Duela gutxi ikastola batean nengoen, Idazleak ikastetxeetan kanpainaren barruan 9-10 urte bitarteko haurrekin solasaldian. Zenbat liburu argitaratu ditudan galdetu zidatelarik, ez nekiela erantzun nien, espetxean dagoen lagun bati bidali nizkiolako denak. Zergatik zegoen espetxean jakin nahi izan zuten. ETAn ibilia zela aipatu nien oso gainetik, gaiari garrantzi gehiago eman nahi ezta. Orduan batek eskua altxa zuen, serio, galdetzeko: «Zer da ETA?». Batzuek bazekiten zeozer, eta hitz solteak bota zituzten, «enkaputxatuak», «presoak», «bonbak», «gaiztoak», «gaiztoak… bueno, según!».
Zer da ETA? Galdera ona, edozein mutu uzteko modukoa. Nik hamar urtekin ETA zer zen ba ote nekien pentsatu nuen. Bai, banekien. Orain ba ote dakit? Denboran atzera bota ninduen, deblauki, umearen galdera harrigarriak.
Egin dezagun jolas denborarekin. Franco diktadorea hilzorian dago, eta honela mintzo zaigu etorkizuna igartzen duen aztia: Berrogei urte barru euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu dioten manifak antolatzen jarraituko duzue, euskararen normalkuntza oztopatuko duten 700 salaketa baino gehiago egongo baitira epaitegietan; udaletxeak bandera espainolez beterik egonen dira; ETAren biktimak omentzen emango dituzue urteak eta urteak, eta haien izenez bataiatuko dituzue polikiroldegi eta liburutegiak; independentzia lortzeko hiru erreferendum egin beharko dituzue, etsaiak zuen herrian eragin dituen hiru zatiketa bakoitzeko bana; Madrilek esango dizue arrantzaleek noiz atera behar duten berdeletara; Espainiako konstituzioa ez duzue onartuko, OTANi uko egingo diozue, baina biak inposatuko zaizkizue…
Euskadi izango da euskalduntasunaren Liliput-herria, Nafarroa aparte joango da, halere Espainiak konbokaturiko 48 hauteskundeetan parte hartuko duzue zerbait historikoa egiten ari zaretelakoan…
Eta euskaldunok, gure herriarentzat askatasuna nahi genukeenok behintzat, barre-algara itzelak egingo genizkioke aztiari, eta esango: Ez, ez, guk ez dugu nahi horrelako Euskal Herririk, guri ez digute ziririk sartuko, euskara ez da negoziablea, Nafarroa bezala, autodeterminaziorik ez dugu nahi, independentzia zuzena baizik, ETAri erretiratzeko esango diogu, bandera espainolik ez da jarriko gure mastetan, ez dugu horrelako demokraziarik nahi.
Orain, ordea, algara horiek izotz bihurtu dira gure aurpegi akartonatuetan. Irri egiteko aholkatzen zaigun arren, irabazi egingo omen dugulako, nik ez dut motibo askorik aurkitzen. Normalizazio deitzen zaio gure arazoen despolitizazioari.Bizikidetza dominazioaren desagerpen kontzeptuala baino ez da. Eta bakegintza kontakizun historikoaren ezabapena bihurtu da. Euskal Herria da biktima historikoa Espainiarena eta Frantziarena, Mikel Erauskinek ongi esan zuen bezala: Espainiaren eta Frantziaren presentzia hutsa, presentzia bera da biolentzia nagusia Euskal Herrian. Baina biktima indibidualek ordezkatu dute min kolektiboaren tokia. Eta, azkenean, gure nahasmenean are gehiago deskolokaturik utzi gaituen argumentario historiko oro iruntziz, Espainia bihurtu da euskaldunon biktima, Espainiaren proiektua (konkista, okupazioa eta menperakuntza) defendatzen zuten zibil eta armatuak izan dira erasotuak, irainduak eta inexistentziaren ertzeraino bultzatuak.
Dena den, herri bat menderatuta egotea ez da gauzarik okerrena, menderatua dagoela ez konturatzea baizik. Edo zerbait larriagoa: menderatuta gaudela jakinda ere (hainbat buruzagik aipatzen baitute tarteka), ez bageunde bezala jokatzea. Egoera bat, non gure ekimen neuralgiko guztiek etsaiaren onespena behar duten, inpotentzia estaltzeko ekimen ugari sortuz; energia sozialaren errutinazko pilaketa, astero, hilero, indar politikoaren ausentzia ordezkatuz. Eta hori guztia ahazturik Espainiak oparitu dizkigun erakundeak, denak (udaletxe, Aldundi, Jaurlaritza) ez dizkigula gu askatzeko eskaini, hobeto lotuta edukitzeko baizik.
Bitartean jarraitzen dugu kontzeptu bati lotuta, erabakitzeko eskubidea, zeina Katalunian lurperatua, gainditua eta obsoletoa geratu den, Hector Lopez Bofill-en hitzetan: «Hurrengo pausoa ezin plantea genezake erabakitzeko eskubidearen eremuan, akituta geratu da. Azaroaren 9koak garbi utzi zuen figura hori ez dela gauzatuko espainiar konstituzioaren baitan; pantaila hori gainditu dugu, orain geratzen den aukera bakarra da aldebakarreko haustura, alde bakarreko sezesio aldarria, independentziaren aldebakarreko deklarazioa». Hildako proiektu politiko bati lotuak gaude, eta hori bultzatzen dutenen hantustekeria izugarria da: haienera makurtzen ez den oro baztertzen eta marjinatzen dute, herri honetako jendarte eta mugimendu konprometitu eta eder asko isolatzen, akatsa non dagoen modu arrazionalean esplikatu arren.
Johan Galtung-ek hiru bortxa mota bereizten ditu: estrukturala, bortxa zuzena eta esplizitua, eta kulturala edo sinbolikoa. Bortxa estrukturala desagertu egin da, kolonizatuak garela onartuko bagenu hemen kolonizatzaileak daudela suposatuko bailuke, eta ez gara horiek seinalatzera ausartzen. Bortxa kulturalik ere ez dago, erdaldunak erakarri ezina baizik. Zein geratzen da? Hori bera.
Itzul gaitezen denboraren jolasera. Hamar urte barru galdera bota zuen umeak 20 izango ditu, eta oraindik manipulatu gabeko bere adimenean zabor asko botea izango da ordurako; argi eta zentzu-izpi batzuek ere bai. Teoria bat egina izango du ETAri buruz. Haren hitzak entzutea aski litzateke asmatu dugun ala erratzen darraigun jakiteko.
BERRIA







