HAINBAT SEKTORETAKO HOGEI PENTSALARIK BAINO GEHIAGOK PARTE HARTU DUTE IRUDI NAGUSI BEZALA JOSÉ LUIS ZUMETAREN LAN BAT DUEN ATARI HONETAN
Pandemiak euskal gizartean eragiten ari den efektuei buruzko kezkatik abiatuta, Euskal Herriko pentsalari talde batek plataforma bat jarri du abian bere gogoetak hainbat ikuspuntutatik argitaratzeko, Pandemia eta gu izenarekin, “gu-tik, euskal gizartetik” hausnarketa-leku bat eskaintzeko helburuarekin. Maiatzaren 18tik aurrera (astelehena), bisitatu ahal izango da webgunea www.pandemiaetagu.eus helbidean.
Ramón Zallo, Maite Ubiria, Pedro Ibarra, Laura Mintegi, José Allende, Luis Mª Martínez Garate, Juanjo Alvarez edo Iñaki Dorronsoro dira proiektua parte hartzen dutenetako batzuk. Besteak beste, “unibertsitateko jendea, artistak, kazetariak, soziologoak, filosofoak, erakundeetako ordezkari kualifikaturen bat, epaileren bat…”, azaldu dute Francisco Letamendiak eta Angel Rekaldek, proiektuaren sustatzaileetako bik. Guztira, hainbat sektoretako hogei bat pertsona eta helburu komun bat: “Gure herriarekiko interesean kokatu diren pertsonen ikuspegi eta lanbide askotatik behatzea egoera berri eta ustekabekoa”, proiektuaren beste kideetako bat den Iñaki Uriarte arkitektoak azaldu duen moduan.
“Ekarpen hori soziabilitateari dagokionez egiten da”, azaldu du Letamendiak, “osasun-baliabideak, ikuspegi ekonomikoa, instituzionala, existentziala, kritikoa, itxaropena, artea; hausnarketa, egunero aldatzen den agertoki batean, iraganari, orainari eta pandemia horren ondorengo etorkizun desiragarriari buruz”. Guztia lagunen arteko elkarrizketa batetik abiatu zen, eta inguruan ikusten zuten “kezkak eta minak larrituta”, Euskal Herrian gertatzen ari ziren elkartasun-ekimenei “ekarpen propioa ere egin behar zitzaiela”nondorioztatu zuten. “Guk gure luma genuen soilik horretarako”, argitu du Letamendiak, “egin genezakeen gauza bakarra zen, beraz, jendeari gure gogoetak, zalantzak, egoera guztiz berri bati buruz ditugun ezagutza mugatuak helarazteko erabiltzea, hondamendi horrek zer mundu-mota eragin duen ulertzen saiatzeko, eta hemendik sortuko den mundu mota zer nolakoa izatea nahi dugun hausnartzeko”.
Krisiari guretik so
Pandemiaetagu.eus atariak euskal ikuspegi propioa nabarmentzea helburu duen plataforma bat izan nahi du. “Hasieratik, Euskal Herritik sortutako krisiaren azterketa plural bat egitea zen gure premisa nagusia, hemendik eta hemengoentzat”, dio Uriartek. “Euskalduna nortasuna krisi honen lainopean lausotzen ari da, modu arriskutsuan, estatuko mekanismo izugarrien botartez eta oso azalekoa izaten ari den telebista publikoak hauspotuta, modu arin eta kutsagarrian, autokritika gaitasunik gabe eta zentzu oso espainolistan. Bat gatoz ideia honekin: euskal ikuspegia ulertzen saiatze hutsarekin, giza generoaren ikuspegi orokorra hobetzen lagun dezakegu, gure txoko txikitik”.
“Bestalde”, erantsi du Rekaldek: “gizarte heldua gara, kultura eta nortasun nabariak dituena. Munduko gauzek eragiten digute, eta, aldi berean, horiei aurre egiteko geure modua dugu. Gure interesak, gatazkak, gure ekarpenak… ditugu, eta uste dugu interesgarria dela, horrekin guztiaz gogoeta egitea ez ezik, jendaurrean egitea ere, gure gizarteak gogoeta horietan parte har dezan, eta beste batzuek aintzat har gaitzaten”.
Etorkizunari begira, plataformaren sustatzaileek azpimarratzen dute euskal gizarteak “erakunde-izaerako, osasun-izaerako, izaera ekonomikoko… erronkei aurre egin beharko diela. “Beraz, hausnarketa sakona egin daiteke euskaldunok XXI. mendean nola gauden eta nola jarduten dugun jakiteko”.
Zumeta, proiektuarekin bat
Apirilaren 22an hil zen José Luis Zumeta pintoreak ere parte hartu nahi izan zuen Pandemiaetagu.eus-en, eta bere artea proiektuaren irudi gisa aurkeztu zuen, seguruenik bere azken lantzat hartu daitekeena. “Hunkigarria izan da guretzat José Luis Zumeta margolariaren laguntza; izan ere, berak gogo biziz hartu zuen ideia, irudi grafiko bat eskaini zigun, eta proposamena bidali ondoren, hil egin zen”, gogoratu du Rekaldek. “Harrigarria da nola eutsi zion hain berezkoa zuen argitasunari, adierazpen-energiari, gizarte-sentsibilitateari… azken hatsa arte”.