Espainiako irrati telebistako kirol esatariak dira nazionalismo berbaontzikeriaren paradigma. Selekzioak gola sartu edo espainiar batek Vuelta irabazten badu “Espainiak” gola egin edo itzulia irabaziko du. Hala ere, esatarien benetako espainiartasuna Madrilek jokatzen duenean islatzen da.
Orain triste dago, baina, Ronaldok gola sartzen duenean “gol del Madrid” esango dute, inoiz ez, Portugalek egin du gola. Argi dute ekipoak duela meritua, entrenatzaileak, dirua jartzen duenak, espainiar markak. Argi dute estatuak, Espainiak alegia, ordezkatzen duen proiektu ekonomiko, politiko, ideologiko eta kulturalaren mesedetan ari direla.
Hortaz, zergatik ez da aplikatzen kirol-logika bera estatuaren gainerako ekinbideetan?, Donostiaren suntsiketan edota Gernikaren bonbardaketan adibidez? Donostiako sarraskia anglo-portugaldarrek egina izan eta Gernikan alemaniar hegazkinek bonbak jaurtiak izanda ere, nork atera zuen probetxua gizateriaren kontrako ekintza horietatik?
Hausnarketa ez da hutsala. Cadizko Konstituzioak espainiartzat jotzen zituen Donostia eta donostiarrak suntsitu, bortxatu eta erail zituzten Espainiako aliatuek. Estatuaren beraren baimenik gabe ari zirela uste duzue? Gernika, Durango, Eibar… Francok jakin gabe bonbardatu zituztela pentsatzen duzue?
Kostata, baina, Gernikan bezala Donostian ere, Espainiak eta Erromako Elizak aitortu beharko dute suntsiketa, miseria, bortxaketa eta inbasioa beste batzuek gauzatu arren, eragileak eurak izan zirela eta probetxua euren selekzioak jaso zuela.
Beñi Agirre. Euskara irakaslea
Nabarralde-k argitaratua







