824-2024 Nafarroa, euskaldunon estatua

Horixe izango da aurten Orreagak abuztuaren 15erako Pasai Donibanen antolatu duen ekitaldi politikorako leloa.

824. urtean, duela 1.200 urte alegia, Eneko Arista Iruñeko erresumako buruzagi izendatua izan zen. 1.200 urte bete dira, beraz, gure ezaugarri nazionalen garapena eta iraupena ziurtatzeko lehen egitura politiko estandarizatua sortu genuenetik. Data horren aurretik ere ziurra da izango zela antolaketa politikoren bat gurean. Erroma erori ondoren herri aske bat izateak, barbaroak ez izateak adierazten digu hori. 250 urtez jarraian barbaroen aurkako erresistentzia arrakastatsu bat lortzeko, behar-beharrezkoak ziren lidergoren bat eta estatu antolakuntza bat. 824 aurretik, Eneko Aristaren aurretik bazen, hortaz, nolabaiteko estatu bat Iruñea inguruan.

«Beren historia ezagutzen ez duten herriek ezin dute oraina ulertu, ezta etorkizuna eraiki ere». Helmut Kohlek esandakoa da. Bere historiari garrantzirik ematen ez dion herriak ez du luzaz iraungo, seinale baita mendeko herria dela, ez baita herri askerik bere historiari funtsezko garrantzia ematen ez dionik.

Baina kasu, historia aztertzea ez da historizista izatea. Termino horrekin ez gara inolaz ere identifikatzen. Historiak garrantzia du, noski, baina guk ezinbestekoa dugu gaurko errealitatearen kontzientzia izatea: gure estatua desegin digute eta herri okupatu bat gara. Errealitate horretatik abiatzeak gure herri izaera eta izatea bera islatzen ditu, eta independentzia berreskuratzeko grina eta indarra pizten.

Zoritxarrez, euskal politikariak deitzen diren horiek demokrazian biziko bagina bezala jokatzen dute, eta aske bizi zarela uste izatea da askatasunaren bila dabilen herri batentzat etsairik okerrena. Euskal politikariak ezin du ahaztu menderatua dagoen herri baten lehen helburua askatasuna berreskuratzea dela. Madrilek eta Parisek gu lokartzeko ezarri dizkiguten erakundeen kudeaketan denbora galtzen ari dira, eta historiak erakutsi digu bide hori antzua dela.

Gatazka nazionala dikotomikoa da: edo estatu independente bat berrezartzen dugu, edo kolonizazio prozesuak aurrera jarraituko du gu deuseztatu arte. Etengabeak izan dira etsaien pausoz pausoko zapalkuntza eta haien aurrean gure herriak egindako erresistentzia: 1200, 1512, 1620, 1789, 1833, 1936, 1958, eta abar. Etsaiekin kolaboratzen duten alderdi ustez abertzaleek ez dute zapalkuntza hori aipatu nahi, eta ahaztu egin dute Euskal Herriak bere askatasuna defendatzeko edo berriro lortzeko egindako borroka, ahaztu egin zaie etsaia nor den. 800 urteko kolonizazio prozesuak erakutsi duenaren aurka, oraingoan bai, espainiar eta frantziar okupatzaileak intentzio onekin omen datoz; haiekin «negoziatu» behar dugu.

Ideologiak pertsonon jokabidea determinatzen du ideien bidez. Eta gure jokabidea gehien determinatuko duen ideia nagusietariko bat da subjektu politikoa nor den argi izatea. Gu euskaldunak gara, hala sentitzen dugu, eta gure arrazoiak hala agintzen digu. Guk argi dugu: Euskal Herria subjektu politikoa izan da bere independentzia defendatzeko eta berreskuratzeko borroka luzean. EAJren eta Sorturen burokrazien adierazpenetatik, baina, ezin da sumatu ere egin subjektu politikoa Euskal Herria denik; Espainiaren sistema politikoa dute subjektu politikotzat (tarteka Frantziakoaz ere oroitzen dira). Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, berriz, funtsean makroestatu handien eskalan lausotzen du. Proletarioak ditu subjektu politikotzat, eta proletarioak «ikuspegi nazionalaren kontra» hezi behar direla dio Estrategia sozialista berria txosten politikoan.

824. urtean euskal subjektu zibilak mehatxu militar inbaditzaileen aurkako plan zehatz bat planteatzen jakin zuen bezala, guri dagokigu orain indar harremana gure alde jarriko duen estrategia nazional bat taxutzea. Mehatxu militar inbaditzaile hura gauzatu zen. Aspaldi, ordea, eta dagoeneko herriaren zati handi bati ahaztu zaio okupaziopean bizi dela. Zapalkuntzaren kontzientzia zabaltzea dagokigu, beraz; erresistentzia indarra batzea, eta askapenerako politika marraztu eta aplikatzea, herriari begira eta herritik sortua. Errobik kantatzen duen moduan, berriz ere «gure lurrean gu nagusi» izan arte.

https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/824-2024-nafarroa-euskaldunon-estatua_2129271_102.html