Soilik finantza krisia?

Ipar Dakotako estatuak biztanleria gutxi dauka (700.000 biztanle baino gutxiago), klima hotza, espazioz banaturiko nekazari askotxo. Hala ere, hona hemen zenbait datu interesgarri: 2000. urtetik estatuaren Barne Produktu Gordina %56 handitu da, errenta pertsonalak %43 eta alokairuak %34. Aurten estatuak 1,2 x 109 dolarreko aurrekontu-superabita dauka (ikus Ellen Brown-en Turning the tables on Wall Street: North Dakota shows cash-starved states how they can create their own credit:http://www.webofdebt.com/articles/state_bank_option2.php).

Zer ote dauka Ipar Dakotako estatuak beste estatuek ez daukatena? Badirudi erantzuna haren bankua dela. (AEBetako 50 estatuetatik 46 solbentziarik gabekoak dira.)

Ipar Dakotako legearen arabera, estatuak bere funts guztiak bankuan gorde behar ditu, eta estatuak bere gordailuak bermatzen ditu. Bankuaren eginkizuna nekazaritza, merkataritza eta industria bultzatzen dituzten zentzuzko finantza zerbitzuak luzatzea da. Hots, kredituen kalitatean dago giltza. Bankuak bankuen banku gisa funtzionatzen du, banku pribatuekin ondokoa konpartituz: nekazariei, higiezin errealeko garatzaileei, eskolei eta industria ertain eta txikiei maileguak ematea.

Baina, nola konpontzen du solbentziaren arazoa? Ez al dago estatua mugatuta soilik berak daukan dirua gastatzeko? Erantzuna ezetza da.

Bankuek kreditua sor dezakete beren kontu-liburuetan kontabilitate-sarrerak erabiliz. Alde horretatik, esan daiteke bankuek dirua airetik sor dezaketela, idazti baten bidez. Baina diru-sormen guztia zor baten forma da. Ez da existitzen zor gabekorik den dirua. (Bankuek zorrak saltzen dituzte, ekonomialari askok ez duena ulertzen. Kontua hauxe da: dirua = kreditua= zorra.)

Beste aldetik, jadanik ezaguna dugu nola kreditu asko (gehiegi) deribatiben jolas espekulatzaileetarako erabili izan den. Hauxe da, hain zuzen ere, Ipar Dakotako bankuak baztertu duena, espekulaziotik, zabor-kredituetatik alde egiteko. Alegia, kredituak luzatzerakoan, kredituen kalitateari begiratu zaio, ez beste ezeri.

Eta hortxe datza, hain zuzen ere, errakuntza handi bat. Batzuek uste dute (Ellen Brownek berak) kreditu publikoek, berez, arazoa konponduko luketela. Are gehiago, ekonomialari batzuen iritziz, arazoa konponduta legoke baldin eta banku guztiak nazionalizatuko balira. Baina publikotasun horrek ez dakar inolako bermerik. Ezta bankuen nazionalizazioak ere.

Kasurako, Nobel sariduna den Paul Krugman-ek (http://www.nytimes.com/2009/02/23/opinion/23krugman.html) uste du Wall Street-eko banku erraldoien nazionalizaioa eta berreraketa irtenbide aplikagarri eta gauzagarria dela. (Orwell-en double talk edo hizkera bikoitz horretaz zertxobait idatzi dugu BERRIAn.)

Aspalditik jakin dugu ezen aipatzen den nazionalizazioak inplikatzen duela bankuak krisian sartu dituztenei beraiei aparteko diru-laguntza ematea izan dela. Bien bitartean, langileek eta industriak aktibo-prezioen inflazioarekin batera (alegia, jadanik existitzen diren aktiboen prezioen puztea), deflazioaren ondorioak jasotzen dituzte.

Nolabaiteko irtenbidea Michael Hudson-ek eman du, Euskal Herrian egon denean. (Sarrikon aparteko hitzaldian eta Donostiako Irakasle Fakultatean LABeko jendearekin izandako hitzaldian eta galdera sortei erantzunetan: ikus http://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/michael-hudson-euskal-herrian. Zorionak LAB eta Ipar Hegoa fundazioa, zorionak eta mila esker!)

Hudsonek behin eta berriz aipatu duenez, krisia ez da soilik finantza-krisia, krisia politikoa ere bada. Demokrazia osoa dago krisian, oligarkia berezi baten aurrean gaude. Hortaz, erantzuna politikoa izan behar du.

Izan ere, alde batetik krisia ez da ohiko ziklo ekonomikoei dagokiena, eta ez da konponduko beste ziklo berri baten bidez. Krisia ez dagokie ohiko ziklo ekonomikoei: krisia finantza-krisia da, kapitalismo industriala bereganatu duen finantza-kapitalismo berriari dagokion finantza-krisia. Beste aldetik, krisia erabat politikoa da, lan-indarraren kontra, Europa osoan (baita Errusian eta Baltikoko estatuetan ere) hedaturiko guda politikoari dagokiona.

Hortaz, erabat laburbilduta, hona hemen zenbait eginkizun: (a) Banku zentralak parlamentuen kontrol menpe edukitzea. (b) Benetako merkatu libreak martxan jartzea: bazka librea ez ahalbidetzea; horretarako estatuaren, alegia, gobernuaren eginkizuna premiazko bilakatzea. (c) Finantza-, aseguru- eta higiezin errealeko sektoreak extraktiboak direnez, ekonomiaren gaineko kanpoko zamak direnez, horiek guztiak gogor zergapetzea. (d) Azkenean, zerga-sistemaren kontrola edukitzea. Jabegoen zergak altxatzea. Higiezin erreala zergapetzea, baita banku-espekulazioa ere. Horretarako, Altxor Publikoko eginkizunak premiazko, funtsezko eta apartekoa izan behar du. (e) Ez zergapetzea lan-indarra eta industria. (d) Hipoteketan oinarritzen diren oraingo bankuen ordez, banku industrialak eratzea, Europan (batez ere Alemanian eta Erteuropan) I. Mundu Gerra baino lehenago eratu ziren antzekoak. (f) Pentsio-funtsak des-finantzatzea. (Orain, aurrezten den dirua burtsara doa prezioak altxarazteko.)

Gure aldetik, hauxe gehituko genioke: Ipar Dakotan egondako bankugintzaren esperientzia oso interesgarria da estatu txikietan aplikatu ahal izateko. Ikas dezagun esperientzia horretatik eta ahalegin gaitezen biharko gure Euskal Herriko estatu independentean horrelako esperientziak martxan jartzen.