Iparraldeko kontuak

Hitzaldiren bat eman ondoren behin baino gehiagotan gelditu izan naiz sentipen gazi-gozoarekin. Hori gertatu berri zait Donapaleun emandakoarekin ere. Horregatik, han aletutako gai batzuk berriro birpentsatu nahi nituzke, ahozko jardunaren bat bateko isuria ez baita maizenik behar bezain zehatza izaten.

Ez nintzen elebitasunaren inguruko gaiez mintzatzera joan, baina elebitasunaren auziak hizpide sutsua sortu zuen gure artean. Autokritika txiki bat egin nahi nuke gai honen inguruan. Izan ere, gauzak modu gordin samarrean esateko joera dudanez, iparraldeko euskaltzale batzuen itxaropena soberan zapuztu nuela iruditzen zait. Zaputza dela eta, demagun Hegoaldeko abagunea duela hogeita hamar bat urte: niri norbaitek esan izan balit euskararen ofizialtasunak eta hezkuntza-sistemak ez zigula euskararen egoera soziala bere onera ekarriko, ez dakit zer esango nion. Baina, nolanahi ere, ez nion sinetsiko. Sinetsita bainengoen normalizazio soziolinguistikoaren bi oinarri horiek abian jarrita, euskararen herriak burua jasoko zuela.

Jakina, orain ez dut horrela pentsatzen. Baina, besteak beste, horrela pentsatzen duten euskaltzaleengana joan nintzen Donapaleura. Eta nik ñabardura eta xehetasun handirik gabe jaurtiki nien gaurko nire pentsaera: “Hizkuntza minorizatu bati gerta dakiokeen gauzarik makurrena herri-mintzaira hori eskola-hizkuntza huts bihurtzea da”. Hori nori errango, alajaina, eta euskara eskola-sisteman sartzeko ahalegin akigarrietan ari direnei erran nien. Arrazoizkoa da, hortaz, hango euskaltzale batzuen aldetik jaso nuen erantzunaren garraztasuna. Bego hor, beraz, nire autokritikatxoa.

Iparraldean, besteak beste, euskararen ofizialtasuna falta da. Hegoaldeko zati batean bederen badaukagu hala moduzko ofizialtasun bat. Hegoaldeko ofizialtasunaren emaitzak ebaluatzeko unean bageunde, ofizialtasun horren antzutasuna azpimarratu beharko nuke. Kontua zera da, nire ustez: lege-marko babesgarria baitezpadako baldintza dela hizkuntza minorizatu baten zoriak onera egingo badu; haatik, hori horrela erratea ere ez da aski. Zeren eta euskararen antzeko hizkuntza minorizatu baten atarramentua behatuta, honako hau ere gaineratu behar litzaioke erran berri dugunari: ofizialtasunaren eraginkortasunak eskakizun zorrotz bat dauka bere baitan, eta eskakizun hori bete ezean, biziki antzua da ofizialtasunaren eragina. Nire ustez, honetan datza antzutasunaren arrazoia: hizkuntz ofizialtasuna, ofizialtasun formala da batez ere -beraz, antzua- herri-mintzairen biziberritzeko politika gehienetan. Ez dauka eraginkortasunik berez eta besterik gabe. Eraginkortasunaren neurria ez datza legean bertan, legearen atzean dauden indar etnolinguistikoen ahalmenean baizik.

Elebitasunaren auzira itzulita, aitor dut, halako eraman ezin bat diodala elebitasunaren edo eleaniztasunaren aldeko apologiari. Eta, aitor dut, orobat, elebitasunaren gaia biziki nahasia eta ulergaitza egiten zaigula, batzuek elebitasun indibidualaz mintzo diren bitartean, besteok elebitasun sozialaren tranpa dugulako gogoan. Eta, horrenbestez, elebitasunaren korapiloa argitzea ez da aise lortzen ahal dugun gaia. Zeren eta, han erran genuen bezala, banakoaren elebitasunak onurak eta mesedeak besterik ez dakartza berarekin, baina elebitasun sozialaz edo kolektiboaz ari garenean zuhurtasun guztiak ere gutxi dira ideologia ofizialaren zepoan ez erortzeko. Norbaitek erraten badizu elebitasunak edo eleaniztasunak “salbatuko” dituela euskara bezalako hizkuntzak, burura datorkizun hitzik samurrena “xalotasuna” da.

“Eta zure proposamena zein da?” Gauzak arras makur direla erratea ez da gaitza, noski, gaitzagoa da irtenbideak hautematea.

Alde batetik, solasaldiko euskaltzale batek zioen moduan, geratzen zaigun baliabiderik eraginkorrena euskal hiztunaren euskaltzaletasuna edo militantzia izango genuke. Haatik, bide hau ere ez da biziki ahaltsua, eta merezi du xehetasun batzuk egitea. Hiztun-herri menderatuen ataka makurretik ezin omen da atera baldin eta delako hizkuntza komunitate horrek horretarako borondaterik erakusten ez badu. Hori diote bederen adituek. Eta ni bat nator iritzi horrekin. Baina, jakina, gauza bat da hiztun-herri baten borondatea eta beste gauza bat hiztun-banakoaren borondatea edo militantzia. Nik azkeneko honetan ez dut sobera sinesten, ezintasunaren erakusgarri delako; alabaina, borondate hori komunitate-gogoa balitz, orduan gauzak besterik lirateke. Beraz, euskararen etorkizuna ez dago euskaldunaren esku, hiztun hori bakarka hautemanda.

Gauden amildegitik ateratzeko proposamenak direla eta, erran dezadan, hitzaldi-solasaldi hartan erran ez nuen beste gauza bat. Iruditzen zait gauza bat bederen gero eta argiago dagoela gure herrian: “Abertzale izatea ez da aski”. Are gehiago, konbentzituta nago abertzaletasunaren aldeko jarrera eta ideologia elebitasunaren kontzeptua bezain iruzurtia dela. Iruzurkeria dario euskalduntasuna autonomismoaren eta erabakimenaren parean jartzen ez duen abertzaletasunari; iruzurkeria dario euskalduntasuna independentziaren eta sozialismoaren maila berean jartzen ez duen abertzaletasunari. Iruzurkeria dario, orobat, nazio-identitateaz espainola edo frantsesa den herritarrari euskara ikasi behar duela erraten dion abertzaletasunari, bien bitartean abertzaletasunaren mundua -gehiengoa omen gara Euskadin- ia erabat espainola delako bere praxi soziolinguistikoan.

Joxe Manuel Odriozola. Euskara irakaslea