqueiro-gernikako-bonbardaketari-buruzko-gezurra