Iñaki Petxarroman
Beste portu batera
Espainiako Ingurumen Ministerioak kargu hartu dio berriro ere Pasaiako Portu Agintaritzari. Kanpoko portuak bueltarik gabeko kaltea eragingo luke babestu beharreko naturgune batean. Ekonomikoki ere, ez du heldulekurik proiektuak. Ministerioak Ingurumen Azterketaren Erreferentziazko Agirian esandakoak berretsi ditu, baina zorroztasun handiagoz. Eta beste portu batera abiatzeko ohartarazi dio portu agintaritzari. Berandu baino lehen. Ministerioak dioena bat dator Greenpeacek eta Jaizkibel Bizirik-ek diotenarekin. Baina Ingurumen Ministerioa ez da erakunde ekologista bat, baizik eta azken erabakia hartuko duen erakundea: kanpoko portua egin daitekeen edo ez erabakiko duena.
Horregatik, ulertzen zailak dira Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta portu agintaritzako lehendakariak atzo egindako adierazpenak: ezer ez dela aldatu eta kanpoko portuaren proiektua inoiz baino indartsuago dagoela. Ingurumen arrazoia benetan erabakigarria bada —hori zalantzan jar daiteke—, hobe dute beste portu batera abiatzea.
Garikoitz Goikoetxea
«Ingurumen trabak» gainditzea derrigorra dela dio Hernandok
Pasaiako kanpoko kaiaren harira Espainiako Ingurumen Ministerioak egindako txostena aintzat hartuko dutela esan du presidenteak
Proiektuaren alde erakundeek sinatu zuten akordioa goraipatu du agintaritzako buruak
Ingurumen baimen guztiak eskuratzea ezinbesteko dutela onartu du Pasaiako Portu Agintaritzako presidente Lucio Hernandok. Horiek lortu ezik ezingo dutela eraiki kanpoko portua. «Bistan da: hemen ez dago iruzurrik, eta, ingurumen aldetikako oztopoak ez baditugu gainditzen, ezingo da ezer ere egin». Proiektuari jarritako alegazioak aintzat hartuko dituztela iragarri du, eta horiek betez egingo dutela txosten bat.
Ez da gutxiagorako izan Espainiako Gobernuak agintaritzari belarritik egin dion tiradizoa. Ingurumen Ministerioak alegazioak jarri dizkio kanpoko portuaren proiektuari, eta auzitan jarri du. Ingurumenari kalte «ezin itzulizkoak» egingo lizkioke, eta ekonomiaren aldetik «jasanezina» litzateke. Bi esaldirekin jarri du ezbaian proiektua ministerioak. Eta haren hitzak badu balioa. Oraindik ez da horretarako garaia heldu, baina, paper guztiak amaitzen dituztenean, Espainiako Ingurumen Ministerioak izango du azken hitza: hark emango dio ameto eraikuntzari, edo botako ditu atzera egitasmo guztiak.
Alegazioan adierazi dietena kontuan izango dutela esanda erantzun du portuaren arduradunak. Karguan bi aste ere egiterako harrapatu du albistearen zurrunbiloak. Txostenaren berri atzo eman zuen El País kazetak, baina, jakin, lehenagotik bazekien txostenaren berri Pasaiako Portu Agintaritzak. Madrilek abenduan aurkeztu zituen alegazioak. Ez hark bakarrik: Eusko Jaurlaritzak eta talde ekologistek ere ikusi dizkiote eragozpenak Jaizkibel mendiaren magalean egin asmo duten proiektuari.
Egunkari berberak zabaldu du Jaurlaritzak ere egin duela egitasmoaren kontra. Kanpoko portua inguru «giltzarri» batean dagoela azaldu du, eta, eraikitzekotan, zuritu behar dela hori: osasunari edo segurtasunari lotutako arrazoiak soilik onar daitezke.
Alegazio guztiak hartu, eta ingurumen eraginei buruzko beste txosten bat egin beharko du orain Pasaiako Portu Agintaritzak. Hernandok jakinarazi du urte bukaerarako amaituko dutela hori.
