Euskal hizkuntza politika baterako

1 Euskararen gau luzea

Estatu modernoen eraikuntza ideologistak ekarri zuen beraren barruan harrapatuta geratu ziren ezberdintasun politiko eta kultural ororen ezabatu beharra, modu azkarragoan edo geldoagoan. Egitasmo horrek biltzen zuen aurretik finkatuta egon zitekeen edozein praktika edo aitortza modu politikoren ezabaketa, behartua eta indarkeriaren bidez betik, eta, horrekin batera, xedea zen horri lotutako edozein hizkuntzazko eta kulturazko aitortza modu menpeko estatus baten finkatzea, bera desagerrarazteko helburuarekin, edo, asko jota, osagai pintoreskoa edo folklorikoa bihurtzekoarekin («un sano regionalismo», hark zioen moduan). Horrela, berdintasunaren aitzakiarekin, menperaketa modu berriak agertuko ziren, eta azpiratutako estatus politiko bateko kidetzan bilduko ziren andre-gizon multzoak sortuko ziren.
Menperaketa egitasmo horrek gurean XVIII. mende bukaeran XIX. mende hasieran izan zuen bultzadarik gordinena, iparraldean iraultza frantsesari lotuta, eta hegoaldean XIX. mende osoan zehar eten barik jasotako erasoen bidez. Espainiaren batasun zatiezinaren eraikuntzan literatura politikoa (Llorente, Calatrava…), Cadizeko Konstituzioaren moduko lege egitasmo fundatzaileak eta eraso armatua izan ziren euskal foru sabai politikoa deuseztatzeko tresnak. Gure zaharrek jakin zuten geureari sendo eusten eta erasoa ez zen erantzun barik geratu alderdi politikotik eta intelektualetik. Bere unerik latzenak XIX. mendean zehar hegoaldeko lau lurraldeetako matxinada foruzaleetan eman ziren. Matxinada horietan garaituak izan ginen eta ondotxo ordaindu behar izan genuen. Menperaketa sistema politikoaz gain, hamaika odolustuketa, erbesteraketa, kartzelaraketa, tortura, eta abar jaso behar izan genituen. Ordutik gaur egun arte ez dugu besterik ezagutu.
Gure foru independentzia galtzearekin batera, ahulduta geratu zen gure hizkuntzari eusteko tresnarik funtsezkoena, gure sabai politikoa, eta gaua egin zen gurean. Horrela, hizkuntza, kultura eta elkarbizitza moral eta politikoaren eremu osoaren txikizioari eman zioten espainiar estatuak nola frantsesak, eta beharleku horri eutsi diote biek eurek hartu dituzten forma guztietan: diktaduran eta demokrazian, monarkian eta errepublikan, ezkerretik eta eskumatik. Ordutik aurrera, euskal hiztunak garen aldetik, pariak bihurtu gaituzte gure herrian bertan, berdintasun sistema baten baitan azpikultura bihurtuta, estatuari eusteko hizkuntza politika menperatzaile baten pean hartuta, hori ere gaur egun arte. Izan ere, estatua eraikitzeko egitasmo ideologista, bere aldaera guztietan, bat da, eta etnozida da. Euren hizkuntza politika etnozidaren helburua da espainiera, ala frantsesa, hedatzea eta ezartzea «espainiarren» ala «frantziarren» arteko berdintasuna bermatzeko, horretarako bere menpetasun eta nagusitasun sistemak sortuz eta garatuz. Hizkuntza politika hori moldatzen joango da egoeren arabera, baina beti, azpiratua egon behar dena menpean edukita. Ez dio inoiz uko egingo bere benetako helburuari, hau da, erkidego bizi eremu esanguratsuen ezabaketa, edo, gutxienez, eurak menpetasun egoeran edukitzea. XX. mendean hegoaldean eraso etnozida horrek bere garapen gordinena frankismo garaian izan zuen, baina eraso hori besteetatik bereizten bada, modu kuantitatiboan izango da, ez kualitatiboan; disimulu gabeagoa izan zen erasoa, baina oinarrian helburua bera da, berdintasun beraren ezarpena, era bakarreko estatu antolaera, eta azpiratutako hizkuntza erkidegoen menpekotasun egoera sendotzea.
Erregimen frankistaren erreformarekin batera kandela batzuk ixiotu ziren ilunpean eta ilusioa piztu, eta ametsetan ere egin genuen. Euskal Herri euskalduna? Elebiduna? Halakoak ziren galderak. Han geratu ziren ametsak! Egitasmo etnozidak ez du atsedenik hartzen eta beti izango du hizkuntza politika menperatzailea gertu. Moldatuko da egoera ezberdinen arabera, baina sakonean bat izango da, helburua bera delako, erkidegoak, hizkuntza eta hiztunak menpeko egoera baten edukitzea. Ezin dira asko aldendu eta bat egiten dute gau ilun hartakoek nola kandela gutxi batzuen argipean eduki gura gaituztenek. Argumentarioari begiratzea besterik ez dago jabetzeko ez dagoela alde handirik adierazpenik tematienetan: «Unidad de destino» edo «preservar la unidad de España en la pluralidad de sus regiones» edo «las manifiestaciones de la riqueza de la diversidad de España en sus regiones» esango zuen hark; gaur esango dute: «indisoluble unidad de España» edo «la unidad de España en su diversidad nos enriquece a todos», «igualdad de los españoles», «igualdad, igualdad, igualdad!». Aldatzen al da zeozertan? Azken baten helburu eta argumentario beretsuari heltzen diote gau ilun hartakoek nola Poulou jaunak Ziburun eta Mendia eta Barcina andreek hegoaldean. Egitasmo horretan burura ezina da Euskal Herri euskalduna edo euskaldun elebidunez osatutakoa, horrek arriskuan jarriko lukelako espainiarren arteko berdintasuna eta asko jota euskararen mundua azpikultura modura bururatuko dute. Horregatik jarri dute euren muga «normalizazioan», eta horrela jakinarazi digu burukide sozialistak. Apezpikua balitz moduan esan digu: «el euskara ya esta normalizado». Kandela gutxi batzuk ixiotu dizkigute, gau ilun hartako iluntasuna leuntzeko, baina eurak noiz itzali ahal izango zain daude. Menpekotasun politikoak hizkuntza menpekotasuna du berarekin.

