Historialaria, Erdi Aroko artean eta Nafarroako konkistan espezialista, irakaslea eta orain EH Bilduko hautagaia Iruñeko alkatetzarako.

“Eskuaren ezkertasuna apaizek indarrez aldarazi zidaten, baina buruarena ez”. (Dani Blanco)
Jesuiten ikastetxetik bota zintuztela entzun dut.
Bai eta ondoren eskolapioetatik ere bai. Lehenbizikoan justifikatua zegoen nire portaera txarrarengatik eta bigarrenean afera politikoengatik. 78an asko ginen politikan genbiltzan gazteak.
Beraz, ume bihurria zinen?
Bai, eta ume bezala portatzen nintzen. Ez dut inolako arazorik onartzeko. 16-17 urterekin, aldiz, hori dena aldatu zen. Jokamolde hori nire kalterako zela ikusita, ikasten hasi nintzen. Gainera Artea eta Historia aurkitu nituen orduan, nire gustuko ikasgaiak. Inoiz ez diet aski eskertuko gurasoei horrenbeste tematu izana ikasketekin. Oro har, oso haurtzaro zoriontsua izan nuen Iturrama auzoan, beti kalean jolasean. Izan ere, nire koadrila ez da ikastetxekoa, auzoko lagunena baizik, eta gaur egun oso kontu arraroa da hori.
Zergatik ikasi zenuen Artearen Historia?
Unibertsitatera Erdi Aroko Historia ikasteko gogoz joan nintzen, baina artearen atalean aurkitu nuen benetan gustuko nuena. Horregatik nik neure burua artearen historialaritzat jotzen dut. Zortzi urtez Zarautzen bizi izan ginen aitak han aurkitu zuelako lana eta nik unibertsitateko ikasketak Donostia eta Zaragoza artean egin nituen.
Zer dela-eta tesia leinu dorre eta jauregien inguruan?
Tesia egiteari ekin behar nion garaian, beste askotan bezala, puntu malenkoniatsua eman zidan eta Itoizko urtegiarekin desagertzera zihoazen zazpi herriak ezagutu behar nituela sartu zitzaidan buruan. Hor aurkitutako defentsarako arkitekturak, leinu dorreak bereziki, berehala erakarri zuten nire arreta. Modu honetara Erdi Aroaren bukaerako garaian, XV eta XVI. mendeetan murgildu nintzen eta hortik etorri zitzaidan gero Nafarroako konkistarekiko zaletasuna.
Itoizko Koordinadoran aritu zinen?
Bai eta urtegiarekin galduko ziren herrien ondare historiko artistikoaren katalogoa egiteko enkargua eman zidaten. Hori izan zen nire lehen lana ikasketak bukatutakoan.
“Itoiztik ez dira pasako”, baina pasa ziren. Zer galdu zen?
Itoizkoa ikaragarria izan da. Sei eliza suntsitu zituzten, hiru erromaniko eta hiru gotiko, (Nagorekoa herriaren goialdean zegoenez libratu zen), hiru leinu etxe, Erdi Aroko zubiak, etxeak, baselizak… Sarraski ikaragarria. Artozkiko eliza dut buruan, esate baterako, balio oso handikoa zena, eta Orbaiz Erdi Aroko herri ederra, eta Itoiz azkenera arte defendatu zuten gunea. Oraindik daukat gogoan nola Nafarroako Gobernuaren hondea-makinek guztia botatzen zuten. Katalogo Monumentalean horren balio handia aitortua zeukaten eraikin horiek nola bota zitzakeen Gobernuak berak? Gainera lurrera bota zituzten, ez ur azpian utzi, gehienetan egiten den bezala. Zigor gehigarria izan zen hura bertako populazioarentzat, aurre egiteagatik.
Ez zait inoiz ahaztuko Artozkira joan nintzenekoa, Juriko etxera, hango nagusiari nire tesiaren txostena ematera, etxe horren azterketa bilduta baineukan. Iritsi nintzenean etxea ari ziren husten eta ahal zutena desmuntatzen, makinak bazetozelako. Etxeko andreak esan zidan hartzeko nahi nuena, eramateko, eta ni lotsa-lotsa eginda gelditu nintzen. Gainera adineko bi emakume iritsi ziren une hartan etxeari agur esatera negar batean. Herri horren bukaera oso tristea izan zen: jende pila agertu zen azken argazkiak egitera, solidarioak kateatu ziren eta herriari su eman zioten hustea ekiditeko… Oso gogorra izan zen dena. Bataila bat. Eta orain agintean daudenek egin zuten hori. Haien izenak xafla handi batean jarri beharko genituzke jakiteko nor den nor. Eta hau ez da sarraski bakarra izan: Gaztelu Plazako aztarnen suntsiketa, Euskal Jai frontoiaren eraistea… Sentsibilitate falta ikaragarria dute eta gainera gizartearen aurrean zintzo eta on bezala agertu nahi dute.
