Hego Osetiak 3.900 km²ko lurralde-hedadura hartzen du Kaukasoko mendilerro nagusien hegoaldeko magalean aurkitzen diren haran sorta batean. Orografia menditsua da eta bere lurraldearen %89,3 baino gehiago 1.000 metrotik gora kokatua dago. 2012ko zenbatespenaren arabera, 55.532 biztanle ditu, hauetako gehienak (30.432) Tskhinvali hiriburuan bizitzen direlarik. Beste leku batzuetan, nekazaritzako kokaguneak jarduera ekonomiko eskasa duten herri txikietara mugatzen dira, bizirauteko nekazaritzaz aparte. Biztanleriaren osaketa nazionala horrela eratuta dago: 48.146 osetiarrak (%89,9), georgiarrak 3.966 (%7,4), 610 errusiarrak (%1,1) eta armeniarrak 378 (%0,7). Eskualdeak, tradizionalki, georgiar eta osetiar etnikoen komunitate mistoak izan ditu. Baina, 90eko hamarkadaren hasieran sortutako gatazka armatuaren ondorioz osetiar familia askok lurraldea utzi behar izan zuten eta Errusiako lurraldeetara joan, batez ere Ipar Osetia-Alaniara, babesleku bilatzera; halaber, bestalde, georgiar etniko osetiar gehienek beren herrietan zeukaten guztia bertan behera utzi eta Georgiara ihesari eman zioten.
Osetiarren berezko hizkuntza osetiera da, indoeuropar hizkuntzen Ipar-ekialdeko iraniar adarrean kokatuta dagoena. Antzinateko eskiteen eta Erdi Aroko alanoen hizkuntza oinordekotzat kontsideratua, XVIII. mendearen amaieratik aurrera idatzitako tradizioa du. Osetiera eta errusiera hizkuntza ofizialak dira Hego Osetian. Georgiera hizkuntza ofizialki Leningorsky barrutian (georgiar etniako osetiar herritarren bizileku trinkoaren lekua) erabiltzen da. Hego Osetia ia guztiz kristau ortodoxoa da, judu eta musulmandar gutxiengo txikiekin.
Osetiarrak, nagusiki, Kaspiar itsasoaren iparraldeko lautadetan bizi ziren antzinako alanoak dira. Georgiarrek alaniarrak “Osi” bezala ezagutu zituzten, eta hortik eratortzen da bere izen modernoa. IX. mendean, Kaukasoko iparraldean Alania izeneko erresuma kristau zentralizatu bat eratu zuten, hainbat mendetan zehar khazar, bizantziar, eta arabiar inperioen arteko estatu tanpoi-indargetzaile gisa bizirik iraundakoa. 1230an mongoliarrek Alania suntsitu zuten eta bizirik atera ziren alaniarrak hegoalderantz Kaukasoko mendietan barneratu ziren, hauetako batzuk Ipar Osetia izenez ezagutzen den eremuan kokatuz, eta beste batzuk, gehiago hegoratu zirenak, oraingo Hego Osetia lurraldean, garai hartan Georgia Erresumako zati bat zena. Honen ondoren, Osetia eskualdeko botere politikoa zatikatua gelditu zen, eta neurri handi batean ahulduta, Errusiako Inperioaren eremuan irentsia izan arte, Ipar Osetiarekin 1767an hasiz eta Hego Osetiarekin 1801ean (Georgiako gainerako lurraldeekin batera) bukatuz. Hego Osetia eta Ipar Osetia Errusia Inperioaren administrazio-zati desberdinetakoak izan ziren, eta horrela, Hego Osetia Tbilissi departamentuan zegoen bitartean, Ipar Osetia Vladikavkaz distritoaren zati zen.