 

2 Euskarari erasotzeko hiru aitzakia

Euskara azpiratuta eduki gura dutenek beti aurkitu dituzte arrazoiak egoera hori zuritzeko eta larritzeko. Ondoren gaur egun erabiltzen diren hiru aitzakia nagusi nabarmenduko ditut.

Lehena da euskararen gaitasunik eza zientziarako eta teknologiarako. Aitzakia horrek eraman zuen espainiar presidentea bera ere euskararen ezintasun hori nabarmentzera. Argudio horrek bere eguneraketa izan du, eta euskara pasatu da arlo baterako mugatua izatetik, komunikaziorako, oro har, balio gutxikotzat joa izatera. Bera traba izango litzateke komunikazio tresnak diren hizkuntzen parean, eta ez litzateke ez denborarik ez diru larregirik bota behar hain balio gutxikoa den hizkuntzan. Egia esan, zientzia edo komunikaziorako gaitasun eraginkorra bultzatzea baldin bada helburua, ez dut uste ideiarik onena denik espainiera ikasten denborarik galtzea. Alde horretatik, hobe da ingelesa ikastea, edo alemana, gura bada lan esparruan ate gehiago irekita izatea. Hizkuntza horien aurrean ez dauka oso zentzu handirik espainiera ikasten dirua eta denbora xahutzeak, baina benetako helburua beste bat da, hots, egitasmo politiko espainiarra edo frantsesa sendotzea eta euskaldunak azpiratutako egoera baten edukitzea.

Soziala eta komunitarioa elkarren aurka jartzetik dator bigarren aitzakia. Ikuspegi horretatik jarduera politikoaren ardura norbanakoaren eskubideen eta eskubide sozialen babesa izango da, eta, politika sozialei dagokienez, aberastasunen banaketarekin lotutakoak izango dira kontuan hartzeko benetako arazoak. Edozein erkidego-eskaera hirugarren mailan geratuko da, onenean, eta askotan kostako zaie onartzea hor benetako menperaketa dagoenik. Edozein kasutan, ez dute bidegabekeria esanguratsurik ikusiko hor (txikikeria nazionalistak, J. C. Monedero dixit). Izan ere, horiendako, euskararen aldeko aldarrikapena traba izango da gizarte zibil eta zuzena eraikitzeari begira. Benetako euren helburua da aldarrikapen komunitarioak eremu publikotik ateratzea, baina organikoak diren hizkuntza edo erreferente kulturalak babestuz. Horregatik ez da zenbatuko gastu modura espainiera edo frantsesa ezartzeko sartzen den dirua eta denbora, are gutxiago hizkuntza horien ezarpenak euskaldunen artean eragin duen, odola, jazarpena eta oinazea.

