Urtarrilaren 9an, Andoni Esparza Leibar heraldistak, titulu honekin berarekin, artikulu interesgarri bat publikatu zuen egunkari honetan. Euskaldunok himno bat izateko hainbat saio egin eta ustel atera direla aitortu ondoren, komenigarri deritzola dio gai honi buruz eztabaida bat sortzea. Himno berrien lehiaketa proposatzen du eta himno hautagai guztiak Interneten jartzea, aurrerago bozketa baten bidez egokiena aukeratzeko. Nire iritzirako ekimen honek, gaur, ez luke batere arrakastarik izango, erabateko porrota baizik. Ikusiko da zenbatek proposatzen duen.
Andoni Euskal Herriak himnorik ez duela esatera mugatu da. Eta ez du himno-ausentzia horren arrazoiak aurkitzen saiatu nahi izan. Seguruenez gai politikoak gure historiaren hainbat egoera gogor eta tamalgarri harrotzera eramango zukeelako. Egia da himnorik ez daukagula, baina beste sinbolo eta elementu nazional asko ere falta zaizkigu. Edota, behintzat, ez daukagu adostasunik hauen erabilerarako.
Ez daukagu izenik. Zein da gure nazioaren izena? Euskal (H)erria, Eskual (H)erria, Euskadi, Euzkadi, Nafarroa, Nafarroa Osoa, Baskonia… Gaur badirudi Euskal Herria ari dela indarra benetan hartzen, baina ez da batere segurua berau nagusitzea puska batean behintzat. Badira izentzat Nafarroako Errepublika Subiranoa proposatzen dutenak ere.
Ez daukagu hizkuntza ofizialik. Euskara/euskera/eskuara/üskara ez da hizkuntza ofiziala. Euskadin koofiziala da baina erabat bigarren mailakoa tratamenduz; Nafarroan koofiziala, erdi ofiziala eta ez ofiziala; Iparraldean ez da existitzen.
Ez daukagu blasoirik. Zein da gure nazio honen blasoia? Nahiz eta sei izan, Zazpiak Bat izango da indartsuena, baina bada Irurak Bat ere, Azkoitiko Zalduntxoek zentzu kulturalean sortua gaurko Euskadirentzat. Zazpiak Bat blasoian, kuarteldua denez, non joan behar du kuartel bakoitzak? Ba al dago adostasunik herrialde bakoitzaren kuartelaren diseinuan eta dagokion tokian? Zer esan lauburuari buruz?
Ez daukagu banderarrik. Zein da Euskal Herriaren bandera? Hedatuena eta munduan zehar gehien identifikatzen gaituena ikurrina da. Batzuek Nafarroaren bandera nahi dute Euskal Herri osoarentzat, hondo gorria eta zentroan Nafarroaren armarria duena. Hor dago Santxo Azkarraren Arrano Beltza ere, sinboloen artean leku bila.
Ez daukagu euskal Unibertsitaterik. Hegoaldean dauden Unibertsitate espainolak dira, beren gestioak daude bakarrik transferituak.
Ez daukagu lurralde jakinik. Zeintzuk dira gure nazio-lurraldearen mugak? Non dago Iparraldeko muga? Gaurkoa? Galdetu askori. Non ekialdekoa? Nafarroa? Galdetu askori. Non hegoaldekoa eta non mendebaldekoa?
Ez daukagu armadarik. Askorentzat beharrik ere ez. Beste askorentzat euskal nazioaren benetako nortasuna defenditzeko guztiz beharrezkoa litzateke.
Ez daukagu judikatura nazional propiorik, euskaldun bezala gure eskubide alienaezinak defenditu behar lituzkeenik.
Ez daukagu subiraniarik. Askorentzat beharrik ere ez. Ongi daude Espainian eta Frantzian; Estatutuaren gestio hutsarekin konforme daude. Beste askok uste dute subiraniarik edo independentziarik gabe ez dagoela euskal nazioaren etorkizuna bermatzerik.
Eta honek guztiak galdera serio bat egitera garamatza: zergatik gertatu da gure historian zehar honelako desegituratze (edota ez egituratze) bortitza? Estatu moderno propio bat sortzeko kontzientziarik eta ahalmenik ez dugulako izan, edo behintzat gure Estatu bat sortzeko bezain kontzientzia sendorik. Ezta mendeetan izan ginen Estatu nafarraren iraupena bermatzeko ere. Garai modernoan ez dugu izan benetako burgesia abertzale eta euskaltzale bat, Kataluniak bai bezala, burgesia izan baita ekonomiaren (eta diruaren) kudeatzailea. Espainiaren merkatuarekin aski zuen gure burgesiak.
Hona hemen gure herriaren erradiografia xume-xume bat baina aldi berean nahikoa esanguratsua. Herri guztiz egituratu gabea gara nazionalki. Egoera honetan, inork uste izan dezake himno edo ereserki nazional kontsentsuatu bat sor dezakegula? Nik behintzat ezetz uste dut.
Himno nazionala konposizio epiko-musikal solemnea izan ohi da, ahal bada herri osoak (edo gehienak behintzat) berea bezala sentitzen duena langileen, abertzaleen, erlijioen, kirolen, ikasleen munduan. Sarri izaera nazionaleko gertaera bikainen batek eraginda sortzen dira himnoak, maiz aski irabazi den gerraren batek nahiz matxinada herritarren batek bideratua (Guerra dels Segadors, Katalanen Matxinada, 1640). Bada Orreagako guda ez beste gerra denak galdu egin ditugula dioenik; baita, halaber, gerra gehienak irabazi egin ditugula dioenik ere, espainiar eta frantses inperioak lekuko.
Panorama honekin, ezin da sortu ia euskaldun guztion sentimendua bereganatuko lukeen himno letrradun nazionalik.Espero dezagun egunen batean berez etorriko dela une loriatsu hori.