Kaukasoko aniztasun etnikoa
Ipar eta Hegoaldean bizi izan ziren osetiarren arteko banaketak Errusiar Iraultzaren ostean jarraitu zuen. Hego Osetia Georgiako Errepublika Demokratikoaren (mentxebike) parte bihurtu zen, eta azken honek 1918ko maiatzaren 26an bere independentzia lortu zuen bitartean, bestalde, Ipar Osetia Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboan (ESESF) integratu zen. Georgia eta Hego Osetiaren arteko harremanak ikaragarri hondatu ziren, georgiarrek osetiarrei boltxebikeekin elkarlanean aritzea leporatu baitzieten. 1918-1920 bitartean izan ziren istilu eta matxinaden ondorengo liskar eta errepresaliek 5.000 osetiar hil zituzten. 1921ean, Armada Gorriak Georgia inbaditu zuen, Georgiako Errepublika Demokratikoari amaiera emanez. Hego Osetiako historiografiarentzat gertaturikoa genozidiotzat jotzen den bitartean, georgiarrek, aldiz, errusiar boltxebikeen osetiar babesa, Armada Gorriari 1921eko martxoan Georgia birkonkistatzen lagundu zion traizio bezala interpretatzen dute.
Beraz, Ipar eta Hego Osetia lurralde banandutzak hartzen jarraitu zuten Sobietar Batasunean sartu zirenean. Ipar Osetia, batetik, Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federalak (Errusiako SESF) xurgatua izan zen, baina handik gutxira autonomia erkidegoaren estatusa lortu zuen SESFen barruan, eta azkenik 1936an, Sobietar Errepublika Sozialista Autonomo batena. Bestetik, Hego Osetia entitate autonomoa bihurtu zen Transkaukasiako Errepublika Demokratiko Federalaren (1918ko apirilaren 9-1918ko maiatzaren 26) barruan. 1922an Stalinek autonomia erkidegoa (oblast) izendatu zuen Transkaukasiako SESFan (1922-1936) parte izaten, eta azkenik, Georgiako SES barruan beti eskualde autonomoaren estatusa atxikiz. Laburbilduz, Hego Osetiak sobietar garai osoan zehar autonomo izaten jarraitu zuen. Sobietar Batasunean, Hego Osetiak garapen handia izan zuen, Georgiako Gori hirirako trenbide bat eraikuntzarekin eta Tskhinvaliko urbanizazio adierazgarriarekin. Osetiarrek ere autonomia handia lortu zuten denboraldi honetan; osetiera beraien hizkuntza ofiziala eta eskoletako hezkuntza hizkuntza zen. Georgiarrak eta osetiarrak gehienetan bakean bizi izan ziren sobietar garaian, baina Sobietar Batasunak ondatzen hasi ahala, haien arteko tentsioak berragertu ziren.
Tskhinvali, Hego Osetiako hiriburua
Gatazkaren lehen fasea 1989an hasi zen SESB kolapsatzen, Hego Osetiako gobernuak Georgiako gobernuari bere autonomia egoera eguneratzeko eskatu zionean. Georgiarrek eskaera hori ukatu ez ezik, georgiera ezarri zuten hizkuntza ofizial gisa Georgiako Errepublika osoan, Hego Osetian barne, eta, 1990ean, debekatu egin zieten eskualdeko alderdi politikoei hauteskundeetan parte hartzea. Honek, Hego Osetiak zenbait ebazpen hartzea eragin zuen, horien artean, Georgiako hauteskundeak boikotatzea, Hego Osetiako Errepublika Demokratikoa Sobietar Batasunaren barnean eskualde autonomo bezala aldarrikatzea eta bere gobernu propioa aukeratzea. Egoera okertu egin zen Georgiako nazionalista sutsua zen Zviad Gamsakhurdia Georgiako presidente izendatu zutenean 1990ean, zeinak osetiar hauteskundeak berehala legez kanpokotzat jo zituen, bere estatu autonomoa deuseztatu zuen eta osetiarrak Georgiara “iritsi berri” bezala eta autonomiarako eskubiderik gabe deklaratu zituen. 1990. urtearen amaieran, georgiarren eta osetiarren arteko gatazka bortitza piztu zen, eta, horren ondorioz, 1991ko urtarrilean, militar georgiarrak Hego Osetian sartu ziren, lehen gerra georgiar-osetiarra eraginez.