Orainagokoa, eta hirugarrena, multikulturalismoaren aitzakia da. Erkidego bat bizikidetza eremu esanguratsua da. Norbanakoa esangura eremu horretan txertatzen da eta hor aurkitzen du zentzua eta norabidea bere bizitzak, bere lanak, bere ekarpenak. Jaso eta emate horretan aurkitzen du komunikatzeko modua (hizkuntzaren bidez bereziki), orientazioa eta atxikimenduak, bere inguruarekin, bere iraganarekin eta orainarekin, eta hor gauzatu ahal izango du bere bizitza-egitasmoa. Bestalde, erkidego bat ez da inoiz sistema itxia, etengabeko truke eta komunikazioan dago beste bizikidetza sistema batzuekin, eta fenomeno hori gertaera naturaltzat jo behar da. Truke eta komunikazio natural horretan biltzen dira jendea, ideiak, tresnak, eta bera modu orekatu eta harmoniatsuan ematen bada, aitortza sistema horien iraupena bermatzen da. Helburua izango da bizikidetza eremu esanguratsu, orekatu eta harmoniatsuak lortzea, bai euren baitan, bai inguruarekin, duten harremanean, eta hori bermatzeko trukearen kudeaketa erkidegoen kontua izango da.

Beste gauza bat da multikulturalismoa dogma politiko moral modura ulertuta. Alde horretatik, bizikidetza eremuaren gainetik zeru moral unibertsala jartzen da, eta erkidegoen iraupen orekatu eta harmoniatsuaren gainetik norbanakoen ustezko eskubide unibertsalak. Ikuspegi horren arabera, jendearen, ideien eta tresnen trukea eta komunikazioa ez da erkidegoen arteko elkartasun eta aberaste orekatu eta harmoniatsuan emango, baizik eta inperatibo moral unibertsal multikulturalistaren betebeharragatik. Onuradunak norbanako hutsak izango dira, eta ez erkidego bakoitzeko kide guztiak. Gainera, lekuz aldatzen den norbanakoak ez du harrera egiten dion erkidegoaren ohituretara egokitu beharra izango, ez litzateke ekarpenik egitera derrigortua izango, eta ez luke aitortza sistema horretan txertatu beharra izango.

Multikulturalismoa dogma moral bezala defenditzen dutenek askotan kapitalismoaren kritikotzat jotzen dute euren burua, jabetu barik dogma hori gizarte liberal-kapitalistaren hastapenetan dagoen exijentzia dela eta eurak inperatibo moral horren kudeatzaileak bihurtzen direla. Horren oinarrian logika liberal-kapitalistaren bi hastapen fundatzaile daude: nonahikotasuna (mugitzeko askatasun osoan oinarritua, Hobbes), eta gizabanako erauzia (norbanakoa ez da ingurune kultural bateko kidea izango, ezta berarentzat esanguratsua den lur eremukoa, baizik eta bizi eremu unibertsal batekoa, S. Mill, Kant, Marx, Engels). Horiei gehitu behar zaie beste hastapen moral bat, hots, mundu osora ongia (Nire ustez ona dena) zabaldu beharra. Oso kristauak diren hiru hastapen horiek aitzakia izan dira XVI. mendetik aurrera zabaldu diren hainbat inperiorendako, eta horiei loturiko hainbat genozidiotarako. Aitzakia ere estatu modernoaren eraikuntzan gauzatu diren hainbat etnozidio eta genozidiotarako. Ez al ditugu hor sartuko Txinako komunistek Tibeten egiten dihardutena, Marokok Saharan, Stalinek hainbat sobietar errepublikatan egindakoa, edo Espainiar eta Frantziar estatuek ere Euskal Herrian eraman duten politika etnozida?

