Badira bizitzan milaka azalpen baino argigarriagoak suertatzen diren pasadizoak eta adibideak. Garunean oraindik Urtzi Urkizuren gogoetak BERRIAn[1] fresko geneuzkalarik, iragan azaroaren 25ean ETB-2-ko “Yo sé más que tú” lehiaketan hauxe galdetu zuten: “Zein batailatik eskuratu zuen Nafarroak bere armarriaren kateak?” … “Navas de Tolosa?” …. “Bai, erantzun zuzena”.
Argudioetan gehiegi luzatu gabe, gerora Nafarroako armarria izango zenaren lehenengo irudikapenak 1212-ko Navas de Tolosako batailaren aurrekoak dira, eta kateak armarriarekin lotzen dituen lehenengo aipamena Bianako Printzearen “Kronika”-koa da (“é conquistó las cadenas por armas, é asentólas sobre las ariestas con un punto de sinople” ), 1454an: bataila gertatu eta bi mende t´erdietara, beraz. Kateen erabilera dekorazio arloan ez zen, aldiz, XVI. mendearen amaierara arte nagusitu, behin Nafarroa Garaiko gaztelar konkista gauzatu eta gero. Gehiago sakondu nahi duenak, bilatu dezala Ambrosio Huiciren “Estudio sobre la campaña de las Navas de Tolosa” liburuan nahiz Faustino Menéndez Pidal de Navascués eta Tomás Urzainkiren lanetan, edo, are errazagoa, Mikel Burguiren blog bikainean[2].
Finean, mito batez ari gara. Hain zuzen ere, “Errekonkista”ren kontakizuna Espainian egonkortzen zen heinean, Nafarroa kontakizun horretan txertatzen zuen mitoa. Hasiera batean, ziur aski, helburu erligiosoa izango zuen mitoak, baina, denboraren poderioz, katolizismoa eta espainiar abertzaletasuna elkar lotu ahala, espainiar mito nazionala bilakatu zen.
Errua edo bitxikeri hutsa eman dezake halako kontuak. Baina deigarria da, aspaldi honetan telebista honetantxe mitoak haustera gogotsu omen datozen saio batzuk ikusten ditugunean…. baina, zein mito? Hor dago koska… Ez ditugu hor behin ere eztabaidagai ikusi, borondatezko ematea, paktismoa, lurralde historikoak edo gaurko ustezko foraltasuna bezalako mitoak, besteak beste. Ziurenik, hori ez letorke bat “Euskadiko Oasis” edo “nazio forala”rekin…
Euskal-nafar mitoak eta kontzeptuak kolokan jartzen dira inongo zalantzarik gabe, baina ez da gauza bera egiten espainiar nahiz basko-espainiar mitoekin. Bere mito, historia eta kontzeptuak gutxiestea eta txikitzea da herri bat akabatzeko ezinbesteko tresna, Inperio zapaltzailearen kontzeptuak, “mikroespañolismoak” alegia, txintxo-txintxo onartzen diren bitartean (gauza bera aplikatu dakioke Frantziari…).
Gero eta euskaldun gehiago ohartzen ari gara nola, tamalez, lagun askoren sakrifizioz eta lan mardulaz, euskal nortasuna berpizteko eta indartzeko eraiki ziren erakunde asko gaur kontrako helbururako tresnak bihurtu diren. Non gelditu da “eraikuntza nazionala”ren konzeptua? Ez dut jada inon entzuten…. “Deseraikuntza nazionalean” egongo al gara? Ez da harritzekoa, orduan, egunero “miles de vascos y vascas acuden a Iparralde” bezalako harribitxi mingarriak entzutea….
Penaz diot, baina zaila egiten zait halako telebista bati “Euskal Telebista” deitzea…. “España Telebista” zuzenagoa delakoan nago….
[1] https://www.berria.eus/paperekoa/1953/044/001/2019-11-24/herria-desegiten-duten-lehiaketak-ii.htm
[2] https://ujue-uxue.blogspot.com/2011/02/ujue-el-escudo-de-navarra-en-la.html