Euskal literaturan azken 40 urteetan eleberri errealistak (eta hein txikiagoan ipuin errealistak) izan duen presentzia eta indarra erabatekoa izan da, salbuespen gutxirekin. Horregatik, ipuin bilduma honetan monopolio horren aurkako joera bat aurkeztera nator, hain zuzen euskal literaturaren aniztasuna eta heterogeneotasuna indartzeko asmoz. Norbaitek galdetu zidan ipuin bilduma hau zer zen, ez baita begi-bistakoa. Eta konturatu nintzen izenburu berri bat behar nuela bere estiloa izendatzeko: errealismo alternatiboa.

Zer da beraz errealismo alternatiboa eta zergatik izen berriaren beharra? Joera honek egungo euskal errealitatea hartzen du abiapuntu eta, errealismo tradizional edo burgesak ez bezala, literatur genero desberdinen iragazitik pasatzen du, errealitate alternatibo bat ekoizteko: errealitatea bera ez dena baina errealitate horren barne bizitza, egiturak eta kontraesanak era are “errealistago” batean aurkezten dituena. Iragazi gisa erabili ditudan generoak denetakoak dira: errealismo magikoa, zientzia fikzioa, fantasia, detektibe literatura, erreportajea, alegoria, erromantzea, melodrama….
Zergatiari dagokionez, proposatu nahiko nuke errealismo alternatiboaren estrategiak aukera ematen duela errealismo tradizionala baino “errealistagoa” den beste literatura bat aurkezteko, izan ere errealismo tradizionala ere ez da errealitatearen isla zuzen eta fidela, baizik eta konbentzio batzuen bidez XVIII. mendetik hona artifizialki ehundu dena, gero denok adostu badugu ere errealismo forma bakarra dela. Eta hala, errealismo alternatibo horren adibide dira liburu honetan aipatzea: Repsol, Elkano, Gipuzkoako Merkataritza Ganbara, Berria, Arnaldo Otegi, egungo euskal unibertsitateko filologia ofiziala, Argia eta Berriako kazetariak, Koldo Mitxelena Kulturunea, Maria Zozaia, Fermin Muguruza, AEK, Elena Ferrante, Urkullu, Baionako Euskal Museoa, Euskadiko Buru Batzarra, Elhuyar, Iruñeko Tres Reyes hotela edo Chatgpt/DeepSeek bezalako Adimen Artifizialak. Baita euskal literatura garaikide eta zaharragoari egindako erreferentziak ere, Erdi Aroko Sancha Ochoa de Ozaetaren baladarekin hasi eta Ibrahima Balderen lanarekin amaitu.
Hala, euskal errealitate horiek guztiak goian aipatutako generoen iragazitik pasa ditut ipuinetan eta beste errealitate eraldatu batean, errealitate alternatibo batean, lekututa aurkeztu ditut, Bertol Brechtek “arrarotze edo alienazio efektua“ deitzen zionaren antzeko beste bat sortzeko, biak berdinak ez badira ere. Izan ere literatur generoek eskaintzen dutena zera da, dagoeneko irakurleak ezagutzen dituen eta, beraz, gozamena bermatzen dioten konbentzio edo egitura batzuen bidez errealitate eta ideiak era berrian aurkeztea eta ikustatzea. Hots, egungo euskal errealitatearekiko ikuspuntu eta ikuskera berri bat eman nahi ditu ipuin liburu honek. Errealismo alternatibo honek baditu aurrekariak euskal literaturan. Itxaro Bordaren Basilika (1985), Aingeru Epaltzaren Ur uherrak (1991), Joan Mari Irigoienen Babilonia (1989) eta Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel (1994). Euskal literaturatik at, García Márquez, Morrison, Saramago, Pynchon, Murakami edo Leguin ere autore ezinbestekoak bihurtu zaizkit genero berri hau lantzeko.
Errealismo alternatiboaren lehen ondorio edo efektua —eta afektua— irribarrearena eta barrearena izan da, eta, batzuetan, algararena ere bai, ipuinok irakurri dituzten lehen kide boluntarioei kasu egiten badiegu behintzat. Are, orokorkiago, aldarrikatu nahiko nuke, era berean, literatura irakurtzearen plazera testuaren erdi-erdian kokatu dudala (kaleko hizkuntzan “ondo pasatzea” esango geniokeena), salbuespenak salbuespen, gure euskal literatura oro har “tristea, latza eta grisa” den momentu honetan, errealitatea bera ere hein handi batean halakoa delako. Oso kontziente naiz gurean barrea eta irribarrea sortarazi dituzten literaturak automatikoki bigarren mailara saihetsi ditugula, “benetako literatura serioa baita” “definizioz, guztiok inkontzienteki eta esplikaziorik gabe onartu dugun konbentzio baten ondorioz. Eta ipuin bilduma honen patua ere hala suertatzen bada, izan bedi.