Erakundeen adostasunean
Puntu deigarria badu Ingurumen Ministerioaren alegazioak. Alegazioan dio proiektua ekonomikoki «jasanezina» dela eta ingurumenari kalte «ezin itzulizkoak» ekarriko lizkiokeela. Espainiako Gobernuak berak, ordea, orain hiru aste, akordio bat sinatu zuen kanpoko kaia egiteko. «Ezin itzulizko» protokoloa egin zuten, orduan esan zutenez. Argazkian ageri ziren Espainiako Sustapen Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa eta Pasaiako Portu Agintaritza.
Erakunde horien arteko adostasuna hartu du ahotan Hernandok, proiektuaren alde egiteko. Nabarmendu du elkarlanean jardutea erabaki zutela erakundeek, portu berriaren mesedetan.
Adierazpenen tonua aldatuta, atzo arratsean ohar bat kaleratu zuen Pasaiako Portu Agintaritzak. Hernandori berari egotzita hitzak, argitu zuen «beste alegazio bat soilik» dela ministerioarena, eta oharra egin zuen: «Erabatekoa izan behar du Pasaiaren biziberritzeak, edo bestela ez da izango». Hala ere, berriro goraipatu zuen erakundeen arteko ituna.
Akordio horri heldu dio baita ere Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Haren esanetan, osasuntsu dago egitasmoa, «inoiz baino indartsuago». Hilabete hasieran sinatutako ituna jarri du erakusgarri. «Erakundeek zedarritutako estrategiak baditu indarra eta fidagarritasuna». Alegazioak gorabehera, proiektua bururaino eramango dutela ziur da Olano: «Beharrezko ingurumen eskari guztiak gaindituko ditu proiektuak. Kanpoko portua erabat da bateragarria ingurumen baldintzak betetzearekin».
Geratzeko eskariak
Ingurumen Ministerioaren txosten aurkakoak hauspo eman die kanpoko kaiaren aurka daudenei. Alegazioak aurkeztuak ditu, adibidez, Greenpeacek. Txostenen ondorioa argia da, Pilar Marcos eledunaren arabera: «Bistan geratu da hirigintza espekulazioa dagoela oinarrian». Agiriei heldu die Aralarrek ere. Rebeka Uberak esan du txostenak erabat jarri duela auzitan portua: «Ageri diren hitzak nahiko argiak dira eraikuntza atzera bota dezaten».
Kontua aukeratzea dela diote: «Ingurumenaren alde egin, edo portuaren alde», esan du Uberak. Hala uste du Greenpeacek ere: «Jaizkibel inguruko gune babestua suntsitzeko saioa utzi behar dute». LAB sindikatuak gaineratu du «bideragaitza» izan dela beti proiektua, eta hori berretsi duela Espainiako Gobernuak. Areago, gastatu beharreko dirutzan jarri du begia sindikatuak. 750 milioi eurokoa da aurrekontua. «Gure etorkizuna hipotekatuko luke». Hamaikabatek eskatu du betetzeko ingurumen baldintzak, hartara portua eraiki ahal izateko.
Aralarrek galdera egingo dio Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Babestutako ingurua dela nabarmendu baitu ministerioak, alderdiak galdetuko dio ba al duen asmorik neurriak hartzeko. Jaurlaritzaren eskumeneko dira horrelako inguruak.
Iñaki Petxarroman
Ingurumen memoriaren zain
Iaz Pasaiako Portuak egin zuen Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenaren ostean, azken erabakia falta da: Ingurumen Memoriaren Txostena.
Hiru geltoki nagusi ditu Pasaiako kanpoko portuaren proiektuak ingurumen trabak gaindituko dituen edo ez jakiteko. Lehen geltokia Ingurumen Azterketaren Erreferentziazko Agiria da, eta 2009ko urrian ezagutarazi zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak (MARM).
Hartan, kanpoko portua ez ezik beste aukerak ere kontuan hartzeko eskatu zion Ingurumen Ministerioak Pasaiako Portu Agintaritzari, kanpoko portuaren proiektuak «ingurumen eragin larria» lukeelako Jaizkibelgo itsaslabarrean.
Ingurumen Azterketaren Erreferentziazko Agiria eskuan hartuta, hurrengo urratsa egitea portu agintaritzari zegokion. Hala, Ingurumen Iraunkortasunerako Txostena egin zuen iaz. Txosten hartan, portu agintaritzak aitortu zuen kanpoko kaia egiteak «eragin kritiko eta bueltarik gabe» batzuk eragingo lituzkeela Jaizkibelen, baina neurri zuzentzaileak hartuta eragin orokorra «larria» litzatekeela.