Gerraren uholde odoltsuak garatzen ari ziren bitartean, Hego Osetiako biztanleek SESBeko erreferendumean parte hartu zuten 1991ko martxoaren 17an, eta Sobiet Batasuna babestearen alde bozkatu zuten. Georgiarrek, berriz, erreferendum propioa antolatu zuten 1991ko martxoaren 31n, eta, ondoren, 1918ko maiatzaren 26ko Georgiaren independentzia aldarrikapena berrezarri zuten. 1992ko urtarrilaren 19an beste erreferendum bat antolatu zen Hego Osetian, eta bertan Georgiaren independentziaren alde eta Errusiarekin batzearen alde agertu ziren gehienak. Erreferendum hori legez kanpokotzat jo zuen Georgiak. Hala ere, 1992ko maiatzaren 29an Hego Osetiako Parlamentuak independentzia adierazpena eman zuen. Hego Osetiako Parlamentuak herrialdearen independentzia onartzeko eta Errusiako Federazioaren parte gisa onartua izateko egindako eskaerak atzera bota zituen Errusiak. Georgia nazioartean onartua izan zen, eta Nazio Batuetako kide bihurtu zen 1992ko uztailaren 31n, Georgiako Sobietar Errepublika Sozialista ohiaren mugen barruan. Hego Osetiako lurraldea estatu subirano berriaren zatitzat jotzen zen.
Eduard Kokoity, Hego Osetiako lehendakaria (2001-2011)
Beraz, gatazkaren lehen fase hau izaera bikoitzeko nazio askapen prozesu batean oinarritzen da: batetik Georgiako buruzagi politikoek, beren gutxiengo nazionalen kexak kontuan hartu gabe, Sobietar Batasunarekiko independentzia lortu nahi zuten, bestetik eta aldi berean Hego Osetiak, sobietar sistema federalaren barnean autonomia izan zuena, bere estatus espezifikoa zaintzeko borrokatzen zuen, zenbait eskubide politiko, ekonomiko, linguistiko eta kultural izateko aukera ematen ziona. Baina Sobietar Batasuna desagertu ondoren, hegoaldeko osetiarrak beldur ziren Georgiako mugimendu nazionalak ez ote zuen bere determinazio askerako eskubidea ahulduko, eta nazio titularrarekin asimilatzera eramango. Gertakizun hori aurreikusita, hiru alderdiren arteko borroka gauzatu zen: Georgiak independentziaren alde borrokatzen, Moskuk Sobietar Batasunaren sezesio georgiarraren aurka ahalegintzen, eta Hego Osetiak bere buruarentzako estatus berezi bat sortzen eta bere eskubideak babesten saiatzen Georgiako nazionalismoaren aurrean, Moskuren babespean. Gutxiengo osetiarrarentzat autodeterminazioan eta bere eskubide politikoen indartzean oinarritutako gatazka zen, bere nortasunari eutsi eta erakunde etnohistoriko gisa jarraitzea bermatuko ziona.
Osetiarrek beraiek aldarrikatu zuten motibazio horiek izan zirela, ez atxiki zitzaizkien boltxebismozalekeriak, Kremlineko segurtasun-berme horien bila Errusia sobietarraren eraginpera lerrokatu behar izan zituztenak. Bestalde, Hego Osetiako gatazka armatuarekin batera mobilizazio masibo bat egon zen, non herri mugimenduak disidente ohien kontsigna nazionalistek eta intelektualek gidatu zituzten, historia nazionalaren berreskurapenean paper garrantzitsua izan zutenak (gainontzeko nazio kaukasikoen ezaugarri orokorra). Indarkeria maila handiko liskarrak eragin zituen mobilizazio masibo honek independentzia lortzeko bere indarra, lurraldea eta eskubideak definitzeko saiakera izan zen. Beraz, Georgiak Sobietar Errepublika izatetik Errepublika independiente izatera aldatu nahi izaten zuen bitartean, aldi berean Hego Osetia, Autonomia Erkidego ohiak, bere posizioa hobetzen saiatzen zen. Hego Osetiako Legebiltzarrak eskualdeko “Autonomia Erkidego” estatus izatetik “Errepublika Autonomo” bihurtzea exijitu zuen.
