Begira!! Arrasateko historiari

Zuztarrak errotuz taldeak erakusketa jarri du ikusgai kulturaten urtarrilaren 6ra arte

Zuztarrak Errotuz taldeko kideak, astearte arratsaldean erakusketaren aurkezpenean.

 

“LEZETXEKI edo Labekoko arbasoak ahaztu gabe, Arrasate Leintz ibarreko nafar hiri bildu zenetik egungo herria izaterainoko bilakaera azaltzen saiatu gara”, azaldu zuten Zuztarrak Errotuz taldeko kideek astearte arratsaldean zabaldu zen erakusketaren inaugurazioan.

Begira!! Arrasate. Iragana.Oraina. Geroa izenburupean, 27 paneletan murgil daitezke ikusleak. Bertan, askotariko gaiak jorratzen dituzte: Nafarroa, gure estatua; gaztelarren hiri gutuna; 1448 herria sutan; harria; burdina; euskal foruak; matxinada karlistak, industriaren bilakaera; amets gorriak; 1936ko altxamendu faxista; Arrasateko esperientzia; kultura eta herri kirolzalea, besteak beste. Erakusketa urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahal izango da Kulturateko klaustroetan.

Lan hau “denbora luzez” landu dute Zuztarrak Errotuz taldekoek jendeaurrean ipini baino lehen. Helburuen artean, “herriaren historiako ikuspegi ezberdinei buruzko dibulgazioa egitea” aurki-tzen dela aipatu zuen Xabier Zubizarretak aurkezpen ekitaldian.

Zubizarretaren esanetan, erakusketa “ez dago osatua leku aldetik ezinezkoa” baita eta, aldi berean, herri baten historia “larburbiltzea zaila” delako. Dena den, “ahalik eta ikuspegi gehien jasotzen ahalegindu gara”, azpimarratu zuen.

“Euskal herritik begiratzen du”

Jakinmina sortu

Kulturateko klaustroetako ormak janzten dituen erakusketak “Arrasatetik eta Euskal Herritik” begiratzen du. Izan ere, “kontakizuna beti kanpotik egin baitigute, eta beraz, oso garrantzitsua da gure irakurketa egitea”. “Susmoa dugu pasarte batzuk ezkutatzen saiatu izan direla”, salatu zuen Zubizarretak.

“Historialari baino historia zale garenez, dakigunaz hausnartzea, jakinmina sortzea, eztabaida eragitea eta geurea hobeto ezagutzea dira ditugun xede nagusiak”, adierazi zuten Zuztarrak Errotuz taldeko kideek. Ildo horretan, bisitariek euren iritziak ere eman di-tzakete horretarako jarri duten panel batean.

Informazio ugari ematen denez, Zubizarretak honakoa esan zuen: “Herritarrei egun bakarrean baino, bizpahirutan etortzea gomendatuko nieke”. Asteartetik igandera bitartean irekiko ditu bere ateak, 17.30etik 20.30era, Udalaren laguntzarekin abian ipini duten erakusketak.

 

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2012/11/29/vecinos/debagoiena/begira-arrasateko-historiari?l=comentado&n=10&v=basica&t=general&m=1