3 Euskarari buruzko gezur instituzionalak

Ez da arraroa entzutea euskararen egungo egoeraren arrazoia herritarren ardura faltan dagoela. Erakundeetatik behin eta berriz heltzen zaigun mezua da: hizkuntza-politikak egin du bere lana eta jendeak egin du huts. Ideia bera modu garratzagoan adierazteko esan izan da ere gezur handia dagoela euskararen inguruan, jendeak ez diolako eusten konpromiso serioari, eta erdarara jotzen duelako. Errua gainetik kenduta, hizkuntza kontuetan ardura politikoa dutenek ez dute beharrik ikusten hizkuntza-politikari buruz konturik emateko, ezta egin den lanaren balantze seriorik egiteko, alde argi eta ilunak azalduz, hurrengo urteetarako helburu zehatzak eta neurri zuzentzaileak jarriz, eurak aurrera eramateko tresnak eta baliabideak zehaztuz, eta lan horren emaitzak neurtzeko modua eta epeak eskainiz.

Euren asmoa da azken hogeita hamabost urte honetan eraman den hizkuntza-politika defendatzea, eta esatea bera neurrikoa eta arrakastatsua izan dela euskarari bultzada emateko. Era horretara hizkuntza-politika jareginaren porrota ezkutatzen saiatzen dira, bai datu penagarriak tronpeta zerutarren soinuen artean euren gustura azalduz, bai beste edozein ateraldiz baliatuta. Horien artean azkena izan da euskara merkadoteknia produktua bihurtu eta poziktibity-a asmatzea. Horrela, zama bai euskararen, bai euskaldunen teilatuan uzten da. Euskarari esango zaio ez duela gauza askorako balio eta liluragarria izan behar duela, zaila eta traketsa dela, eta txukundu beharra daukala erakargarria izateko. Bestalde, herritarrari exijitzen zaio euskaraz egiteko, irakasleari emaitzak, murgiltze sisteman diharduen ikasleari pazientzia, kazetariari irakurlea.
Niri ere iruditzen zait gezur handia dagoela, baina bera, hain zuzen, da egunero erakundeen mundutik luzatzen dena. Ez da euskal herritarra izan huts egin duena; aitzitik, hizkuntza-politika buruiritzi eta jareginarena (utziarena) da porrota. Berak agortu egin du garai baten egon zen kemena, ilusioa eta legitimotasun bizipena, eta horrek ez du modu esanguratsuan aldatu euskararen beharraren, balioaren, premiaren, sentsazioa. Hizkuntza-politika jaregin horren ondorioak garbiak dira: hiriburu handiak erdaldunak dira. Joan Gasteizera, Iruñera, Bilbora, Barakaldora, Donostiara, Irunera, eta ibili kaleetan zehar. Horretaz gain, osasun sistema erdalduna da; harritzekoa da euskaraz egingo dizun ertzaina aurkitzea; Lakuako, Eusko Jaurlaritzako, ateko zaintzaileak erdaldun hutsak dira (beste edozein eraikuntza ofizialetan bezala), ez dago sartzerik euskara hutsean hitz egiten. Ez dago lotsarik!

Hezkuntza sisteman ezarri da ardura osoa, eta hutsuneak nabarmenak dira. Euskara oso modu geldoan eta beldur antzean zabaldu da, eta, oraindik, hezkuntza eremuak sekulako hutsuneak ditu. Ez dago xederik, exijentziarik, kontrolik, eta helbururen bat baldin badago inon, eta betetzen ez dela ikusten bada, ez du axolarik. Hizkuntza-politika jaregin horretan, giro erdaldunean bizi eta murgiltze ereduan ikastea aukeratzen dutenei ez zaie, askotan, agindutako euskararen ezagupena bermatzen, horrek dakarren etsipenarekin. D eredua gero eta gutxiago da murgiltze eredua. Hainbat kasutan, horren izenpean B eredu ezkutua dago. Atzerritarrendako ere lilurarena da euskararako bidea. Bota egiten dira edozein gelatan ez saririk, ez beharrik, ez exijentziarik, ez duen hizkuntza batean ikasten. Ez dute ezer ulertzen, ez hizkuntzaz, ez bizi duten egoeraz. Lardaskeria hori zuritzeko lehentasun modura kultura-artekotasuna,  integrazioa, aniztasuna, elkarbizitza, eta ez dakit zer kontu jartzen dira, eta ez ikasketa eta etorkinaren konpromisoa jaso duen erkidegoarekin. Horrek ez die euskararen ezagupena bermatzen, eta ez die integraziorako inolako samurtasunik eskaintzen. Integraziorako tresna izan beharko lukeen euskara, traba gisa agertzen zaie, eta erdararen presentzia indartzen da euskara hutsekoak izan beharko luketen geletan, lana zailduz ikasle eta irakaslearendako.

