Iruzurrik ez

“Nosotros vamos a Madrid a tumbar definitivamente ese régimen en favor de las mayorías y de los pueblos”.

(Arkaitz Rodríguez Torres-EH BILDUko Eusko Legebiltzarreko Parlamentaria)

 

Bihar Espainiako erregimena erabat sozialista edota komunista bilakatuko balitz (URA: Unión de Repúblicas Asamblearias; euskaraz berriz, BNEB, Batzar Nagusien Errepubliken Batasuna), zazpi herrialdeentzako burujabetasuna aldarrikatuko ote luke?

Beste batzuek aldarri hori identitate kontua dela esan ohi dute; guretzat, berriz, ez da bandera kontu bat soilik, ongizate kontu bat ere bai …. Horrenbestez, burujabetza zuzen-zuzenean lotuta dago afera materialarekin, hots, ongizatearekin.” (sic)

Zeinek ez luke hobeto bizi nahi izango? Antza denez, denok arazorik gabe gizarteratu gaitezen, hobe euskara eta euskal ikur guztiak baztertuko bagenitu, denok erosoago sentitu gintezen. Horrela balitz, zeintzuk izango lirateke guztiok batuko gintuzketen ikurrak?

Azkenaldian, edozein korronteko euskal politikariek darabilten diskurtsoetan gutxitan edo inoiz ez diegu independentziaren aldeko aipamenik entzuten; gure nortasunaren aldeko aipamenik ere ez, hau erabat finkaturik eta gizarteraturik bailitzan. Akaso, Aberri egunean eta jarraitzaile zintzoei pozteko, berba hutsak…. ahal dugula eta gure esku dagoela sinestarazteko.

Bestaldetik, ez dezagun ahaztu Euskadik (hiru probintzietako espainiar autonomia, nagusitu omen den/duten esanahiaren arabera) bere kabuz ez duela Euskal Herria osoki osatzen. Bai, gure lurrak/herria bi estaturen menpe daude, nahiz eta, azken urte hauetan, euskal gizartean bereizketa hau gero eta barneratuago egon, izenen arteko sekulako nahasketa barne: Euskadi, Euskal Herria, País Vasco, Pays Basque, Navarra, Nafarroa, Basse Navarre, Naffarroa Osoa …

Noren erruz, zeintzuei komeni zaie euskaldunon banaketa eta bereizketa artifizial berri hau?

EAJ Euskadin eroso aurkitzen da, “gutxiago gehiago da” lelopean zirkuluaren koadratura aurkitu du. Saltzaile on baten gisara, bere burua gizarteari kudeatzaile on bat bezala aurkezten du, zaborrak estaltzeko sekulako gaitasunarekin. Gizarteak politikan daukan ezaxola demasa bozketetan onuragarri gertatzen zaio. Lagun harremanak (klientelismoa) eta abar… morroi zinez leialak Espainiarekin apurtu ezinezko armiarma sare bat ehundu du.

Ezker abertzalea ere ez da makala: garai bateko Karlistek Foruak eta euskal usadio zaharrak alde batera laga zituzten bezalaxe -ikur gisa bakarrik ebanjelioa eta Espainiarekiko leialtasuna gordez-, Ezker “Abertzalea” ildo beretik doa. Ezaugarri bezala, eta EAJrengandik bereizi nahi horretan, ezker ideologia bere kredo nagusi bezala aldarrikatzen du, Espainiarekiko lankidetza eta adiskidetasuna bere ezaugarriak bilakatuz. Hurbileko nahiz urrutiko iraganarekin eten nahi izango balu bezala, hau erabat ezabatu arte.

Egoera honen aurrean, zerbait berri asmatu beharrean aurkitu dira. Bai, botoek agintzen dutela konturatu dira: joko demokratikoa deritzona, ezer berririk ez… Alta, askotan “gehiengoen tiraniaz” hitz egin genezake; alegia, gehiengo hauek zelan lortzen diren aztertu beharko genuke lehenik eta behin: pentsa ezazue, independentzia “bozkatuko” bagenu, erroldaren garrantziaz, edo oklokraziaz (hots, jendetzaren botereaz), populismoaz nahiz twitterreko politiko xelebreez. Espainiar politikariak -euskaldunak barne- ganorabako hutsak direla aitortu genezakeen, izurritean gertatutakoa ikustea besterik ez dago: mesedez, txio gutxiago eta herri gehiago.

Euskaldunok, orduan, zertan gabiltza? Eta zertaz hitz egiten dute “Euskadi”ko politikariek? Ez dezagun ahaztu gu ez ginela inoiz Espainiara geure borondatez batu, bortxaz konkistatuak izan ginela. Espainiak demokrazia bat dela erakutsi nahi baldin badu, jaso ditzala bere egitura kolonial guztiak, frantzesek Aljerian egin zuten bezala, eta alde egin dezala. Orduan bai, orduan txalotuko genituzkeen geure Espainiako “lagunak”, eta baita euskal politikari guztiak. Zoritxarrez, ez dut uste halakorik ikusiko dugunik. Auskalo…

Egoera aztertzeko garaia heldu da:

  • “Demokrazian” botoak agintzen dutela esaten dute… benetan? Joko demokratikoan sinestu behar…
  • Gaurko Euskal Herriko gizartean euskaldunok gehiengoa al gara? Zeuek zeuen buruei erantzun…. baina iruzurrik ez egin, zuen kaltetako litzateke eta.
  • Zergatik ez gara euskaldunok gehiengoa geure lurraldeetan?
  • Nortasunik gabeko abertzaletasuna, ongizate hutsean oinarritutakoa, etorkizuna al dauka? Bihar Azerbaijanen munduko bizi-mailarik altuena lortuko balute, haiek eredutzat hartuta, musulmanak bihurtuko al ginateke?
  • Gaur bozkatuko bagenu, independentziak irabaziko luke? Independentzia bozkatzen al da? Esklabo bati bere askatasuna bozkatzeko aukera emango bagenio, erroldan % 25a esklaboak izanik eta besteak jabeak, psikopata hutsak ginela esango ziguten.

Markatutako kartekin ezin da partida jokatu. Hainbat adibide daude: geure herrian bertan, Katalunian 155arekin, Kaledonia eta Kaledonia Berrian egindako erreferendumenetan, Bielorrusia eta Errusia artean egindako itunean SESB (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) zatitu zenean. Azkenean, beti bezala, hartzak arraina jaten du. Orain Espainiako gobernua ahulduta dago, baina indartsu aurkitzen denean adostutakoa paper errean bukatuko da.

Euskaldunok eta euskarak ez dakit zenbat iraungo dugun bizirik; baina ziur nago Estatu propiorik gabe, eta Euskara Nazio hizkuntza ez badugu izendatzen, geroa iluna dela. Espainiak eta Frantziak ez gaituzte bizirik aterako. Euskal Herrian garatu dituzten erakundeak ez dira gure salbazioa eta konponbidea, baina geure politikariak bertarako botoen bila dabiltza, euren artean zangotrabak jartzen, kartetako joku zikin batean balira bezala.

Argi dagoena da herriaren geroa ezin dugula euren eskuetan utzi: biziraun nahi badugu, mugitzen hasi behar dugu.