“Kataluniarekin asCATasunera” jardunaldietan “Independentzia zergatik?” gaia emanda Eneko Bidegainek idatzi eta irakurritako testua.
Ba ote da munduan pertsonarik, bere borondatez preso dagoenik? Galdetzen ote zaigu zergatik nahi dugun aske izan, zergatik nahi dugun osasuntsu egon, zergatik behar dugun jan, zergatik nahi dugun bizi? Beraz, zergatik galdetzen zaio herri honi, behin eta berriz, zergatik behar duen independentzia?
Zergatik behar ote dugu independentzia? Aske izateko. Zergatik askatasuna? Bizi ahal izateko. Gure herria gure gain baldin bada baizik ez daiteke bizi. Gure herriari dagozkion erabakiak beste baten esku baldin badaude, gure hizkuntza, gure nortasuna, gure izaera hilzorian izanen dira, beti, hilen diren arte. Hots, gure herriaren biziraupena da mehatxatua. Bizirik dagoen bitartean, ahaleginduko da bizirik irauten, askatasuna lortzen. Hilak diren herriek ez dute nahi independentziarik, ez dute askatasunik behar, jadanik ez baitira existitzen. Beraz, zergatik independentzia? Bizirik gaudelako eta herri bat garelako. Preso dagoen herri bat.
Preso, eri, eta amnesiak jota. Nola ez, hainbeste urtez eta mendez menderatua izanik, higadurak lausotu digu bista, halabeharrez. Hori da, hain segur, herri honen gaitz handiena. Ez garela ohartzen herri bat garela, herri zapaldu bat, osagarri txarrean dagoena. Eri dagoela ukatzen duen lagun burugogorra bezala, sendagilearengana joateari uko egiten diona… Eritasunak gaina hartuko dion arte, behin betiko.
Autodeterminazio eskubidea herri kolonizatuek daukate, nazioarteko araudiaren arabera. Politikari batzuek diote Kataluniak (eta, bide batez, Euskal Herriak) ez daukala autodeterminaziorako eskubiderik, ez delakoan herri kolonizatua. Euskal independentista batzuek, aldiz, azpimarratzen dute gaur egungo borondatea dela funtsezkoa, ez historia. Garai batez Nafarroako estatua independentea izatea bera ez dela justifikazio egokia. Hura iragana dela. Gaur egunerako ez duela balio argudio gisa.
Ustezko historizismoa kritikatuz, gure garai bateko estatua aspaldi lapurtutako eta jandako ogitarteko batekin konparatu zuen behin norbaitek. Ogitarteko hura jana eta digeritua dela, eta gaur egun ez dela gehiago existitzen. Ezin dugula berreskuratu. Norbaitek 1512ko erregimen politikora itzuli nahi balu bezala… Nehork ez du nahi duela bostehun urteko estatu eredu bat; estatua lortzekotan, XXI. mendekoa nahi dugu! Ez dugu nahi atzoko ogitarteko hura. Ogitartekoa nahi dugu, baina gaurko ogiarekin. Eta gaur beharrean bihar lortzen badugu, biharkoarekin!
Arazoa da ogitartekoa lapurtu zigutenetik hona jan gabe gaudela, kate batetik loturik, noizbehinka presozainaren otorduaren hondarretatik ogi porroska batzuk ahora ekartzeko esperantzan. Eta gero eta ahulago, gero eta ahulago, heriotzatik gero eta hurbilago, gure ahuleziaren kontzientzia galtzeraino heldu garela…
Jaten ez duena gosez hiltzen da. Hezurrak utziko ditu; eta argazki zaharrak. Besterik ez. Gure herriak ere utziko ditu etxe eta eliza ederrak, zutik gelditu diren gaztelu zaharren arrastoak, nehork irakurriko ez dituen liburuak…
Konparazioak beti konplikatuak dira. Politikan, are gehiago. Nekez esplika daiteke parabola sinple batekin egoera politiko konplexu bat. Konplexua da, mendez mende gauzak anitz korapilatu direlako. Korapiloak askatzeko ahalegina eginez gero, egoera bere soiltasunera ekarririk, azalpena sinplea da. Bai, konkista bidez galdu genuen askatasuna, bai, herri kolonizatua eta okupatua gara. Alde horretatik, ogitartekoaren konparazioa baino egokiagoa iruditzen zait beste nonbait irakurri nuen hau: zazpi ahaideko etxe batean sartu ziren hogei lagun, etxea okupatu zuten, beren legea inposatu, etxe hartako familia zerbitzari gisa hartu, goseak egotera kondenatu, batzuk bortxatu, beste batzuk haizatu… Eta gaur sinetsarazi nahi digute berak direla gure etxearen jabe. Nagusi, bai. Indarrez eta bidegabeki, nagusi. Jabe, ez. Eta guk izan nahi dugu gure etxean nagusi.