Inon aurrerapauso sendoa eman bada, ez da hizkuntza-politikari eskerrak izan. Aurreratu da euskaldun eremuko herri txiki eta erdi mailakoetan, euskarari egindako jazarpen modu gordinenak arinduta, herritarrek hartu dutelako euskara euren besoetan. Horretaz gain, ikusi dut jendea lanean egunkari eta komunikabideetan, idazten, euskaltegietan, orduak sartzen, soldata eskasekin; ikusi ditut euskal herritarrak umeei euskaraz hitz egiten; ikusi dut erdal giroko hainbat gazte euskara lantzeko pozarekin, euskara berea eginda, ikusi dut jendea ere sorkuntzan, kantagintzan, literaturan, euren konpromisoarekin, euskara lehenesten beste aukera batzuen artean. Eginahala, eskuzabaltasuna, poza eta negar malkoa. Eta ikusi dut hizkuntza-politika jaregina, etsia, fosilizatua, eta ardurarik hartu ez duena.

Nik esango nuke baietz, azken hogeita hamabost urte honetako hizkuntza-politika buruiritzia arrakastatsua izan dela oso, eta balio izan duela erdara finantzatzeko, sendotzeko eta finkatzeko. Are gehiago, esango nuke hizkuntza-politikek euskara menpekoa eta atxiloa egin dutela eta egin dutela erdara askea. Hizkuntza-politika jareginaren emaitza izan da euskara erakunde-kaiola baten kateatuta edukitzea, erdara aske ibiltzeko Euskal Herriko larre eta kale bazterretan. Eta nik horri denari negarktibity-a esango nioke.

4 Euskal hizkuntza‑politika baterako

Harritzekoa da hizkuntza‑politiken emaitza kaxkarrek pizten duten erantzun ezaxola. Noizean behin halako ika-mika sortzen da, diru kontuak tarteko, bakoitzak bere paperari eusten dio, eta ondoren garrantzitsuari heltzen diote: “herritarrak kezkatzen dituzten arazoak”, “politika sozialak”, “adiskideratzea”, “estatus berria”… Deigarria da hainbat aurrerakoi, intelektual, eta mugimendu sozialetan ere antzerako ardura falta somatzea. Beti dabiltza babestu beharreko baztertuen bila eta plataforma kultura‑anitzak bultzatzeko gertu. Euskararen inguruan, aldiz, nahikoa izaten dute noizean behin ateraldi bitxiren bat botata. Tamalez, antzerako noraeza edo soma liteke herri mugimendu abertzalean. Ematen du bere praktika politikoa ere hainbat mugimendu sozialen eta GKEren diskurtso doktrinario zibilistek mugatzen dutela, eta hemen ere euskara (eta beste hainbat gauza) alboan geratzen dela.

Horren arrazoietako bat da euskararen inguruko edozein planteamendu eskubide subjektibo hutsen eremura baztertu dela, eta eskubide subjektiboena tranpa mortala da euskararako bi arrazoirengatik: 1) Eskubide subjektiboez hitz egiten denean berehala agertzen dira hierarkiak, eta lehentasuna izango dute “eskubide (subjektibo) unibertsalek eta sozialek”, eta hor ez da euskara sartzen. Are gehiago, euskara trabatzat jotzen da “eskubide unibertsal eta sozial horiek gauzatzeko”, bazterketarako tresnatzat. Samur ahazten da Euskal Herrian benetan beti egon den, eta orain dagoen, bazterketa, jazarpena, herri baten aurkakoa dela, bere hizkuntzan hitz egiten duen herriaren aurkakoa. 2) Eskubide unibertsalen zelaia ez da neutrala eta beti epaile interesatu batek kudeatzen du. Alde horretatik, esan daiteke eskubide subjektibo unibertsalen ideologia praktika etnozidarako aitzakia ere izan dela, espainiar eta frantziar estatuek erabili dutena euskarari egin zaion eraso sistematikoan.

