Gerrarako sortu zen Gipuzkoa

{youtube}onC84UbjP7c{/youtube}

Gipuzkoaren jatorria DVDaren aurkezpena eta hitzaldia eskainiko du gaur Nabarraldek Zumaian, Foronda kultur etxean, 19:00etan. Gipuzkoaren jatorriari buruz orain arte zabaldu den tesiaren kontrako ikuspegia aurkeztuko du. Orain arte esan izan da, Gipuzkoa, Biz­kaia eta Araba bere borondatez sartu zirela Gaztelan. DVDan, berriz, 1200. urtean kon­kistatua izan zela, eta nahiko froga badela hori esateko defendatuko dute historialari eta adituek: Jose Luis Orella, Iñaki Sagredo, Idoia Arrieta, Beñi Agirre… Bideoaren ekoizpenak Zumaiaren laguntza jaso du.

Nabarraldeko zuzendari Angel Rekaldek (Tolosa, 1957) prestatu du dokumentalaren gidoia. Joan den urtean Gipuzkoako Hitza-k egindako elkarrizketako pasarte batzuk berreskuratu ditugu:

Probintzietan oinarritutako egungo banaketa tradizio luzekoa dela ematen du,baina hala da?

Gipuzkoak, Arabak, Bizkaiak… esaten da itundu zutela Gaztelako koroarekin. Mito hutsa. Faltsutua dago. Hori guztia berrikusteko eta zalantzan jartzeko atera dugu benetako historia. Hor daude datu batzuk: Gipuzkoaren izena, koronimoa, toponimoa baino askoz berriagoa da. Hor daude Albiztur, Aia, Getaria, Elkano… izen zahar-zaharrak. Euskaldunak hor zeuden, baina Gipuzkoa askoz geroago asmatu zen.

Hortaz, ulertu behar da Gaztelaren inbasioaren emaitza dela Gipuzkoa?

Justu horixe. Hori da ondorio gisa ateratzen dena. Berez, badago jatorrizko izen bat, Ipuzkoa, ez hain zaharra. 1025ean agertzen da Ipuzkoako jauntxo bat, Nafarroako teniente zena. Agertzen da bere testamentuan, hainbat lur nola banatzen dituen. Hor agertzen da bere jabegoa; eta bere jabegoa ez zen gaur egungo Gipuzkoa, gauza askoz ere txikiago bat baizik.

Zer lur hartzen zituen, bada?

DVD honetan azaltzen dugu, mapa batean. Gaur egungo Gipuzkoaren zati bat zen, zuztarra: ez zen Donostia, Hernani, Oiartzun-Bidaso aldea, ezta Deba ibarra ere. Oria eta Urola tarteko hori zen; eta kostatik Aralarreraino.

Hiru eremu,hiru euskalkirekin lotuta agertzen direnak…

Hori da beste datu bat. Hiru hagin daude gaurko Gipuzkoako armarrian, eta horiek adierazten dute hiru lurralde zirela jatorriz: bat nafarreraz, bestea gipuzkeraz eta bestea bizkaieraz mintzo zirenak. Horrek esan nahi du izan dutela bizitza eta prozesu propioa gizarte gisa: erdiko ardatz hori, Ipuzkoa zena, batetik; bestea, Donostia eta Hondarribia hiri nagusien inguruan; eta bestea, Aizorrotz tenentzia, Arrasate inguruan -jendeak esango du, «hori Bizkaiarekin lotuta». Ez, ez: Arabarekin lotuta. Koldo Zuazok ikerketa oso polita dauka; hor esaten du erdigunea Gasteiz zela, eta Aizorrotzek lotura zuzena zeukan Gasteizekin-.

Mitoak eta elezaharrak aipatu dituzue aurkezpenean; Gipuzkoaren jatorria lanbro artean dago?

Bai, hala da. Gipuzkoa sekula ez da independentea izan. Hori guztia mitoa da. Independente izan da Nafarroako Estatuan, baina ez Gipuzkoa gisa. Gaztelako koroarekin ituna egin zela ere gezurra da. Konkistatua izan zenean, Gipuzkoa ez zen existitzen, ez zegoen junta bat, ez zegoen diputazio bat, ezta jauntxo bat ere, negoziatzeko edo ituntzeko; ez zegoen ezer. Gipuzkoa sortu zen konkistatu eta bi mende geroago, Gaztelak bultzatuta; bultzatuta, neurri handi batean, Nafarroaren kontrako gerran. Nafarroa etsaia zen, eta egurra emateko, muga egiten zuten lurraldeak erabili zituen Gaztelak, Gipuzkoa batez ere. Hori izan da Gipuzkoaren jatorria.

Orduan,gerrarako sortu zen Gipuzkoa?

Bai, bai.

Foruak ere ordukoak izango dira…

Hasieratik esan dut itunik ez zela izan. Hori ñabartu egin behar da. Azkeneko karlistaldietan bezala, gerra galtzean, zer egiten duzu? «Ea zer salbatzen dugun…». Orduan bai egiten dira nolabaiteko itunak. Hortik datoz foruak. Gaztelari hemengo jendea integratzea interesatzen zitzaion. Orduan, joko bat egin zuen: alde batetik presio handia egiten du, baina, bestetik, jendea integratzeko, hiribilduak bultzatzen ditu, eta armahoriei ematen dizkie foruak. Denborarekin, hiriei emandako foru horiek foru orokor bihurtu ziren, lurralde guztiarentzat. Hortik nolabaiteko itun bat dator, baina oso eztabaidagarria dena. Eta porrotaren ondoren. Foruak zentzu kontraesankor horretan interpretatu behar dira.