Amaiur oroimenean: izena, herria, memoria, gaztelua, kanta

Eliz egutegiaren bidez kontaketa egiteko monopolioa galdu zenetik urteko egun bakoitza da santu batena ez den beste “zerbaiten” eguna: langileena, euskararena, emakumeena, aitarena eta abar.

Antzeko gertatzen da urtearekin. Lehia komunikatibo gogorra jokatzen da “zeren” urte bezala ezagutuko den, adibidez 2022a. Proposamenak ugari izango dira zalantzarik gabe, baina, gutxik izango dute euskalnafarren oroimen eta sinbologian Amaiurrek adineko indarra.

Hitz gutxik izango dute bere baitan euskaltasun eta nafartasun sentimenduak batera biltzeko gaitasuna; alegia, euskalnafarren irudi sinbolikoren batasuna irudikatzeko indarra. Hona hemen adibide batzuk:

Amaiur izena: Antzinako izena izan arren, edo behar bada horregatik, adiera asko hartu ditu. Amaiur, Ama Lurretik dator? Amaia + ura batuketatik… Kontua da izen hori gureganaino iritsi dela eta ohikoa bihurtu dela. Gainera, legediak seme-alabei izena jartzeko malgutasuna onartu zuenetik, ez dira gutxi, jaio berriak izendatzeko Amaiur aukeratzen dutenak. Seaskaren egutegian, berriz, uztailaren 19an da Amaiur.

Amaiur herria: Amaiur Baztan haraneko herri bat da. Denboran galtzen den garaitik dugu haren berri. Erdi Aroan, gaztelu bat eraiki zuten. Haren zeregina Iruñetik Garazira eta gero Baionara zihoazen merkatariei zerga kobratzea zen. Gipuzkoatik ere zenbait garaietan bide hori aukeratzen zuten merkatariek Pirinioak zeharkatzeko, kostaldeko igarobidea baino seguruagoa zelakoan.

Amaiur oroimen lekua: euskalnafar askok, gehienok, badugu Amaiur izenaren entzuna. Arrazoi asko daude horretarako, jakina. Euskalnafarrontzat, Amaiur oroimen leku bat da: materiala eta ez-materiala. Pierre Nora paristarrak finkatu zuen Les lieux de mémoire kontzeptua: “giza-borondateagatik edo denboraren obragatik delako komunitate baten oroimenezko ondarea bihurtu den edozein elementu sinboliko esanguratsu, material edo ez-materiala”.

Amaiur gaztelua: Nafarroaren konkistaren testuinguruan, 1512an, gaztelar-aragoiarrek gaztelua okupatu egin zuten. 1521eko urriaren 12an, bertan gotortutako gaztelarrek amore eman zuten euskalnafar legitimisten aurrean. Bederatzi hilabete geroago, Karlos V.aren indar inperialak, kontraerasoan, setioa jarri zion gazteluari. Erasotzaileak 7.000 gerlari ziren eta erresistentzia egin zietenak apenas 200 lagun.

Erresistentzia alferrikakoa zen, indarren arteko aldea handiegia baitzen. Uztailaren 19an, errenditu ziren Mirandako kondearen soldaduen aurrean. Konkistatzaileek gaztelua zartarazi zuten. Galdua zirudien, baina, aztarnak eta oroimena bizirik geratu ziren.

Amaiurko erresistentzia: Amaiur erresistentziaren ikurra da, euskalnafarrek aurre egin baitzuten bizia galdu arte, bereziki, gaztelar-espainolak edo frantsesak izan nahi ez zutelako. Bazekiten berrehun lagunek gazteluari eustea ezinezkoa zela. Hala ere, tinko eutsi zioten. Ekimen epikoa izan zen. Inbaditzaileen aurrean herria defendatzeko erabaki sendoa, benetakoa.

Amaiurko oroitarria: 1922ko ekainaren 30ean, Amaiurko gaztelua zegoen tokian, haren aztarnen gainean, oroitarri edo “monolito” bat inauguratu zen (2022an, 100. urteurrena izango da). Lau armarri ditu, bana lauki alde banatan: Amaiurko herriarena, Araba-Gipuzkoa-Bizkaiarena, Nafarroa osokoa eta sei merindadeena. Zoritxarrez, monumentua 1931ko uztailaren 26tik 27rako gauean dinamitaz suntsitu zuten. Garai hartan, “Lizarrako Estatutuaren” proposamena eztabaidatzen ari ziren Hego Euskal Herriko udaletan. Oroitarria berreraiki egin zen eta berriro inauguratu, 1982ko urriaren 10ean. Amaiurko udalaren ekimenak Nafarroa Garaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzaz gain, Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuen.

Amaiur kanta: 1930eko hamarkadan, Lauaxeta poeta bizkaitarrak olerki bat ondu zuen gertaera haiek munduan zabaltzeko: Amayur, gaztelu baltza. Gero, 1978an, Antton Valverdek musikatu eta kanta bilakatu zuen:

Amayur gaztelu baltz ori
-berreun gudari oso sumin-
zaintzen zaituben zaldun onak

Amaiur XX. eta XXI. mendean: Espainiako 2. Errepublikaren alde “Amayur” gudarostea antolatu zen.  ramonrubial.com/batallon.asp web gunearen arabera, 1522an, Amaiur edo Mayan gertatutako balentriaren oroimenez PNV-k sortua; 1931n, PNVren eskutik Iruñean sortutako Amayur astekaria, euskaraz eta gaztelaniaz, Nafarroa osoan zabaltzen zen; Frankoren Espainiako diktadurari aurre egiteko, ETAko hiru komandok gutxienez Amaiur izena hartu zuten. 2011ren azaroaren 20an, Franko hil zela 36. urteurrenean, Madrileko hauteskundetara aurkezteko Bildu eta Aralarren koalizioak Amaiur izena erabili zuen.

Amaiurren aurkakoak ere ugari izan dira historian zehar. Lehenengoa, 1512an, Nafarroa Garaia militarki okupatu eta bortxaz Gaztelari atxiki zutenean; Azken aurrekoa, 1922an, Victor Praderak nazionalista espainolak Amaiurren defendatzaileei buruz “euren aberriari traizioa (?)” egin ziela esan ondoren, 1931ean, monumentua dinamitatu zutenean.

2022an, konkista lazgarri haien testuinguruan, gertatutakoetatik bostehun urte pasa direnean, eta ehun urte gazteluan oroitarria jarri zela bete direnean, aurtengoa, Amaiurren urtea izatea proposatzen diegu euskalnafar guztiei. Gure egiten dugu harrian zizelkatu zutena: “Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian” borroka egin zutenei, betiko argia.