Nahitaez lana da oinarrizko jarduna gu guztion bizitzan. Beraz, lanak badu zerikusi handia eta jarraikia gure pertsonalitateen eratzean.
Ez ote du eraginik gure identitateari begira ere?
Zein baldintzatan, nolako lan antolakuntzapean, norekin, non, zer giro sozial, kultural eta ideologikotan?
Nork pentsa dezake galdera horiei buruzko erantzunek garrantzirik ez dutela gure identitatea pertzibitzen dugun eran.
Berdin ote da, luzera, euskara normalizatua den Antzuolako enpresa dinamika batean edo BABko Carrefourren aritzea egunean zortzi oren?
Berdin ote da Mondragon Unibertsitatean edo Frantses Unibertsitatean?
Gizartean ere, ekonomiak eta kontzientzia politikoak elkarri eragiten diote, zentzu onera edo txarrera, independentziaren aldera edo sumisio aldera.
Mendeetan zehar, mirakuluz bezala, baserri eta burgu ttipien munduaren barruan antolatua zela, Iparraldeko populuak euskarari eta bere identitateari nolazpait eutsi zien.
Iparraldean, duela hirurogei urte inguru hasi zen izugarri azkartzen ezagutzen dugun asimilazio prozesu mortala.
Zer pasatu zen orduan?
Gure populuak konfiantza galdu zuen bere lan moduak ekartzen ahal zion aurrerapenean; iruditu zitzaion errazago zela arrotzen zerbitzutan jartzea, sirenek kantatzen ziotela:
«Zaude lasai, nahiko lanpostu bada Pariseko edo Lyoneko lantegi eta administrazioetan, hemengo eskualdea egon dadin Frantzia guziko opor leku».
Laurogeiko urteen hasieran, boterea iparraldearen separatismoaren beldur zen oraindik. Hegoaldearekiko gure harreman ekonomikoak oztopatu nahi zituen, dohaika eragin politiko posiblearengatik. Arrosako Denek kooperatiba sortzekotan zelarik, administrazioak denbora batez blokatu zuen MCC taldearen proiektuan diru parte hartzea, abertzale ala ez bazter guziak haserretzen zituela. Ez ditugu neholaz ere zapalkuntzaren beste baliabide guziak gutxietsi behar, baina historiak erakusten du lanaren eta ekonomiaren kontrolaren hartzea erabakigarria dela zapaltzaileak nazio bat menperatzeko eta asimilatzeko.
Zinez, nola beste probintziekin batu eta estatu bakar batean euskaraz eta aske bizi nahi izan, denbora berean ezer egin gabe Frantziarekiko dependente egoten bagara ekonomikoki?
Kontua ez da ingurumenarekiko harremanak moztu behar ditugula, edo lehengo Albanian bezala bakartua bizi behar, ez eta pentsatu ere!
Saldu behar da erosten dugun baino pixka bat gehiago, kontsumitu behar da ekoizten dugun baino pixka bat gutiago, diferentzia sartzeko estatu aske baten ohiko eginbideen finantzaketan.
Ez da bakarrik eskuin edo ezker kontua: independentzia kontu ere bada.
Ez dakit beste lurraldeetan dakiten kontzientzia politikoak zer zor dion mundu guzian saltzen duen ekonomiari, batez ere industriari. Espero baietz!
Hobe horretaz ondo jabetzea, egoera laster alda daiteke eta…
Guk, aldiz, ez badugu laster gure buruan eta batez ere ikastoletan dauden gure ondokoen buruan sakon sartzen lana eta ekonomia derrigorrezko ardurak direla euskaldun eta aske izan nahi dutenentzat, askatasunaz den bezainbatean, gureak egin du.
BERRIA