1992ko ekainean, Errusiaren presiopean, Georgiak Hego Osetiarekin negoziazioak hasi zituen, eskualde hau zati handi batean independente utzi zuen su-eten baten aurretik, baina oraindik Georgiako tropek okupatutako lurralde eremuekin. Errusiak, 1994ko ekainaren 6an negoziatutako agiri bateratu batean oinarrituta, bakea mantentzeko indar bat jarri zuen Hego Osetiako lurraldean. Bake indar horien aginte militarra Errusiako militarren esku utzi zuten. Gatazka amaitu eta berehala posible izan zen egoera egonkortzea. 1996ko maiatzaren 16an, ESLA (Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundea), Georgia, Errusia, Hego Osetia eta Ipar Osetiako ordezkariek akordio bat sinatu zuten, zeinaren bidez baztertu egin behar baitzen indarraren erabilera gatazkak konpontzeko bitarteko gisa. “Status quo” hori 1992 eta 2008 artean mantendu zen. Gatazka izoztu egin zen eta Georgia Shevardnadze agindupean gelditu zen. 2003an, Mikhail Saakashvili hautatu zutenean, hura boteretik kendu izanak Hego Osetiaren auzia suspertu zuen, azken hau, Gamsakhurdia bezala, sentimendu nazionalista bultzatzen saiatu baitzen Hego Osetiaren eta Abkhaziaren aurrean jarrera gogor batekin.
Ludwig Txibirov, Hego Osetiako lehenengo lehendakaria (1996-2001)
Baina ez ditzagun gertaerak aurreratu. Bake prozesua aurrera egin arren, estatuaren eraikuntzak Hego Osetian jarraitu zuen. Horrela, 1993ko azaroaren 2an, lehen konstituzioa onartu zen, Hego Osetiako Sobiet Goreneko presidente Ludwig Chibirovek jardunez estatuburu gisa zelarik. Gero 1996an lehendakaritzarako hauteskundeak deitu zituzten, nazioartean onartuak ez zirenak, eta haietan Chivirov lehen presidentea hautatu zuten. 1999az geroztik, gatazkak konpontzeko prozesua moteldu egin zen boterera iritsi ziren buruzagi berriak agertuz (Kokoity Hego Osetian 2001ean eta Saakashvili Georgian 2004an). Narriadura-egoera areagotuz eta okerreragotuz zihoan erabat, eta 2004an, konfrontazio armatuak behin eta berriz eragin zituzten eztabaida politiko eta ekonomikoen ondorioz. Bakeari eusteko indar bateratuek, OSCEk eta EBk, ez zuten lortu indarkeriaren eztandari aurrea hartzea. Georgiak, kontrabandoarekin eta merkatu beltzaren jarduerekin amaitzeko aitzakiarekin, 2006an Estatua eraikitzeko prozesu alternatibo bat martxan jarri zuen Osetian, “Osetiarren Salbazio Batasuna” sortuz, hauteskundeak eginez. Georgiako agintariek hiru udalerri hartzen zituen aldi baterako unitate administratibo bat sortu zuten, eta hauteskundeetako irabazlea, Dmitry Sanakiev osetiar etnikoa, txotxongilo gobernu berriaren burua izendatu zuten. Bide batez eta harturiko neurri horiekin batera legez kanpokotzat jotzen zituzten ‘Hego Osetiako Errepublikako’ ordezkariak.
