Asisko Urmeneta
Interes handiko gaia da sorgin-ehiza, baina euskarazko monografia akademikorik ez daukagu, hain orban sakona utzi digun gertakaria ulertzeko; eta ikuspegi independentearen faltan, jarraitzen dugu besteren ikerketak transmititzen. Mito hedatu batek dio sorgin-ehizaren akabaila inkisidore humanista batek zuela ekarri, metodologia enpirikoa aplikatuz. Ikertzaile serioren batek agerian utzi beharko du kontakizun horren barregarritasuna, baina, bien bitartean, hona hemen oinarrizko kronografia historikoa, gure hipotesiaren froga: zio politikoek eraiki zuten sorginkeriaren alibia, eta zio politikoek eraitsi.
– 1513. Inkisizioa ezarri du Fernando katolikoak Nafarroa okupatu berritan. Urte hartakoa da Julius II.aren bulda: «Joan eta Katalina, behinola Nafarroako errege-erreginak izandakoak, Satanen ministro berri bilakatu dira».
– 1516. Nafarroa gibel askatzeko bigarren kanpainaren porrota. Inkisizioa da arduratu ondorengo errepresioaz: «Inkisidoreek jaso bezate informazioa jende horiez, zeintzuk entseatu baitira Nafarroa ematen Joan Albretekoari».
– 1521. Erresuma liberatua: askatzaileek Inkisizio-jauregiari eraso diote, eta funtzionarioak Ebrora bota. Noaingo batailaren biharamunean, Ofizio Santua da arduratu oldartuen errepresioaz (eta emakumeen gauzifikazioaz): «Ezar zigorra iheslarien emazteei. Hala, bertan daudenei justizia hobeki erakuts, eta ez daudenek, arrazoi gehiago eduki dezaten etxera itzultzeko».
– 1522. Amaiurko bataila. Sumario anitz errebelioaz: «Pertsuasio diabolikoak mugiturik, Berorren Maiestatea desobeditzeko asmo sendoaz».
– 1525. Tribunal sekularrak (presidentea eta bi epaile espainiar, hiru epaile beaumontar) sekta satanikoa atzeman du lehendikotz, eta garbitzeari ekin dio «aurkitu dituen sorgin gizakumeak eta emakumeak oro». Urte horrexetan, Izabako erretoreak (zeina leiala baita, Nafarroako kleroaren gehiengo nagusiaren antzera) ohartarazi du: «Ez ezazue sinets sorginik badenik, ez baitago! Ez emakumezkorik, ez gizonezkorik!». Urte batez bai, eta ondokoan ere bai, sarekadek sarekadei mendialde guztian. Izan ere, «sekta satanikoaren asmakuntzak ahalbidetzen dio absolutismoari bere muga- eskualdeen garbiketa» (Sophie Houdard). Bestalde, Diarmaid MacCulloch-ek bi giltza eman dizkigu atergabeko jazarpen hartaz: «Prozesatuak buruzagi nabarmenak izaten ziren, otzanenak ez baziren ere». Baieztapen horretan bat datoz ordu hartako ehiztari inplakableenak: Sabbatean [Akelarre hitza Logroñoko inkisidoreek asmatua da] elkartzen omen ziren Lapurdiko «jaun eta andere handiak eta beste jende aberats eta puxantak» (De Lancre). «Akusatuak izaten ari dira Nafarroako jende ospetsuenak eta nobleenak» (Salazar). Bortxaz inposatzen ari den Ordena Berriari erresistentzia zegion lidergoa ordeztu beharra zen. MacCullochek bigarren gakoa: «Sorgin-ehizaren intzidentzia nagusia izan zen herri jakin batzuetan, zeintzuetan sistema biziki efikazak garatuak baitzituzten diziplina judizialean». Euskal Zuzenbidearen arabera, akusatuak jakin behar du nor duen salatzailea, zein akusazioa, bere buruaren defentsa abokatuarekin prestatzeko. Berme prozesal soberaxe tiraniaren joko-arauarentzat: «Ezein erresuma kristauk ez dauka, eta gizalegez ez dezake eduki ere, ez forurik ez libertaterik heretikoen alde» (errege-erregina katolikoak, 1486). Eta horra hor Sekta Satanikoaren birtualtasuna: «Akusatuak ez du abokatuaz kezkatu beharrik, zeren fede aferetan prozedurak behar baitu sinplea, antzespenik gabea» (Peña, 1578). «Krimen hauek tratatu behar dira ezohiko prozeduraz, behatu gabe ez ordena juridikoari, ez eta usadioko legeari ere» (De Lancre, 1614).
