Sanferminak, beren irudiaren jabe?

Kanbodiara iristean, Angkor Wat tenpluaren presentzia orobatekoak ustekabean harrapatzen du bidaiaria. Edonora begiratzen duelarik, han aurkituko du tenplu hinduaren irudia: bandera nazionalean, garagardo baten izen eta logoan, posta txartel eta kamisetetan, jatetxeetan, hoteletan, garbitokietan eta janaria saltzen duten postutxoetan. Leku guztietan dago. Angkor Wat Kanbodiako sinbolo nazionala da zalantzarik gabe; eta zer esanik ez Angkor tenplu gune ondoan dagoen Siem Reap hirikoa. Sobera ezaguna den gidaliburu batek dioen bezala: «Siem Reapen dena da Angkor Wat». Historia iluna eta odoltsua arrastaka daraman Kanbodiak bere burua islatzeko ispilua bihurtu du Angkor Wat tenpluaren handitasuna, mende hauetako zailtasunak albo batera utzi eta behinola Asia hego-ekialdeko inperio indartsuena izan zela gogoratzen dion isla.

Soa gure ingurura bilduz, San Fermin garagardoa ezagutarazi zuten orain dela egun gutxi Iruñean. Izenaren aukeraketa horrek Angkor Wat ekarri zidan gogora. Iruñean dena San Fermin ez den arren (oraingoz behintzat), nabaria da jai hauek hiria nazioartean zabaltzeko irudia bihurtu direla. City-branding-a delakoa hain modan dagoen honetan, Bilbok Guggenheim museoa, Donostiak Kultur Hiriburua eta Gasteizek Green Capital aukeratu dute beraien irudia saltzeko bereizgarri gisa. Iruñeak ordea ez du irudi edo logo bat sortu beharra izan; apaizen faktoria zena udako bakanal bihurtu da.

Ez naiz hasiko Sanferminak Iruñeko adierazgarri nagusia diren eztabaidatzen (gogora dezagun, dena den, 2.000 urteko hiria dela, erresuma independente bateko hiriburua izan zela, baskoien sorburua), baina kezkagarria da Sanferminetaz eskaintzen den irudi partzial eta mugatua. Humberto Astibiak esan zuen bezala, testuingururik gabeko elementu isolatuak mantentzea ondarearen ikuspegi erredukzionista baten ondorioa da. Sanferminak gizarte nafarraren adierazpen bizia dira, bere usadioetatik eta jaia ulertzeko eratik sortuak. Horregatik jai erreibindikatzaileak, herrikoiak eta parte hartzaileak izan dira beti.

Eta hori da, hain zuzen, kanpora transmititzen ez den irudia. Hedabideek eta nafar agintariek ahalegin nabaria egin dute jaien alderdi hau ezabatzeko, eta izaera ofizialak izaera herrikoia zapaldu du. Adibideak, zoritxarrez, ugariak dira: abeslari edo talde euskaldunen marjinalizazioa (Media Luna parkera edo bigarren mailako txoko batera baztertuak), Gora Iruñearen programa herrikoi eta alternatiboari ezarritako traba (eta isun) etengabeak, Riau Riaua bertan behera uztea, Ikurrina txupinazoan ateratzeko debekua, billabesaren entzierroaren aurkako indarkeria poliziala… eta abar eta abar. Horren ordez, Iruñea zezenen hiria bihurtu dute, Espainiako jai nazionala, eta gazte atzerritarrentzako Dionisoren paradisua lurrean. Edo, are okerragoa, eraso matxistak onartzen dituen legerik gabeko hiria, iazko irudi eta polemikak aintzat hartuta bederen.

Nago ez dakigula berezko dugun hori bereizten eta baloratzen. Lagun kazetari batek aipatzen zidan iruindar askok ez dutela ezagutzen Sanferminak zer diren. Izan ere, oso ongi landu baita jaiaz, eta hartara, hiriaz ematen den irudia.

Irudiaren indarra ukaezina da. Gaur egun, irudiaren bitartez hedatzen dira botere eta kontrol mekanismoak. Telebistak eta Internetek mediatizatutako gizarteak gure bizia ordenatzen duten irudi horiek sortu eta zabaltzeko agertoki paregabea eskaintzen du. Eta irudietan oinarrituz sortzen dugu gure eguneroko errealitatea. Baina hori arriskutsua izan daiteke irudi eta informazio horren kontrola elite batzuen eskuetan dagoenean. Izan ere, Irudiak errealitatea sinplifikatzen du, eta errealitatearen aspektu zehatz batzuk soilik erakusten dira. Hartzaile pasiboak irudi hori jaso eta ezer kuestionatu gabe egiazkotzat jotzen du, horrela irudi berri bat sortuz. Askotan zail da irudiaren errealitatea eta errealitatearen irudia bereizten.

Urtero bezala, uztailaren 6an Sanferminetako irudi zuri-gorriek gure telebista pantailara egingo dute jauzi, eta eskaintza informatiboan gainezka egingo dute. Jakitun beharko genuke gure hiriaren zein irudi zabalduko den mundura. Baina, batez ere, ez dezagun irudi hori egiazkotzat jo.

Berria