Arrantzale hondarribiar baten 1563ko testamentua da Mexikotik iparreragoko Ameriketako jatorrizko idatzirik zaharrena
Michael Barkhamek aurkitu du, Gipuzkoako Aldundiaren Oñatiko artxibategian

Domingo de Luçaren testamentua osatzen duten bi orrialdeak. / BERRIA / BERRIA
Ternuara bakailaoak arrantzatzeko asmoz iritsi berria zelarik jabetu zen Domingo de Luça laster hilko zela, Hondarribira itzuli gabe, gorputza hartua zion gaitzak ez zuelako sendabiderik. Euskal Herrian zituen ondasunak emazteari uzteko eta Plazençiako (gaur egungo Placentia hiria, Kanadan) hilerrian lurpera zezaten agintzeko, testamentua idatz zezan agindu zion Juan de Blancaflor eskribauari, beste zazpi lekukoren aurrean, haien artean Joan Xuarez zegoela, Hondarribiko arrantzalea haraino eraman zuen María del Juncal izeneko itsasontziaren jabea. Domingo De Luça Hondarribiko arrantzalearen aginduak jasoz Juan De Blancaflor Donostiako eskribauak 1563ko maiatzaren 15ean gaztelaniaz idatzitako testamentu hori da Mexikotik iparreragoko Ameriketan idatzitako jatorrizko agiririk zaharrena, oraingoz behintzat, zaharragorik agertzen ez den bitartean, hura aurkitu duenak jakinarazi duenez, Michael Barkham Huxley historialari eta Cambridgeko Unibertsitateko doktoreak.
Bakailaoak arrantzatzera joan eta, gaitz hilgarri baten ondorioz, nahi gabeko aitzindari bihurtu du historiak, beraz, Domingo De Luça. Haren testamentua Gipuzkoako Foru Aldundiak Oñatin duen Protokoloen Artxibategian dago gordea, eta han aurkitu du Barkham Huxleyk, milaka eta milaka orrialde arakatu ostean. Aurretik, gisa bereko beste bi testamentu ezagutzen ziren, Orioko bi balea arrantzalerenak, baina haiek urte batzuk geroagokoak dira, 1577koa bata, 1584koa bestea. Dokumentu horiek Selma Huxley historialari ingelesak aurkitu zituen, Michael Barkham Huxleyren amak, duela 30 urte, XVI. eta XVII. mendeetan Euskal Herritik Ternuara joan ziren arrantzaleen inguruko kontuak ikertzen hasi zenean. Azkeneko 30 urteetan egin duten lan eskergaren ondorioz, gai horren ikerketan erreferentzia ezinbestekoak dira gaur egun ama-semeak.
Gaur beteko dira 450 urte testamentu hura sinatu zutenetik, eta urteurren hori baliatu zuen atzo Barkham Huxleyk Domingo De Luçaren testamentua Hondarribiko San Pedro Arrantzaleen Kofradian aurkezteko, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotzia lagun zuela. Testuaren argitalpen bat egiteko asmoa ere badu udalak.
Domingo de Luçak «gorputza gaixo eta arrazoia gaitzik gabe» zuela agindu zion testamentuaren idazketa Juan De Blancaflorri, testuan bertan dioenez, jakinik ezin izango zela Hondarribira itzuli. Testamentuan, Maria Martin de Aguinaga izendatu zuen oinordeko, aurki alargunduko zen emaztea, eta Plazençian lurpera zezaten eskatu zuen, «hemengo hilak lurperatu ohi dituzten lekuan». Horrez gain, hartzeko nahiz ordaintzeko zituen zorren zerrenda bat aipatu zuen, esanez zor haiek denak ez zituela gogoan, baina zerrenda utzia zuela Euskal Herrian.
Askoren arteko bat
Joan Xuarezek ekarri zuen testamentua Ternuatik Euskal Herrira, Hondarribiko alkatearen aurrean aurkezteko, dokumentua sinatu zuten gainerako zazpi lekukoekin batera. Horri esker bereganatu zituen alargunak senarra zenaren ondasunak. Dokumentua sinatu zutenetako batzuen izenak —Joan Xuarez eta Juan de Blancaflor, adibidez— beste hainbat artxibotako dokumentuetan agertzen dira, Barkham Huxleyk dioenez, eta testamentua egiazkoa dela pentsarazten duen datuetako bat da hori.
«Domingo de Luça Euskal Herritik Ternuara joan ziren arrantzale ugarietako bat gehiago izan zen», azaldu du Barkham Huxleyk, «baina historiaren kasualitateengatik bere testamentua gureganaino iritsi da, eta kostalde honetako arrantzaleek Ternuako arrantza lanetan izan zuten parte hartze handiaren lekukotasun bat ere bada dokumentu hori».
Kanadako Red Bay arrantzale herrixkan Euskal Herriko balea arrantzaleei buruz dagoen museoa da parte hartze horren beste lekukotasun garrantzitsu bat. Unescok aurki gizateriaren ondare izenda ditzakeen guneen artean dago egun. Datorren hilean jakinaraziko dute azken galbahea ere pasatu duen edo ez.
http://paperekoa.berria.info/plaza/2013-05-15/030/001/Arrantzalearen_testamentua.htm