Hain zuzen ere, Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari jarritako 1.012 alegazioetako bat da MARMek egindakoa. Garrantzi handia du, ordea. Izan ere, ministerio horri dagokio azken hitza ematea. Alegia, ingurumen arrazoia aztertuta kanpoko portua egin ahal izango den edo ez erabakitzea.
Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari jarritako alegazioak aztertuta egingo dute Ingurumen Ministerioak eta portu agintaritzak Ingurumen Memoriaren Txostena. Hori da azken tramitea. Txosten horretan erabakiko du Ingurumen Ministerioak portua egin daitekeen edo ez.
Iñaki Petxarroman
Ingurumen Ministerioa: «Bueltarik gabeko kaltea dakar»
Ekonomiaren ikuspegitik ere portu berria ez da bideragarria, Espainiako Ingurumen Ministerioaren arabera
Pasaiako kanpoko portuak «bueltarik gabeko kaltea» egingo luke Jaizkibel eta Uliako naturgune babestuetan. Gainera, ekonomiaren ikuspegitik proiektua ez da bideragarria.
Espainiako Ingurumen Ministerioak (MARM) Pasaiako Portu Agintaritzak egindako Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari jarritako alegazioaren edukiek ez dute zalantzarako zirrikiturik uzten.
Joan den urteko abenduaren 17an Miguel Buen portu agintaritzako lehendakari ohiak jakinarazi zuen 1.012 alegazio jarri zizkiotela Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari. Ez zuen esan, ordea, Ingurumen Ministerioak jarri zuela haietako bat, kontrakoa zela, eta zorroztasun handikoa, gainera. Hala baloratu zituen Buenek jarritako alegazioak: «Aurkako alegazioen zati handi bat aldez aurretik zehaztutako jarrera politikoen ondorioz jarritakoak dira».
Atzo El País egunkariak eman zuen Ingurumen Ministerioak jarritako alegazioaren berri, eta Lucio Hernando portuko lehendakari berriak baieztatu zuen.
MARMek gogorarazi du Jaizkibel eta Ulia Europako interes komunitarioko tokiak (LIC) direla eta, beraz, babestu behar direla. Badia barruan portu agintaritzak pentsatu duen hirigintza operazioari ere kritika gogorra egin dio MARMek. «Lur horiek ezin dira ondasun gisa hartu eta hirigintza prozesu batean erabili».
Horren haritik, kanpoko portua alboratu eta bigarren alternatibaren aldeko hautua egiten du Ingurumen Ministerioak. Aukera horren arabera, egungo portua mantenduko litzateke eta Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa erantsiko litzaioke. Horrekin batera, Herrerako lurrak lehengoratuko lirateke. «Aukera horrekin itsaslabarrak berdin jarraituko luke, badiaren lehengoratzean modu positiboan eragingo luke, eta aukera emango luke portuaren jarduera garatzeak lekarkeen trafiko kopuruari eusteko». Izan ere, Ingurumen Ministerioaren arabera, portu agintaritzak aipatzen duen trafikoaren hazkundeak ez du justifikatzen kanpoko portua egitea. Urtean bi milioi tona salgai gehiago mugitzeko kanpoko portua egitea eta 765 milioi euro xahutzea harriduraz hartu du MARMek.
Portua egiteak ingurumenaren balio nagusiei eragingo lieke, Ingurumen Ministerioaren alegazioaren arabera: paisaia, itsas bioaniztasuna, itsas dinamika eta prozesuak, itsas hondoko sedimentuak, landaredia eta fauna, besteak beste. Hala, inguru hori bereziki hauskorrak diren itsasguneetan dagoela oroitarazi du.
MARMek ere aintzat hartu du portu berrian zentral termiko bat hartzeko aukera: «Ezin dira egin portu erabilerarako ez diren betelanak».
Madrid y Lakua marcan distancias respecto al puerto exterior de Pasaia
Un informe realizado por el Ministerio de Medio Ambiente considera que el proyecto de puerto exterior de Pasaia es económicamente «insostenible» y causa daños «irreversibles». El nuevo responsable de la Autoridad Portuaria, nombrado por Lakua, no lo considera «un varapalo», pero admite que el proyecto no se puede mantener en sus términos actuales. La Diputación, del PNV, persevera: para Markel Olano, la salud del plan «es más fuerte que nunca».








