Arturo Erregea erdi aroko narrazioen matazan (1)

Arturo erregea, umetan euskaraz ikusitako lehendabiziko marrazki bizidunetako bat izan genuen nire adinekoek; esan dezadan, gogokoa nuen oso (abestia ere bai!). Egun ere zerbait kontatu behar digute, eta telebistako kate batean, zientzia ukitu batez, Arturo erregearen gortea non zegoen bilatzen duten dokumentalak ematen dituzte: gorte hori Stirling Eskozian ote zen, edo Hebrida Uharteen aurreko kostaldeko muino batean, edo Tintagel Cornwallen.

Kontua da IX. mende arte Arturo delakoa errege bat ere ez zela, historikoa ez zela, baina historiatzen hasi zirela, ordutik aurrera. IX. mendean, egile gales batek, Nunnius delakoak, Arturo jainko txikia anglosaxoien kontrako gerlari bihurtu zuen kontakizun batean.

Fantasia historizistak eta koroa handiak zuritzeko gogoak bat egin zuten

XII-XIII. mendean, fantasia historizistak eta koroa handiak zuritzeko gogoak bat egin zuten. Donejakue bidea sortzeko ahaleginetik, Codex Calixtinus sortu zen 1140 inguruan, beharbada Santiagoko ikastegi batean. Karolingiar leinuaren eta ondorengoen aintzarako sortu ziren ere Le Charroi de Nîmes eta Chanson de Roland gesta kantu gezurtiak (XII. mende hasieratik amaierara), fantasia eta errealitate puxkak ezkontzen zituzten poemak. Hari beretik tiraka heldu zen Rodrigo Semenez Arradakoa garestarra, berak asmatu/sustatutako Clavijoko guduaren eta Santiago Matamorosen istorioaz/mitoaz (XIII. mendearen hasiera).

 

Ingelesek galesentzat zuten gutxiespenak eta arrogantziak

Britainiako historia bat idaztera eraman zuen Gruffudd Monmouthekoa

Galesen, baina, ezohiko zerbait gertatu zen: ingelesek galesentzat, jatorrizko britainiarrentzat (artean, britainiar deitzen zitzaien batzuetan), zuten gutxiespenak eta arrogantziak Britaniako historia bat idaztera eraman zuen Gruffudd Monmouthekoa, galesa eta Oxforden eskolatua: Britainiako erregeen historia (1130 inguru, latinez). Berehala hasi zen zabaltzen eta arrakasta izaten. XIII. mende erdialdera haren galesezko bertsio bat ere argitaratu zen: Brut y Brenhinedd. Noski hor ere egiantzekotasuna zen garrantzitsuago egia baino.

 

Britainiarren lehen erregeek Camber,

Troiako Brutusen semea, zuten arbaso zaharrena

 

Gruffudden idazlanaren arabera, britainiarren lehen erregeek Camber, Troiako Brutusen semea, dute arbaso zaharrena (Troia, Erdi Aroko herri erromatar-nahien topiko bat). Britainiarrak (galesak) erromatarrekin uztartuta… beharrezkoa Erdia Aroan nazioarteko zilegitasuna izateko, areago herri gutxitua izanez gero. Kontakizun horretan bertan, Gruffuddek ordu arteko Arturo lausoa (Nunniusek gerlari gisa aipatua) berreskuratu eta berrirudikatu zuen, eta errege heroiko bilakatu, britainiarretan handiena, adoretsua, anglosaxoien inbasioaren kontra borrokatu zena.

Kontua da Britainiako erdigunea XIII. mendean Londresen zegoela, ingeles frantsestuen eskuetan, eta Eduardo I.a errege ingelesak (1239-1307), urte horietan, Britainia uharte osoa gutiziatzen zuela bere eskuetan, erromatarren Britainiako probintzia errepikatzea, mendebaldeko Europan Aita Santuaren (Erromaren) oniritzia bilatzen zuten monarkia espantsionistek bezala bestalde (Hispania > Espainia, Galia > Frantzia). Errege ingeles horrek, bere aurrekoek bezala, eragozpenak ikusten zizkion galesen kontakizun horri: Arturo erregearen kontakizun arrakastatsua ez zitzaion zerbitzuko.