Hego Osetiaren biztanleriaren osaera etnikoa 1989an
Tentsio igoera progresibo horrek eztanda egin zuen, eta gatazkaren bigarren faseari bide eman zion. Eskala handiko gerra beldurgarria 2008ko abuztuaren 7tik 8rako gauean lehertu zen, gutxi gorabehera 15.000 soldadu georgiarrek Hego Osetia inbaditu zutenean, ustez Georgiak kontrolatutako herrixken bonbardaketa osetiarrari erantzunez. Georgiako militarrek osetiarrak erasotu eta atzera bota zituzten, baina Tskhinvalin sortutako borroka biziek geldiarazi zien eta ezin izan zuten Roki tunela hartu. Orduan, su-eten akordioan bakegile papera betetzen zuten Errusiako militarrek statu quo-a betearazteko neurriak hartu zituzten. Georgiarrak berehala baztertuak izan ziren, errusiarrek Hego Osetiako lurraldea okupatu zuten eta Georgiako Errepublikaren zati handiez jabetu ziren. Errusiarrek Hego Osetiako lurraldea okupatu eta georgiarrak azkar baztertuak izan ondoren Georgia Errepublikako zatirik handienak hartu zituzten. Gerrak 5 egun iraun zuen, eta abuztuaren 12an Errusia eta Georgiaren arteko negoziatutako sei puntuko su-eten akordioarekin bukatu ziren behin-behienekoz liskar militarrak. Su-eten hitzarmen hau, nazioarteko berrespenarekin onartua izan zena, sei puntu hauetan zetzan: 1-ekintza armatuen behin betiko etetea, 2- indarkeriaren erabilera baztertzea, 3-giza-laguntza ematen duten eragileei doako sarbide zabala prestatzea eta errefuxiatuen itzulera baimentzea, 4-georgiar indar militarrek beren kanpo-base normaletara eraman behar izatea, 5-Errusiako indar militarrek gatazka hasi baino aurretiko lerroetara atzera egin behar izatea; nazioarteko mekanismo bat itxaroten duen bitartean, Errusiako bake-indarrek segurtasun neurri osagarriak ezarriko dituzte (sei hilabetez), eta 6-Abkhazian eta Hego Osetian segurtasun iraunkorreko modalitate desberdinei buruzko nazioarteko eztabaidak irekitzea (Nazio Batuen eta ESLAren erabakien arabera). 2008ko abuztuaren 26an, Hego Osetiaren independentzia Errusiako Federazioak ofizialki onartu zuen (geroago Nikaragua, Venezuela, Nauru, Tuvalu eta azken urtean Siria). Mendebaldeko herrialdeek, aldiz, Europar Batasunak, Estatu Batuak, nazioarteko erakundeak (IAIE-NATO, ESLA-OSCE, NBE-ONU) Hego Osetiaren aldebakarreko errekonozimendua gaitzetsi zuten Georgiako lurralde-osotasunaren urraketa izango bailitzan.
