Saioa larunbatean 20.00etan izango da kultur etxean
Alurr taldearen emanaldia herriko Kukuka eskolaren X. urteurrenaren ekimenetan kokatzen da

Lasarte-Oria. Datorren larunbatean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan Alurr dantza taldeak Izanak dirau, 1512 ikuskizuna aurkeztuko du. Ibarrako taldearen azkeneko lanaren estreinaldia izango da. Emanaldia 20.00etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko salgai daude Interneten (hiru euro) eta leihatilan (3,20 euro).
Aurten herriko Kukuka antzerki eta dantza taldeak bere hamargarren urteurrena betetzen du eta saio hau urtemugaren ospakizunen barruan kokatzen da, atzoko agerraldian antolatzaileek adierazi zutenez.
Alurr taldeko Eli Nosellasek jakitera eman zuenez, Sua (2008) eta Oinazez (2010) ikuskizunak aurkeztu ondoren, lan berri bat estreinatu nahi zuten. Horretan zebiltzala, Kukuka taldeko Joxe Mari Agirretxe beraiekin harremanetan jarri zen eta Euskal Herriko historian oinarritutako dantza saioa izan behar zuela proposatu zien. Aurten Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena betetzen denez, gaia aukeratzea ez zitzaien asko kostatu, gainera Nabarralde kultur elkartearen laguntza ere izan zuten.
Aiert Beobide dantzariak eta ikuskizun honen zuzendariak azaldu zuenez, lan honetan hamahiru eta hamabost urte bitarteko 30 neskek parte hartuko dute eta dan-tza tradizionalean oinarrituta historiaren pasarteak eta garai hartako bizimodua islatzen saiatuko dira.
Beste ekitaldiak Kukuka taldeko ordezkariek azaldu zutenez, urteurrenaren ospakizunak 2012an zehar luzatu nahi dituzte. Aurreratu zutenez, apirilaren 17an 19.30ean kultur etxeko aretoan Julia Marin aktoreak gazte eta helduentzako sormenaren inguruko antzerki klase ireki bat eskainiko du.
Bestalde, apirilaren 25ean Errenteriako Kukai dantza taldeak entsegu publiko bat burutuko du 19.00etan kultur etxean bertan.
Aurrera begira beste ekitaldi ba-tzuk aurreikusita daude, baina hauen iragarpena beranduago egingo dute.
Maiatzan antzerki eta dantza hamabostaldia antolatuko dutela esan zuten, urteurrenaren egun handia hilaren 26a izango delarik.
Kukuka antzerki taldeak duela hamar urte hasi zuen bere lana Landaberri ikastetxeko antzerki eskola muin hartuta. Bere xedea antzerkia, dantza eta euskara bultzatzea dira. Eta bere helburuak eta filosofia antzerkia eta dantzarekiko zaletasuna suspertzea eta heziketa soziala lortzea ikasleen formazioa pertsonala landuz dira. Izan ere, Lasarte-Oriako beste elkarteekin harremana eta elkarlana indartu nahi dute, udalerria nortasun finko bateko herri bizi batean bihur dadin.