Baina, eta hau litzateke ipuin liburu honek eragin nahi duen bigarren ekarpen nagusia, errealismoaren alternatiba bat eskaintzeak beste helburu edo efektu bat ere badu: pentsatzea. Hots, distantziatik errealitatea berriro, iragazi berri baten bidez, ikustatzeak barrea edo irribarrea sortzen baditu ere lehen momentuan (eta irakurlea horretara bakarrik mugatzea erabat onargarria baderitzot ere), bigarren batean pentsatzeko aukera ere sortzen du, pentsatzearen zentzu bikoitzean.
Alde batetik zentzu politikoa dugu. Txillardegi eta Atxagaren aspaldiko eztabaidak literatur autonomiaren eta politikarekiko morrontza ezaren hauzia betiko erabaki zituela bazirudien ere, liburu honekin “back to Txilllardegi” dei dakiokeen joera aldarrikatu nahiko nuke, hots literatura erabat politiko bihurtzearen aldarrikapena. Liburuaren izenburuak esplizituki adierazten duen moduan, nire hamar ipuinek euskal independentzia nola lortu eta, lortutakoan, zer itxura izango duen esplizituki eta politikoki esploratzea dute helburu. Izan ere, independentziazaleok, neu barne, sarri hitz egiten dugu burujabetasunaz, baina gutxitan geratu gara independentzia horrek zein itxura zehatz, zein errealitate, izango duen pentsatzera eta eztabaidatzera. Marxenean ere, ‘komunismoak” zer itxura izango zuen adierazterakoan, irudimena eta esplikazio ahalmena oso laburra, are pobrea ere, suertatu zitzaiola pentsalari hari onartu behar dugu, autore ugarik azpimarratu duten moduan. Eta arrazoia argia da: ez dago historikoki, soziologikoki edota ekonomikoki, hots zientifikoki edo arrazionalki, geroa pentsatzerik.
Eta horregatik, momentu honetan behar dugun ekintzarik politikoenak, independentzia zehatzago eta errealistago bat pentsatzeko ekintza politikoak, literaturaren irudimena eskatzen du lagun eta bidaide.

Politikan geroa pentsatzeak beti ere literaturaren laguntza eskatu du. Euskal Herrian ere, ezkerrari euskal independentziaren geroa zein izango den galdetutakoan, oso esaldi orokor eta labur batzuekin erantzuten du: sozialismoa, patriarkatuaren amaiera… Baina horiek zein itxura erreal izango duten berriro galdetutakoan, Marxen arazo berdinarekin egiten dugu talka. Beraz, ez dago ezer literarioagorik gure geroaldi politikoa pentsatzea baino. Puntu horretan politikak eta literaturak bat egiten dute eta beren potentzialtasun guztia askatzen dute, era gatazkatsuan bada ere. Hots, geroaren politika era errealistan pentsatzeak egiazko irudimena eskatzen du, ezin baitira panfleto politiko motz eta merkeak aurkeztu literatura bezala. Eta hain zuzen horregatik ere, “gizonezko, zuri, klase ertaineko, gipuzkoar, heterosexual” paradigma deitu diezaiokegun horretatik ere ahalik eta gehien urruntzen saiatu naiz, beti asmatu ez badut ere. Are, ipuin askotan halako estilo barroko, luze eta laberintikoa erabili dut, perpausaren maila mikroan ere, irakurleak senti dezan rollercoaster batean bezala, abiadura azkarraren eta kontrol gabeziaren ondorio den gozamena.
Lehenago aipatutako pentsatzearen bigarren zentzua intelektuala da. Barrea, irribarrea eta algara jada pentsatzeko forma bat badira ere, ipuin bakoitzean proposamen intelektual serio bat dago, ideia edo kritika itxuran formulatua. Egun faxismoa mundu mailan hartzen ari den indarraren testuinguruan proposatutako ideiak eta kritikak dira ipuin gehienetan aurkezten ditudanak. Hamar ipuinetan esploratzen diren galdera, ideia eta kritika batzuk hauek izango lirateke: euskal holokausto bat gerta daiteke faxismoa serioski hartzen ez badugu? Euskal Herri burujabe batek faxismoan amaitu dezake? Zein da feminismoaren eta independentismoaren arteko erlazioa? Zergatik ez dugu faxismo global hazkorraren garrantzia gehiago kontutan hartzen independentzia pentsatzerakoan? Zein dira egungo Euskal Herrian dauden zapalkuntza ekonomiko forma garrantzitsuenak, turismoarekin hasita? Borroka armatua itzul daiteke Euskal Herrira neoliberalismoaren eta faxismoaren garaiotan? Zer itxura izango du Euskal Herriak etorkinek bertan presentzia handiagoa lortzen dutenean? Zer gertatuko litzateke historikoki eta ideologikoki kargatuta dagoen “sorgin” terminoa euskal independentziaren borrokaren erdian, jarriko bagenu bere sujetu nagusi bezala,? Ba al dira euskal independentziaren kritiko eta pentsalari zaharragoak, XVI. mendetik hasita? Eta azkenik, zein izango da berotze globalaren efektua geroko Euskal Herri burujabe batean? Hala, proposatu nahi dut galdera horiek guztiak ezinbestezkoak eta premiazkoak direla egun eta hamar ipuin hauek, errealismo alternatibotik, horiexek pentsatzen lagun diezaguketela.