Aldaketa garaietan ei gaudenez, unea da euskara edozein adostasunetarako lehentasunen artean ipintzeko, eta, lehenengo aldiz, euskal hizkuntza‑politikarako ardatzak zehazteko. Horretarako, hiru eremu politikotan zatitu gaituztenez, hiruretarako puntu hauek joko nituzke oinarrizkotzat: a) Euskara eskubide hutsen kontua izatetik aitortza eta betebehar kontua izatera pasatzea. Erkidego bateko kideak garen neurrian denok ditugu gure betebeharrak, legezkoak, moralak eta politikoak, eta betebehar horiekin datoz eskubideak, ez lehenago. Praktika totalitarioen oinarrian dago betebehar bariko eskubidedunak egotea. b) Onartzea azken bi mendeetan zehar, gutxienez, eman den praktika etnozida, glotozida, espainiar eta frantziar estatuek bultzatu dutena eskubideak, berdintasuna, aitzakiatzat hartuta. c) Hizkuntza zorraren aldarrikapena. Hain samur esaten dutenek euskaran egiten den gastua gehiegikoa dela, edo euskara eremu pribatura baztertu gura dutenek, jakin beharko lukete gastu horrek, berez, espainiar eta frantziar estatuen kargura joan beharko lukeela, eurak izan direlako euskara egoera honetara ekarri dutenak. d) Edozein adostasunen abiapuntuan hizkuntza‑burujabetasuna onartuko lukeen estatus politikoa egon beharko litzateke, euskara egon ez dadin eten bariko erasoak eta trabak jasaten, legedi arrotzak aitzakiatzat hartuta. e) Hainbat bazterketarekin hain sentibera den Europaren betebeharra izan beharko litzateke euskararen, azpiratutako hizkuntzen, babesa eta berreskurapena. Horretarako estatuen gainetik legoken tresneria juridiko eta politiko europarra bultzatu beharko litzateke.

Horrek denak bere ondorio praktikoak ditu, eta eskatzen du plangintza serioak egitea euskal hiru eremu politikoak kontuan izanda. Ez dago aitzakiarik EAEan hamar urte barru funtzio publiko osoa euskalduna ez izateko. Datorren funtzionarioen belaunaldi aldaketarekin, eta gazteek euskalduntzeko izan dituzten aukerekin, zentzu gutxi dauka euskaraz ez dakien jendea hartzeak, gero eurak euskalduntzen dirua eta denbora gastatzeko. Garaia ere bada horien pareko neurriak hartzeko ekonomia pribatuari dagokionez, berdintasuna eguneroko bizitzan ere txertatu behar delako. Betebeharraren eta aitortzaren ereduak kontuan izan beharko luke azken hamarkadetan jende askok euskara zintzo ikasteko konpromisoari eutsi diola. Jarrera hori erakutsi duenari aitortu behar zaio dagokion eskubidea. Eta baten batek erabaki badu, bere eskubide liberal unibertsalak direla eta, euskararik ez ikastea, beti izango du aukera euskaltegietan maila egokia lortzeko.

Ez du arazorik egon behar termino horietan adostasun politikoetara heltzeko. Bi estatuetako eskuma eta ezkerraren tradizioa ezaguna zaigu, baina eurek ere eguneratu beharko dute noizbait euren diskurtsoa eta praktika zapaltzailea. Ezin da beti euskararen mamua astinduz bizi. Dena dela, badago motiborik hegoaldean Ahal Dugu talde berriarekin zorrotzagoak izateko eta eskatzeko jarrera gardenak euskararen inguruan. Ez du balio “txikikeria identitarioak” eta “gehiegikeria nazionalistak” aipatuz ezkutatzea, edo frankismoaren erreformaren garaian jartzea muga. Euskararen arazoa sakonagoa eta askoz lehenagokoa da. Azkenik, era guztietako “bazterketekin” hain sentiberak diren intelektual, aurrerakoi eta mugimendu sozial horien aldetik, ez legoke gaizki euskararen egoera salatu eta garai berri baten aitzindaria izango den plataformaren bat bultzatuko balute.

 

Xabier Arregi Gordoa

Filosofian doktorea