Hego Osetia eta Georgiak kontrolatutako eremuak 2008ko gerra aurretik
2008ko Georgia-osetiar gatazkaren partaide nagusiak Georgia eta Hego Osetia berak izan baziren ere, ez dira ahaztu behar beste batzuk, zeharka bada ere, gatazkan eragin erabakigarria izan zutenak, hala nola Estatu Batuak (Georgiarentzat) eta Errusia (Hego Osetiarentzat). AEBek Georgiaren europeizazioa bultzatu zuten, ariketa militar bateratuak egin zituzten eta Georgiari laguntza militar eta politikoa eman zioten, baita laguntza finantzarioa eta teknikoa ere. Georgia, AEBen eragin handiaren pean zegoenez, IAIEko eta EBko kide bihurtzen saiatu zen, lege aldaketak eta ustelkeriaren aurkako erreformak eginez. AEBek, ordea, ez zuten gatazkan parte aktiborik hartu, Errusiak ez bezala. Azken honek bere tropak Hego Osetiako lurraldera bidali zituen, eta Georgiako gobernuaren aurkako gerran jardun zuen. Izan ere, Errusia izan zen Hego Osetiaren egonkortasunaren bermatzaile nagusia 1992tik, honi laguntza militarra eman ziona (Abkhazia ere bai, neurri txikiagoan bada ere), laguntza ideologikoa eta laguntza humanitarioa bere herritarrei. Inolako zalantzarik gabe, Errusia (Hego Osetiaren interes eta eskubideak babesteko aitzakiapean) Georgiaren aurkako gatazka honetako partaide nagusia bihurtu zen, Hego Osetiako egoera erabat kontrolatuz. Honen ondorioz Errusiak eta Georgiak beren arteko harreman diplomatikoak hautsi zituzten.
Report this ad
“Bost egunetako gerraren” ondoren, Moskuk 1991tik lehen aldiz erakutsi zuen atzerri-politikan rol berri bat jokatzeko borondatea, ordura arte status quo delakoa defendatzeko nahiak (edo lehentasunak) bultzatuta. Argi dago Mosku, Mendebaldearekiko (AEB, IAIE eta EB) harremanetan okerrera egin zuelako, bere ikuspegia aldatzen saiatu zela statu quo-a aipatu gabe. Baina, Errusiako Estatuaren jarrera aldaketa hau, izatez, selektibo eta oso puntual bihurtu zen, eta ez zen Abkhaziako eta Hego Osetiako arazoetatik haratago zabaldu. Hala ere, nahiz eta Errusiaren eta Mendebaldearen arteko harremanak maila handi batean normalizatu diren 2008tik, Moskuk, Washingtonek eta Bruselak oso bestelako pertzepzioekin jarduten jarraitzen dute Abkhazia eta Hego Osetia estatuari buruz, Georgiako lurralde osotasunari buruz eta Kaukasoaren garapenean Errusiak duen konpromisoari buruz. Beraz, ondoriozta daiteke Kaukasoko hegoaldea statu quo berri bat garatzeko eszenatoki bihurtu dela, ez eskualde horretarako soilik, postsobietar eremu osorako baizik.
Errusiako base militarrak Hego Osetian
Gatazka armatuaren ondorioz, Errusiak bere helburuetako asko lortu ditu: Kaukasoko hegoaldean arma leku estrategiko bat eskura izatea, mendebaldeko eragina eskualdean sartzea geldiaraztea eta Georgia IAIEn sartzea saihestea, auzokideen artean Errusiarekiko beldur sentimendua piztea, Hego Osetiako georgiar enklabeak desegitea eta georgiar haztarnak kentzea (eremu honen errusiar anexiorako oztopo nagusia irudikatzen dena), eta azkenik, errusiar presentia militar adierazgarria bermatzea. Laburbilduz, esan daiteke Errusiarentzat helburik nagusienak hauexek direla: 1-Mendebaldeko eragina kentzea, 2-Georgia ez dela beste herrialdeetarako eredu jarraitzeko ziurtatzea, eta 3-auzokideei seinale argia bidaltzea (bai eta Mendebalari ere), hots, Mendebaldean duten adiskidetasunak ez diela bermea ematen errusiar eraso militarra saihesteko. Georgiari dagokionez, gatazkaren eragin orokorra bere ospean izugarria izan da munduari begira. Ziur aski, Georgiarentzako ondoriorik kaltegarriena, bere lurralde osotasunaren galera izan da, Errusiak, Abjazia eta Hego Osetiaren independentzia onartzean, bere Kanpo Arazoetako ministro Sergey Lavroven ahotan, Georgiak bere antzinako mugak ahaztu beharko zituela iragarri baitzuen. Bestalde, Errusia-georgiar gatazka armatuak, Hego Osetian zein Abkhazian, jarrera anti-georgiarrak sendotu dira izugarri, beraz, gauzak horrela, epe ertainera begira Georgian lurralde horien berrintegrazioak aukerarik ez du.