Nafarroako konkistaren bosgarren urteurreneko ekimenez zer balorazio egiten duzue Nafarroa Bizirik eta Nabarralden? Bertsio ofiziala kolokan utzi duzue?
Aldez aurretik sumatzen zen urteurrenaren inguruan mugimendu eta ekarpen berriak izan behar zirela. Urteetan historiografia nabarristak bere tesia ezarri du: borondatezko anexioa, erresistentziarik eza, Nafarroa integratu zela estatu berrian era natural batez… baina lehendik Peio Esarte, Peio Monteano, Tomas Urzainki eta beste historialari batzuk ari ziren gogotsu lanean eta eztabaidatzeko izugarrizko gogoak genituen. Gure harridurarako Nabarraldek hiru kongresu antolatu eta beste hamaika gauza gehiago egin ziren han eta hemen eta bitartean besteak isilik. Pasa zituzten hiru urte ahoa ireki gabe. Soilik kongresu itxi bat antolatu zuten, oso mugatua, eta toki guztietatik erantzuna jaso zuena. Eta isilik. Gure balorazioa ezin hobea da: orain mundu guztiak daki zer gertatu zen 1512tik aurrera. Jendeak badaki Nafarroa bazela erresuma, estatu independiente eta moderno bat eta konkista zeharo ilegala eta bidegabea izan zela.
Zer da Nafarroa eta zer Euskal Herria?
Nafarroa eta Euskal Herria txanpon beraren bi aldeak dira. Bata izan da kulturala, linguistikoa eta bestea konkrezio politikoa. Nik ez dut batere zalantzarik Nafarroa izan zela baskoiek edo euskaldunek sortu zuten instrumentua herri bezala bizirauteko. Haiek markatu nahi izan zuten gidoi bat baina inguruko potentzia handiek zeharo aldarazi zieten hori.
Zer da aldarrikatzen duzuena?
Independentzia ez dugu lortu behar, berreskuratu baizik. Gure eskubide historikoak behar ditugu berreskuratu. Gero Nafarroa, Euskal Herria… niretzat gauza bera da. Hasten direnean eztabaidatzen zein den objektu politikoa nik pentsatzen dut nahiago nukeela gure herri independenteari zein izen eman erabakitzeko tenorean bagina. Ea hiriburua non jarri, Iruñean edo Gasteizen, bandera ikurriña edo beste bat izan… Hori iritsiko da, baina oraingoz horretaz eztabaidatzea antzua da. Ikurriña eta Nafarroako bandera ikusten ditudanean ni daltonikoa naiz. Ez ditut bereizten. Esanahi bera dute.
Baina gogorra izan daiteke hori bizkaitar, arabarrentzat…
Jende gero eta gehiago dago Bizkaian eta Araban, eta Gipuzkoan pila bat dira, ikuspuntu historikotik nafarrak direla badakitenak. Nik ez nuke inolako arazorik izango gure alegiazko estatu horri Nafarroa edo Euskal Herria deitzeko. Euskal Herria herria da, fondoa, eta Nafarroa Euskal Herriaren historia luzearen erdian, une jakin batean, sortu zen estatua. Ezin da Nafarroaz hitz egin XI. mendeaz baino lehenago. Nafarroako erresuma izan da euskaldunen proiektu politikorik arrakastatsuena, baina ez bakarra. Eta hori aldarrika daiteke Iruñean, Tuteran, Galdakaon edo Maulen.
Reyno de Navarra izena gero eta gutxiago erabiltzen du Gobernuak, ez zaizu iruditzen?
Segur aski 2012an iruditu zitzaien gehiegi ari zirela nahasten gure mezuekin. Historiaren tribializazioa egin dute horrekin, gainera ez dakit zergatik idazten duten y grekoz. Erresuma aldarrikatu nahi badute, aldarrika dezatela estatua.
Zergatik ez dago baskoien aztarnarik Iruñean?
Berrogei urtetan arkeologia ofizialak ez du Nafarroan aurkitu baskoitzat har daitekeen ezer, ez hilobirik ez zeramika puskarik ez inolako aztarna materialik ere. Zuk zeharka dezakezu Nafarroako Museoa goitik behera, baskoi hitza aurkitu gabe. Gauza bera gertatzen da musealizatuta dauden hainbat aztarnategitan: Andelosen, Arellanoko Musen hirian, Berbinzanako Eretak eremuan… Erromatarrak iritsi orduko baskoi izendatu gintuzten Estrabonek, Tito Liviok, Pliniok, Silio Italicok… historialari guztiek, eta orain horren aztarnarik ez dago. Harrigarria.