Kronologian aurrera egin aitzin: Nafarroa okupatuan milaka prozesu irekitzen ari diren bitartean, Nafarroa librean, hau da, Donapaleu hiriburu daukan erresuma subirano gutxiagotuan, ez da sorginkeria-kasu bakar bat ere eman; hots, Euskal Herrian ez da sorgin-ehiza ulertzen ahal okupazio-logikatik at.
– 1609. Maila goreneko kontaktuak Ainhoan, frantziar epaileen eta espainiar inkisidoreen artean. Tokiko jaunkilot batzuk dituzte anfitrioi, euren arerio politikoak erditik kentzeko grinatuak: «Zerrendan zeudenak, Urtubiako jaunaren etsaiak ziren», Iruñeko apezpikuak errana.
– 1610. Parisen garbitu dute Henrike III.a; erreginak (bezperan koroatua, kasualki) desegin du Estatu Kontseilua, eta berria eratu. [Marie Medici florentziar bankarien alaba da, papista, eta espainiarren aldekoa Italiako gerletan]. Kontseilu berriak eginkizun nagusia du Espainiarekin bakea sinatzea. Orduantxe desagertu euskal sorginak! Felipe III.ak geopolitika berria markatu du, eta ez da Logroñora hurbildu, ospatzear duten hondar autodafera.
– 1611. Eta zer egin 5.000 kausa irekiez? Grazia-ediktua eskaini, zeinaren bidez absoluzioa ematen baitzaio torturapean eginiko deklarazioan atzera egin nahi zuen orori. [Ordura arte erretraktatze hutsak herio-zigorra zekarren]. Garai berrien igarle, Venegas apezpikuak ebatzi du denek zekiten hura: «Zaharrenek ere ez dakite zer den sorgin izatea, ezta zer den akelarrea ere».
– 1614. Herritar zenbaitzuek ez dute askietsi barkazioa, eta damu-domaien eske hasi zaizkie inkisidoreei. Inkisizio Supremoa ez da uzkurtu, eta isiltasun-ediktua du dekretatu: «Sekretua atxik biz Ofizio Santuak ezarririko gaztigu eta punizio kasuetan, eta hala kunpli dadila, edo, bestela, salatzailearen inobedientzia eta transgresioa zigortuak dirate zuzenbidearen araberako laztasun guztiaz».
– 1615. Bi inperio amorostuek ezteiak eszenifikatu dituzte, gurean. Arnegin sinatu dute: «Herio-zigorra ezarriko zaio Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko mugalerroaren markatzeko ezarriak izan diren zedarriak etzanarazten, kentzen, hausten edo mugitzen dituenari». Eta Pausun, printzesa nerabe bi elkarri trukatu.
– 1616. Felipe Espainiakoak eta Marie Frantziakoak, bakoitzak bere aldetik, predikari tropak igorri dituzte euskal mendietara, segida eman diezaioten herritar zifrituen burmuin-garbiketari. Eta, sorgin-ehiza ordu hartan bukatu baldin bada ere, Inkisizioak jarraitu du, espainiar ministerio den ber, «ezen Ofizio Santuko tribunalek ongi loturik atxiki baitituzte, eta atxikitzen, Berorren Maiestatearen erresumak» (Medina inkisidorea, 1655).
Berria