Noaingo guduaren 500. urteurrena tartean, Nabarralde Fundazioak hainbat egileren artikuluak biltzen dituen liburua argitaratu berri du. Besteak beste Joseba Asiron, Eneko del Castillo, Iñaki Sagredo, Elur Ulibarrena eta Arantzazu Amezaga historialariek Nafarroako historiako une garrantzitsuenetako bat izan zenaren inguruan hausnartu dute beste hainbeste egileren lanak biltzen dituen saiakera liburuan, Nabarraldeko kideek azaldu moduan. Liburua dagoeneko eskuragarri dago fundazioaren webgunean eta laster iritsiko da ohiko liburu-dendetara.
Angel Rekalde fundazioko zuzendariak azaldu moduan, “1521ean, Albako dukearen 1512ko inbasioaren ondorengo gerraren testuinguruan. Konkistaren ondoren, Nafarroak independentzia berreskuratzeko ahaleginak egin zituen; garrantzitsuenen artean kokatzen da 1521ekoa, Espainiako tropak Nafarroatik erretiratu eta Gaztelako erkidegoen matxinada komunari aurre egiteko aprobetxatu zuena”.
Argitaratzaileen aburuz, Noaingo guduak Nafarroarentzat izan zuen garrantziagatik gogoratu behar da, ez hainbeste gudua beragatik. “Nafarrek lurralde osoa berreskuratu zuten, Donibane Garazitik Pirinioetara sartu zen armada baten laguntzarekin, Iruñea, Kaseda, Zangotza eta beste herri batzuk altxatu zirenean. Hilabete batean Nafarroako lurralde bakar bat izan zen berriro, independentea; baina, matxinada itota, Espainiako tropak itzuli egin ziren, garaitutako milaka gaztelarren indartzearekin. Bi armaden arteko talka Noaingo zelaietan gertatu zen; Nafarroako indarren porrotarekin, porrot egin zuen ere Nafarroako Estatuak. Bere subirontasuna eta armada inbaditzaile bati aurre egiteko gaitasuna galdu zituen. Gero etorriko ziren Amaiur, Hondarribia, Nafarroa Behereko askapena… Baina Noainen galdu egin zen Nafarroako Estatuko armada. Azken borroka handia izan zen”.
EGILEAK
Argitaratzen dugun liburu honetan hainbat egilek parte hartu dute. Joseba Asironek historiari errepaso labur bat egin dio, batez ere gaur egun gogoratzen ez ditugun gure historiako pertsonaiak: Catalina de Foix, Pedro de Navarra, Jaime Velaz de Medrano…
Eneko del Castillok garai hartako erresumaren mapa egin du: pentsa dezagun gero lurraldea Nafarroa Beherearen eta Altaren artean banatu zela; eta ez zen bere osotasunean itzuli. Gertakari hartako tropen mugimenduak ere marraztu ditu bertan.
Iñaki Sagredok batailaren alderdi bat kontatzen du liburuan: Leringo kondeak azpijokoz nafarrei eraso egiteko egin zuen traizioa. Lurraldea ezagutzen zuenez, 500 soldaduko tropa bat eraman zuen Erreniega mendilerrotik, Noainen zeuden indarrei atzeko aldetik erasotu eta hiriburuarekiko pasabidea ixteko helburuarekin.
Fernando Sánchez Aranazek gerraren eta traizioen kontakizunei buruz idatzi digu. Gerora ospetsu egin zen protagonista bati buruz ere hitz egin digu: Loiolako Inaziori buruz. Hark, Iruñeko okupatzaileen jarrera defendatu zuen eta altxamenduan larriki zauritua izan zen. Une hartan hasiko litzateke bere bizitza mistiko eta erlijiosoa.
Peio Monteanok, irabazleek idatzitako historiaz hausnartzeaz gainera, Asparrot edo Lzaine jeneralari egindako epaiketa gogorra du ardatz bere artikuluan.
Elur Ulibarrenak, bere aitak (Joxe Ulibarrena eskultorea eta artista) Noaingo borrokalariei eskaini zien monumentuaren esanahia azaltzen digu, eta oraingo nafarren arteko gatazka haren esanahia transmititzeko beharra.
Patxi Zabaletak gerraz hitz egin digu, Noainen balio sinbolikoaz, Nafarroako erresistentziaren paradigma gisa, eta Ulibarrenaren monumentuaren esanahiaz.
Jose Luis Orellak datu historikoak ditu mintzagai argitalpenean: erreinua berreskuratzeko saiakerak, Cisneros kardinalaren operazioak, Amaiur eta Hondarribiko beste batailak…
Mikel Soraurenek garai hartako errealitate historikoaz hitz egiten du bere lanean, Europaren eta munduaren ondorengo ibilbidea markatuko duten inperioak azaleratzen eta sendotzen ari diren testuinguru batean. Nafarroa, Espainia eta Frantziaren artean harrapatuta, zapaldutako lehen nazioa izango dela dio historialari iruindarrak.
Aranzazu Amezagak literatura-ikuspegitik berregin du orduko bataila hartan gertatutakoa, protagonista batzuek egiten duten kontakizun baten bidez.
Beñi Agirrek Noainen oroimena berreskuratzeari buruzko azken urteetako lana du mintzagai liburuan. Azken urteetan, urteko ibilaldien eta beste ekitaldi batzuen bidez, isiltasunaren, ahanzturaren eta ezjakintasunaren urteak gailentzea helburu dela dio egileak.
Xabier Irujo Nafarroako erresumaren milurteko luzearen inguruan mintzatu da bere artikuluan. Euskal Herriko, Euskadiko eta Nafarroako biztanleen defentsa, bizitzarako eta erresistentziarako elkargunea izan da. Vaskoniaren jatorritik Orregako batailetara, inguruko erreinuen erasoetatik edota zatiketa urte desberdinetatik (1200, 1512, 1620) eta Frantziako iraultzarekin eta Karlistaldien porrotetara iritsi arte.
Álvaro Adotek Enrike II-a Zangozarra erregearen figura aurkeztu digu, erresuma Katalina eta Juan de Albret gurasoengandik jaso zuena eta Lesparreren espedizioaren antolatzailea izan zena, baita Nafarroaren independentzia berreskuratzeko borroka egin zuena.
Koldo Viñualesek, azkenik, oroimen kolektiboa berreskuratzeko gaur egun egiten ari diren ahaleginei buruz hitz egiten digu. Noain, Nafarrpa izan zenaren eta gertatu zenaren adibide ona da.