Jardunaldia Gernikan
Errautsetatik sortutako argi berria. Euskal historiatik mundu zabalera.
(Azaroaren 13an, goizeko 9etan Gernikako Elai Alai Aretoan)
Azaroak 13an, Guernica espainiaratu zeneko 40garren urteurrenaren harira, Gernika Batzordeak, Nabarralde Fundazioak eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformak osatuko ditugun jardunaldietan, artelana, Guernica, ikonoa, irudi sinbolikoa eta Gernika Memoriaren Lekuaren arteko loturak zein bakoitzaren zentzu eta esanahiak zabaltzeko eta sakontzeko asmoarekin aztertuko ditugu.
Horretarako beste batzuen artean, Karmelo Landa Mendibe, Xabier Irujo Amezaga, Felicitas Lorenzo Villamor, Angel Rekalde Goikoetxea, Beñi Agirre Oiartzabal… Zabalduko dizkigute, Euskal memoriaren eraikuntzaren eta Memoriaren Lekuen ezaugarri eta esan nahien alde berriak; margoaren espainiaratzearen alderdi politikoak, “estatu arrazoiak”; “Memoria nagusien”, “ofizial” edo “kanonikoen” eraikuntzaren historiarekin (inposaketarekin) lotura zuzena duen genozidio kontzeptua ulertzeko hain ohikoak ez diren ikuspuntuak; Guernica eta euskal artisten “Guernicak zein Gernikak” harremanak ezagutuko ditugu eta horrekin batera, Picassoren lana oinarrietako bat hartuta, euskal memoriarekin, Gernika Lekuarekin batera, eraldaketa kulturalerako haien hausnarketa eta egitasmo estetiko eta politikoak… Gainera, Gernika Batzordea taldearen eskutik, Guernica Gernikara aldarrikapenaren historia eta memoriari hurbilduko gara iragana, oraina eta geroa, lotuz, azalpena eta entsegua batean izango den hitzaldian.
EGITARUA
Guernica, Gernika eta memoria bizia. Errautsetatik sortutako argi berria. Euskal historiatik mundu zabalera. Izenburu horren pean, esan bezala, ospatuko ditugu jardunaldiok. Lehenengo egunean, azaroaren 13an, goizeko 9etan irekiko ditugu Elai Alai Aretoaren ateak, zuek bertan hartzeko. Jarraian, Karmelo Landa, Angel Rekalde eta Beñi Agirre izango ditugu hizlari-lanetan, honako ponentzia hauekin:
Guernicaren azken aurreko bidaia (Karmelo Landa)
Memoria: lekuak lekuko (Angel Rekalde)
Gernika, memoria lekua (Beñi Agirre)
Jarraian, Guernica koadroa bezala munduan barrena ibili eta hainbat tokitan ezarri diren pertsona entzutetsuen bideoak jarriko ditugu, beren-beregi jardunaldietarako egindakoak. Atsedenaldi baten ostean, Xabier Irujo, Felicitas Lorenzo, Oteiza Museoa eta Gernika Memoriaren Lekuko plataforma gonbidatuko ditugu jendaurrera, honako hitzaldi hauek eskaintzeko:
Genozidioa Euskal Herrian (Xabier Irujo)
Tras los pasos de Pablo Picasso (Felicitas Lorenzo)
Guernica: koadroaren analisia Oteizaren ikuspegitik (Oteiza Museoa)
420 km: Guernica Gernikara (Gernika Memoriaren Lekuko plataforma)
Ostean, nahi duenarentzat, tokiko produktuekin prestatutako bazkaria eskainiko da Astran, Ortutik Ahora katering zerbitzuaren eskutik. Bazkariaren ostean, hizlariak bilduko ditugu mahai-inguru batean, kongresuari amaiera eman aurretik. Bukatutakoan, bisita gidatua eskainiko dugu, Astran zehar eta ondoko babeslekuan, horiek ere gure herriaren memoria lekuak baitira.
Bigarren egunean, azaroaren 14an, Muruetara ibilaldia egingo dugu Iratxe Arriolaren eskutik, Urdaibaiko Biosfera Erreserba hobeto ezagutzeko. Urdaibai Bird Center izango da ibilaldiaren jomuga, bertara bisita egiteko.
Jardunaldiok guztiontzat aberasgarriak izatea espero dugu eta batez ere, herriaren eta memoria historiko zein kolektiboaren aldarrikapena indartzen laguntzea: gerraren zitaltasunaren leku izandako herri honek armarri modura hain beharrezko duen Guernica artelanari azken bidaia egitea falta zaiola eta noizbait, gure ahotsen indarrez, egingo duela 420 km-ko bide hori, gure artera iritsi arte.
Gernika Batzordea, Nabarralde Fundazioa eta Gernika Memoriaren Lekuko plataforma
Webgunean izena emateko: guernicagernikara.eus