Gainean dugu Euskararen Nazioarteko Eguna, urteko egun seinalatua, eta Frantzisko (edo Frantses) Xabier nafar santua, euskalduna, zendu zen eguna. Ospakizun egun hau arte, hilabetetan luzatu da udan eta udazkenean erakusketa bat: “Romanz. En lengoage de Navarra”, Nafarroako Artxibo Nagusian. Bertan, ez da dudarik dokumentalistek eta ikertzaileek dokumentazio lan handia egin dutela. Hautatu dituzten pasarteak eta azalpenak dotorezia handiz jarri dituzte gure eskueran. Galdezka jartzen gaitu, ordea, erakusketaren goiburu biribil horren atzean zer dagoen.
Erakusketaren prentsa oharra aski argigarria izan da helarazi nahi izan zaigun ikuspegiaz: “La exposición pone de relieve la importancia del romance navarro, una lengua hablada en Navarra durante la Edad Media”, “el uso del navarro se hizo habitual en todos los ámbitos de la sociedad” eta “En un escenario multilingüe, compartido con el vasco [y otras lenguas] en parte del territorio”. Azken hori da Nafarroako euskarari egiten zaion erreferentzia bakarra, hutsaren hurrengoa. Online prentsa oharrak (navarra.es) badu euskal bertsio zinez urri bat, bertan suertatu bazara berehala erdarara bideratzen zaituena, informazio osoa eskuratu dezazun. Erakusketaren espirituaz lehen zantzu bat ematen digu.
Benetan erromantzea ote zen Nafarroaren hizkuntza eta egoera soziolinguistikoa? Nafar orubean eta haren inguruan, bertako biztanleen euskarari buruzko aipamenak zaharragoak dira erromantzearenak baino. VIII. mendearen hondarrean, Bortuetan (Pirinioetan), lehen aldiz aipatzen da gure hizkuntza euskaldunek deitzen zioten bezala, non eta musulman baten izenean: Marzuq ibn-Uskara, Pallarsetik hurbil, egungo Kataluniaren mugan. Al-Ḥimyarī arabiar idazleak aipatzen zuenez, Iruñeko herritarrak «pobreak, gosetiak, lapurrak dira», eta gehienek euskaraz (bašqiyya) hitz egiten zuten, ulertezin egiten zitzaiena (arabiarrei).

1162an, Antso Jakitunak Iruñeko Erresumari “Nafarroako Erresuma” izendatu zuen ofizialki, kantzilerrari mandatua emanez horixe idatz zezan. Hamarkada gutxi batzuk geroago, Elizaren agiri batean Antso Azkarrari rex Navarrorum deitzen zaio. Alegia, nafar erkidegoak eratzen zuen Erresumaren oinarria eta zilegitasunaren iturria, navarri direlakoak. Beren lingua navarrorum zuten, orduantxe aipatua (1167), erakusketa honetan behin ere aipatzen ez den datua. Hizkuntza hori ez zen gizarte klase edo zati jakin baten hizkuntza, ohiko hizkuntza baizik (vulgo), ia guztiena. Alegia, Europa ipar-mendebaldean herri hizkuntzetan gertatzen zenaren antzera, haiei Dutch eta Deutsch deituz (‘herriarena’), hizkuntza markatuari kontrajarria: latina edo erromantzea.
Erdi Aro betean, Codex calixtinus eskuizkribua garai bertsukoa da (1160 ingurukoa), Donejakue bidea sustatzeko sortua, beharbada Santiago Compostelan. Agiri horretan, idazleak gure herrialdea zeharkatzen du, eta bertako ezaugarri eta arriskuak esplikatzen. Agerikoa du euskaldunekiko etsaigoa, aipatu egiten ditu, eta Elizaren orduko kontzilioek bezala, gordinki gaitzesten, eta iraintzen. Aipatu bidaia liburuak bitan sailkatzen ditu euskaldunak: Bortuz (Pirinioez) iparraldekoak eta hegoaldekoak, baskoak eta nafarrak, lehenek begitarte zurbila, bigarrenek ilunagoa, biek ere hizkuntza amorragarri bat: euskara. Beren orube edo lurraldea (Navarrorum tellus) Burgosen atariraino heltzen zen, 1054 arte Nafarroaren muga zen horretaraino. Alegia, bizpahiru mende lehenago kronika karolingioek azaltzen zutenaren antzera (“Ebro ibaia, nafarren artean sortzen dena”).

Beraz, badakigu zein zen Erdi Aro horretan nafarrek zerabilten hizkuntza. Jose Maria Lakarra historialari nafarrak euskarari (eta euskaldunei) buruz gogoratzen digu (Vasconia medieval. Historia y filologia, 1957), Erdi Aroko Baskonian agirien bidez ez zenukeela jakingo ia euskara ere badenik, ez bada izenengatik eta euskal antzeko esamoldeengatik. Izan ere, ikertzaile nafarrak kezka azaltzen zuen elite euskaldunak beste hizkuntza bat baliatzen zuela, berea ez zena, batzuetan hitz egin ere egiten ez zuena. «Si el vascuence no hubiera llegado hasta nosotros como lengua viva, ¿qué pruebas tendríamos de que existió en la antigüedad romana, por ejemplo, o en la Edad Media? Pues muy pocas», horixe aditu nafarraren hitzak. Erakusketako panel eta testuetan ere, zinez gutxitan aipatzen da euskara.
Aldiz, Erdi Aro horretan, gutxik hitz egiten zuten idatzizko hizkuntza. Judu asko ere hizkuntzazko nafarrak ziren, Erresuman bezala beste euskal lurraldeetan. Hor gelditu zaizkigu zenbat lekukotza: Abraham Zuri eta Açah Çuri, Domingo Ossava, Mosse Mocha (Erriberrin, 1260), Salomon Ederra (Iruñean, 1334). Alegia, herritarren gehiengoa ahozko ohituraren arabera eta herri hizkuntzan bizi zen, eta guztiz arrotza zitzaion elitearen idatzizko errealitate hori: latina, erromantzea. Horren ondorioetako bat, berriz, gure herriaren eta hizkuntzaren inbisibilizazioa izan da.
Ordutik, nafartasunaren eta euskaltasunaren arteko identifikazio horrek hainbat desafio pasa zituen historian: 1199-1200. urteko Nafarroako inbasioa, Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak agindua (eta Euskal Herriaren zatiketa handia), eta Nafarroako konkista (1512-1529). Gerra gertaerekin batera, ideologikoki euskaldunek eta euskarak barbarizazio prozesua jasan zuten. Dena den, nafartasunaren jatorrizko zentzuaren aztarna Aragoiko Koroan gorde zen, Xabier Zabaltza historialariak aipatu bezala: ahozko herri hizkeran, euskaldunei navarro deitzen jarraitu zitzaien XIX. mendearen hasiera arte, mendebaldean ez bezala (vascongado).
Kontrako aldean, Nafarroako Artxibo Nagusiak nafarren hizkuntza ikusezin egiten duen paradigma historiografikoa berretsi du, ezikusia eginez azalpenetan diglosiari eta gure historiaren bihurgune epistemikoei. Amarru erretoriko batez, eleaniztasuna aipatzen da (“escenario multilingüe”), eta euskararen transbertsalitatea ezkutatzen. Esan dezagun, ordea, argitasunez: Erdi Aroan, Romanz ez da, hurretik ere, Erresumaren (gehiengo handiaren) hizkuntza, euskara baizik.
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Ikertzailea/dibulgatzailea