Gerra honek, Errusia, kanpo politikan, munduko potentzia handi bezala berpiztea adierazi du, eta, aldi berean, AEBk munduan duen paperaren narriadura oso esanguratsua markatzen du (sinbolikoki, Lehmann Brothersen finantza kraskadura 2008ko irailaren hasieran gertatuko da). Bestalde, krisi hau adierazgarria eta erakusgarria da, Estatu Batuetako politikak SESB zaharreko eskualdeetan izan zituen joera abenturazaleetatik eta Washingtonekin aliantza bat osatzen saiatu ziren herrialdeetan izan zuen eraginetik eratortzen delako. Beraz, ondoriozta daiteke gerra hau AEBen politikak Europan izango dituen ondorioak markatzen dituzten hainbat krisiren parte ere badela, Kosovoren independentziaren alde bakarreko aitortzatik hasi eta Polonian eta Txekiar Errepublikan misil sistema bat hedatzeko erabakira arte. Zer esanik ez, krisi honek Europar Batasunaren jarrera politikoaren arazoa ere planteatu du, baita bere interesekiko jarrera koherentea izateko gaitasun soilarena ere, estatubatuarrek mugatzen dizkioten markoetatik kanpo agenda propioa markatzeko ezgaitu egiten diona.
Errusiako presentzia militarra Europako gune grisetan
Sezesioaz geroztik, Hego Osetiak bere burua demokrazia gisa gobernatu du, hauteskunde erregularrak eginez. Ipar Osetiarekin eta ondorengo Errusiar Federazioan sartzearekin bat egin zuteneko espekulazio asko egon zen, nahiz eta Hego Osetia eta Errusiako gobernuek hertsiki ezeztatu. Populazio txiki batekin eta ia etxeko baliabiderik gabe, Hego Osetia oraindik borrokan ari da nazioarteko komunitatearen gerra urteak eta bakartze hamarkadak gainditzeko. Ez du esportazio esanguratsurik, eta, neurri handi batean, Errusiako laguntza eta inportazioen mende dago, erabat Errusiaren eragin eremuan integratu delarik. 2008tik, dirua, pasaporteak, aurrekontu funtsak eta osetiar errepublikaren elite politikoa Errusiatik datoz.
Hego Osetiak komunitate politiko independente gisa duen bideragarritasuna jende askok zalantzan jartzen dute. 1991. urtea baino lehen 100.000 pertsona bizi ziren lurraldea zenak, orain 50.000 biztanle eskas dauka. Bestalde, lurraldean sei zibileko soldadu bat bizi dela, hots, lurraldeko biztanleria soldadu 1 eta sei zibil artekoa (seitik baten gutxi gora-behera) kontutan harturik, funtsean, errusiar postu militar bat dela ondoriozta daiteke. Osetiak errusiar baliabide militar, ekonomiko eta finantza-laguntzarekiko duen mendekotasun ia osoa oztopo larritzat jotzen da bere hazkunde eta aurrerabide autonomorako. Bestalde, gobernariei zilegitasuna emango dieten instituzio nazional sendoak garatzea ezinbesteko baldintza izango da haien etorkizuna oinarritzeko. Nolanahi ere, Hego Osetia nazioarteko komunitateak aitortzen ez duen bitartean, edo aitortutako gorputz politiko batean berxurgatzen ez duen bitartean, haren etorkizuneko ikuspegiek biziki mugatuak izaten jarraituko dute. Hala ere, bere biztanleriak estatu independente gisa bizirik irauteko nahimenak hautsezin dirau eta erresistentzia mugagabea izaten jarraitzen duela dirudi.
https://busturianaiak.home.blog/2020/01/24/hego-osetia-1-independentziaranzko-bidea/