Agian horregatik ere, euskal ezkerrarekin eskuinarekin baino askozaz kritikoagoa izan naiz ipuinotan, hain zuzen ezkerrekoa naizelako, independentista naizelako eta zinez sinesten dudalako bertatik bakarrik sortuko dela Euskal Herri burujabe baten aukera. Eskuinak ez du horretan interesik, bere ardura nagusia klientelismo oligarkikoa baita. Agian horregatik ere, ipuinotan euskal independentziara eraman gaitzaketen hamar geroaldi posible aurkeztu baditut ere, aukera bakar bat eskluditu dut: ezker abertzaleko alderdiek, subjektu politiko nagusi bezala, independentziara gidatu eta eramango gaituzten aukera. Hain zuen, hamar ipuin hauek geroko historiaren konplexutasun aurreikusezin eta kontrolatuezina azpimarratu nahi dute, ezustekoari, istripuei, kointzidentziei eta, oro har, faktore akzidental historikoei garrantzia handiagoa ematen dietelarik. Arrazoi berarengatik, ipuin hauek “utopia” deritzon generoari ihes egin diote, ipuinetako zenbait pasarte utopikoak direla argudia badaiteke ere: geroaren historia ezin da arrazionalki planeatu eta, gero, idealizazio moduan aurkeztu: hots, izoztutako denbora-espazio baten utopia bezala. Hamar eszenategi hauetan, prezio oso gogorra ordaintzen da beti independentzia lortzeko. Beste nonbait idatzi dut “utopiei” zergatik ekidin behar diegun, egiazki inoiz independentziara iritsiko bagara [1].
Azkenik, derradan, hamar “euskal geroaren istorio” hauek elkarrekin gurutzatzen direla beren kronologietan, askotan elkarri kontrajarriz. Ez dira beraz elkarren osagarriak, baizik eta elkarrekiko alternatiboak. Fisikan esplikatzen duten unibertso alternatiboen edo parekideen teorian bezala, ipuinotan “hamar euskal unibertso alternatibo” proposatu ditut. Batzuetan, geroan, Euskal Herria berotu eta desertu bihurtuko da, baina beste batzuetan, Atlantikoko itsas korronteak geratzean, mikro klima bat sortuko da Kantauriko Golkoan eta, beraz, zirimiri tropikal betiereko batekin amaituko dugu. Agian horregatik ere, hasieran, ipuinok atentzio apur bat gehiago eskatzen dute, unibertso horietako zertzeladak ulertzeko. Eta beraz, hamar egun edo eserialditan (edo gehiagotan) irakurtzea gomendatuko nioke irakurleari. Dena den, oraintsu albisteetan azaldu da asteroide baten berria, zeina 2032. urtean lurretik gertu pasako den; are, harritzar horrek lurra betebetean jotzeko aukera txiki bat ere ba omen dago, oso txikia bada ere. Beraz, liburu honek pentsatu ere egin ez dituen euskal unibertso parekide gehiago daude. Are, nire konputagailuan fitxero bat daukat beste hemeretzi euskal unibertso irudikatzeko oharrez beteta. Beraz hamar ipuin hauek hogeitabederatzi euskal unibertso alternatiboren arteko hautatze eta laburtze baten azken emaitza baino ez dira.
Azken hitz bat izenburuaz: «dekalogo» hitzaren hautaketa ironikoa da. Gure literatura zaharrean erlijioak izan duen presentzia eta indar agintariari erreferentzia egiten dio, geroaren dekalogorik idatzi ezin dela azpimarratuz. Nahiko genuke geroak zer izan behar duen arautuko luketen hamar agindu argi eta garbi izatea, orainaldi nahasi honetatik aterako gintuzketenak. Baina ezin.
[1] “utopien aurka: independentzia, postinperialismoa eta transatlantiko hondartua”
www.josebagabilondo.weebly.com/blog/utopien-aurka-independentzia-postinperialismoa-eta-transatlantiko-hondartua.
https://zuzeu.eus/buruari-bueltaka/independentziaren-dekalogoa-hamar-euskal-etorkizun/