Gure herriaren kolonizazio prozesua hain da aitzinatua, non kolonizatuak garelako kontzientzia bera galtzen ari garen. Horregatik, Kataluniak eta Euskal Herriak autodeterminazio eskubiderik ez daukatela dioten horien diskurtsoa gezurtatzeko, garbi azaldu behar dugu zein den gure historia: konkistatu gintutzela, eta ondotik, mendez mende, kolonizazio prozesu eta okupazio sakona jasanarazi zigutela.
Espainiarrak edo frantziarrak bagina, ez genuke independentziarik nahi izanen, ez genuke beharrik izanen, herri independente bateko hiritar ginatekeelako. Horra zergatik batzuek ukatu nahi duten aparteko herri bat garela: baieztatu nahi dute espainolak (edo frantsesak) garela. Horregatik ere, hain zuzen, herri hitzari lekua kendu dio gizarte hitzak. Orain, euskal gizarteaz ari gara. Baina zer da euskal gizartea? La sociedad vasca? Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren hiritarren multzoa? Hori komeni zaie Espainiari eta Frantziari. Herri aske batean, herria eta gizartea gauza bera dira. Herri zapaldu batean, nahasgarria da. Hain zuzen, herria ukatzen dutenak, zapaltzen dutenak eta herria aske nahi dutenak gizarte beraren parte dira. Ez herri beraren parte, bistan denez. Horregatik nahi dute gizarte hitza erabili, Euskal Herria aintzat ez hartzeko herri gisa, euskaldunak nahasiz Espainia eta Frantzia naziotzat dauzkatenekin.
Beraz, gizarte horren borondate soilaz haragoko auzi bat da, gure herriaren arazoa. Ez da azken berrogei urteetako antolaketa administratiboaren arabera trenka daitekeen auzi bat. Zatiketa hau onartzea da herriaren desegitea onartzea. Ez dago pertsonarik, beso bat eta bi hanka moztea onartuko lukeenik. Herria bat da, populu bat du, lurralde bat, gobernu bat, historia bat, hizkuntza bat, kultura bat. Falta du askatasuna eta boterea bere lurraldea kudeatzeko eta kohesionatzeko, bere hizkuntza salbatzeko, bere kultura sustatzeko…
Zergatik independentzia? Zergatik askatasuna? Ez da galdetze beharrik. Galdetu behar dugu nola lortu askatasuna, nola izan nagusi gure herrian. Eta lehen baldintza da, ohartzea herri hau kate batetik loturik eta jan gabe dagoela. Kontua ez da erretilu bat jartzea gure katearen mugatik hamar zentimetrora, presozainei erretilutik jateko aukera emanez. Presozainek ez gaituzte nehoiz lagunduko ez askatzen, ez sendotzen.
Burua argi eduki behar dugu, eta giharrak landu, herri gisa indarra eta segurtamena lortu. Lehen urratsa da presozaina ez aintzat hartzea; ez ibiltzea hari ipudi milikan, ez eta ere aztaparka min egiteko esperantza ergelean.
Bai, herri bat gara, ez gara norbanakoen multzo bat. Ez gara norbanako multzo baten borondateen batuketa bat. Eman diezaiogun gorputza herri honi. Indartu dezagun, arloz arlo, bakoitzak gure sailean. Eta horrela, noizbait, nahiko indar izanen dugu katea errotik ateratzeko.